Ana Aguirresarobe Alarde Tradizionaleko Ama Shantaleneko konpainiako kantinera izan zen 2019. urtean. Kantinera izan osteko lehen sanmartzialak gogo handiz espero zituen Anak, baina, aurtengo alardea bertan behera gelditu dela jakin ostean, datorren urteko festak oraindik bereziagoak izango direla uste du.
Nola imajinatzen zenituen 2020. urteko San Martzialak?
Ilusio eta emozio handiz espero nituen aurtengo jaiak. Izan ere, joan den urtean alarde tradizionaleko kantinera izan nintzen, baina, aurten oraindik kantinera berriei lore-sortak oparitu eta bestelako une bereziak bizitzea gelditzen zitzaigun.
Aurten kantinera izan ez arren, momentu berezi horiek lehen pertsonan bizitzeko gogoak zenituen?
Bai, nahiz eta momentu berezi horiek nolakoak izango diren imajinatzea ezinezkoa den. Nire ustez gauzak datozen bezala bizitzea da egokiena, aurreikuspenik gabe, ahal bezain beste disfrutatzeko. Kantinera izan ostean, hurrengo urtean zure leku berean egongo den neska ezagutzea oso berezia izan behar du, momentuko ilusioa partekatu eta lore-sorta oparitu ahal izateko.
Nola erreakzionatu zenuen aurten alarderik egongo ez dela jakin zenuenean?
Pena handia ematen du alardea egingo ez dela jakiteak, izan ere, oso gertaera ezohikoa da alarderik gabeko urte bat bizitzea. Hala ere, bizi dugun egoera ikusita, argi dago osasunak lehentasuna duela eta aurten alarderik egon ez arren, datorren urtean gogo bikoitzekin biziko dugu.
Beraz, erabakia ezagutu aurretik, alarderik egongo ez zela imajinatzen zenuen?
Bai, aurretik jeneralarekin hitz egin nuenean aurtengo alardeaz galdetzen nionean ezjakintasunez begiratzen zidan, nahiz eta guztiok aurtengo alardea egitea ezinezkoa izango zela jakin. Ama Shantalen konpainiako kantinera berria aukeratu behar zuten egunean barneratu nuen aurten alarderik egongo ez zelaren albistea eta tristura handia sentitu nuen.
Ekaineko hilabetearen hasierarekin, joan den urteko oroitzapen asko datorkizu burura?
Bai, asko gainera. Ekaineko hilabetea entsegu eta bestelako prestaketez betetako hilabetea da eta joan den urteko egun berean egindako gauzak etortzen zaizkizu burura. Kantinera trajearen probak, botak probatzea eta beste mila gauza.
Zein izan zen joan den urtean bizitako momentu bereziena?
Ekainaren 30ean, adibidez, etxe azpian Alborada jo zidaten eta sekulako sorpresa izan zen. Alardea hasi aurretik aitaren omenez egindako deskarga ere oso berezia izan zen. Alardean zehar bereziak diren une asko daude, Arrankada nola ez, baina, San Juan plazan sartu eta udaletxeko balkoian Isa lehengusua, nire izeba Coro eta ama ikustea oso berezia izan zen.
Bereziki hunkitu edo espero ez zenuen unerik bizi zenuen joan den urtean?
Mundu guztiak kale nagusiaren jaitsieraz hitz egiten du, baina, igoera oso berezia da ere. Nire konpainia justu Kale Nagusiaren hasieran gelditu zen eta izugarria da bertatik jendearen oihuak entzutea. Kale Nagusiaren jaitsiera izugarria da, baina, igoera ere paregabea da.
Egoera ezohiko honen erdian, nola imajinatzen dituzu aurtengo festak?
Jaiak ospatzeko zerbait antolatuko dugula uste dut. Familiakoei abisatu diet ekainaren 30ean etxean Alborada eta Diana ipintzeko asmoa dudala. Ondoren, urtero bezala bazkaltzeko elkartuko garela uste dut.
Kantinera izan zinenetik urte bat igaro den arren, hainbeste denbora igaro dela sentitzen duzu?
Bizipen guztiak atzo gertatu zirela iruditzen zait . Argazkiak edo bideoak ikusten ditudanean edo jendearekin gaiaren inguruan hitz egiten dudanean, denbora asko igaro arren, duela gutxi gertatutako zerbait dela dirudi.
Alarderik gabeko urte baten ostean, hurrengo urteko jaiak ilusio handiagoz espero dituzu?
Zalantzarik gabe, datorren urteko sanmartzialak bereziak izango dira, nahiz eta jaiez gozatzeko gogo izugarriak urteroko berdinak izango diren.
Zein mezu bidaliko zenieke aurten kantinera gisa aurkezteko ideia zuten neskei?
Puntu eta bereiz bat izan beharrean, egoera hau puntu eta jarrai bat dela esango nieke. Aurten etenaldia izango den arren, kantinera gisa urte bat gehiago aurkeztea gomendatuko nieke. Aurretik urte askotan aurkeztu arren eta amore eman ordez, datorren urtean gogo gehiagorekin aurkeztea aholkatu nahiko nieke. Izan ere, ez dakizu zein izan daitekeen zure urtea, beraz, itxaropena bizirik mantentzea oso garrantzitsua da.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.