Koldo Ortega, Sagardoaren Kultura Bidasoan liburuaren egilea: «Bidasoak lotura oso estua izan du betidanik sagardoaren kulturarekin»

Edari bat baino askoz gehiago izan da sagardoa, Bidasoko ibaiertzetako komunitateen memoriaren, kulturaren eta bizimoduen funtsezko zutabea izan baita. Koldo Ortegaren zuzendaritzapean argitaratutako “Sagardoaren Kultura Bidasoan” lan kolaboratiboak jakin-min historiko batetik abiatuta osatu du ondare partekatu hori berreskuratzen duen ahots eta testigantza bilduma. Elkarrizketa honetan, ikertzaileak proiektua nola jaio eta garatu den azaldu digu.

Nola bururatu zitzaizun gai hau ikertzea?

Hondarribian bizi naizenetik, gauza batek nire atentzioa deitu izan du beti eta nondik zetorren ezagutzeko jakin-min handia izan dut beti: ea zergatik zuen Hondarribiko parrokiak “Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren Parrokia” izena. Oso berezia iruditzen zitzaidan. Madrilen teologia ikasi ondoren itzuli nintzen, eta beraz, gai horrek arreta handia eman zidan. Banekien Sagarrondoko izena duen beste eliza bat badagoela, Burgosen, Castrojerizen, baina oso gutxi dira izen hori dutenak. Ama Birjinaren izen ezberdinak dituzten elizak munduan gutxienez 3.000 direla badakit, baina Sagarrondokoak oso gutxi. Kuriositateak ukituta, gaia ikertzen hasi nintzen. Sagarrondo hitzak sagarrera garamatza, baita sagastietara eta horiek Bidasoa eskualdearekin izan duten loturara.

Egun sagardoaren inguruko kultura Hernani edo Astigarraga inguruan sustraituagoa dagoela diruen arren, Bidasoak ere sagarrarekin lotura estua duela esango zenuke?

Sagardo mundua, batez ere Gipuzkoan, oso berezia izan da betidanik. Pentsa ezazu duela 1.000 urte “Ipuskoa” izena agertzen den lehendabiziko dokumentu horretan 5 aldiz agertzen dela aipatuta “manzaneto” hitza, sagastiak, alegia. Beraz, argi eta garbi daukagu duela 1.000 urte gutxienez hemen jada bazirela sagastiak, sagarrak eta baita sagardoa ere. Gainera, kontuan izan behar da Gipuzkoa Euskal Herriaren erdian dagoela hain justu, Euskal Herriaren bihotza delarik eta inguruan dauzkan anai-arreba guztiak euskaldunak direla. Bidasoa ibaia, Nafarroan jaiotzen den arren, Txingudiko badia deituriko lekuan itsasoratzen da. Beraz, sagardoa baserritarren eta arrantzaleen edaria zen. Historian zehar eskualdeko baserri askotan egin izan da. Gaur egun sagardoak zein prezio duen pentsatu behar dugu, kasu batzuetan ur botilak sagardo botilak baino garestiagoak direlako. Horrek guztiak ulertzen laguntzen digu zer suposatu duen sagardoak Euskal Herrian eta, batez ere, ingurune honetan.

Beraz, urteen poderioz sagardoak eskualdean izan duen presentzian bilakaera bat izan dela esango zenuke?

Pertsonak gara gure bizitzan zehar eraldatzen garenak, eta beraz, sagardoarekin gauza bera gertatzen da. Bilakaera izugarria izan da, gutxienez datatuta dagoelako 1.000 urteko bilakaera. Baserritarrek sagardoa egiteaz eta edateaz gain, arrantzaleen kasuan ere, itsasora eramaten zuten kopuru handitan. Itsasontzietan kupeletan sartuta eramaten zuten Ternuara. Ikertua dago eskorbutoari aurre egiteko lagungarria zela. Liburu honetan ikerlariek lan handia egin dute sagardoaren eta itsasoaren arteko lotura azaltzeko.

“Pertsonak gara gure bizitzan zehar eraldatzen garenak, eta beraz, sagardoarekin gauza bera gertatzen da”

Izan ere, sagardoak, lurrarekin duen loturaz gain, itsasoarekin ere badu harreman estua.

Sagardoaren bilakaeran kontuan izan behar dugu, esate baterako, XI. mendetik aurrera eta ia XVII. mendera arte, Hondarribiko parajeetan, txakolinarekin batera, sendo biziraun zuela. Gero, bigarren fase bat izan zen XVII. mendean artoa iritsi zenean. Baserritarrak lurrean landatutakoa aldatzen joan ziren, diru gehiago ematen zuenaren arabera. Beraz, artoaren iritsiera krisi momentu bat izan zen sagardoarentzat. Espainiako estatuak Ternuara arrantza egitera joateko eskubidea galdu zuen eta horrek era eragin zuen sagardoaren eskariaren beherakada. Gero ardoa ere etorri zen, sagardoa sagarraren odola den bezala, ardoa mahatsaren odola dugu. Ardoa ere oso preziatua izan da hemen beti eta sagardoa itsasoarekiko lotura galtzen joan zen esandako guztiaren ondorioz. Urte luzez joan zen sagardoaren etekina poliki-poliki jaisten, baina XX. mendearen hasieran sagardoa egiteari ekin zitzaion berriro. Errepublikaren garaian, Irunen bertan, sagardotegi asko zeuden, hiriaren erdialdean eta baserrietan, auzo guztietan zeuden upeldegiak. Gauzak horrela, gai hori ere auzoz auzo ikertu dugu liburuan.

Emakumeak ere oso presente egon dira sagardoaren munduan, ezta?

Sagardoari buruzko ikerketa hasi nuenean, Hondarribia aldizkarian hasi nintzen artikuluak argitaratzen, duela 15 urte, eta beti emakumeen gaia oso presente izan dut. Adibidez, esan beharrik ez dago sagardoak euskararekin, bertsolariekin, baserritarrekin eta arrantzaleekin duen lotura. Baina beti izan dut kezka eta galdera hori buruan: zein izan da emakumeen papera? Kapitulu oso bat eskaini diogu liburuan emakumeen gaiari, ikertzaileen lan handiari esker. Izan ere, liburu honetan, nik idazle baino gehiago, koordinatzaile lana egin dut eta adituengana jo dut gai ezberdinak lantzeko. Lan horri esker jakin dugu 1612an Lapurdin emakumeek sagar zukua kontsumitzen zutela. Bestetik, Ana Galdos ikerlariak idatzitako testuak deskribatzen du nola duela 500 urte emakumeak arduratzen ziren sagarrak bildu, sagardoa ekoiztu eta banaketa egiteaz. Javier Sagarzazu margolariak ere bikain islatu zuen emakumeen sagardoarekiko lotura. Behin eta berriz agertzen dira historian zehar emakumeak sagardo munduarekin loturik.

Behin egindako lan guztia argitaratuta, nola zabalduko duzue liburua?

Liburua ofizialki Hondarribiko areto nagusian jaio zen, irailaren 25ean; bertan bataiatu genuela esan dezakegu. Ondoren, irailaren 27an Ola sagardotegian egindako Sagar Egunean ere aurkeztu genuen, uzta bilketaren inguruan egindako jaian. Bertara etorri zirenek liburua sagardoarekin eta sagar zukuarekin batera dastatzeko egokiera izan zuten. Liburuan datu historiko asko agertzen dira, adibidez, eskualdean sagardoarekin lotura izan duten baserrien zerrenda luzea. Bat aipatzekotan, Irunen oso garrantzitsuak izan ziren Beraungo tolarea, mihuraren aurkako borroka edo Meakako Aginaga baserrian oraindik badaukaten tolarea. Aranburu baserriari buruzko ikerketa sakona egin da, Oihana Recalderen Sagarrek proiektua aurkitu dugulako bertan. Hori adibide garbi bat da ikusteko sagardoa nola egiten zen, oraindik ere egiten dela eta ziur nago etorkizunean ere egingo dela.

“Behin eta berriz agertzen dira historian zehar emakumeak sagardo munduarekin loturik”

Etorkizunean ikertu nahiko zenukeen beste gairik baduzu buruan jada?

Ez naiz geldirik geratuko. Horrela ibili naiz Hondarribira bizitzera etorri nintzenetik. Irunen Pio Baroja institutuan ere egin nuen lan. Esan beharra dut Irunen eta Hondarribian aurkitu ditudan artxiboek ikerketa egiteko erraztasun handiak eman dizkidatela. Hondarribiak, hiri bezala, asko eman dit: familia, lagunak, mendia, itsasoa. Orduan, nire aldetik ere zerbait itzultzeko beharrean ikusten nintzen. Hori eskertzeko nik egin dezakedana ikertzea da, oraindik ezkutuan dauden dokumentuak eta altxorrak azaleratzea.  Beraz, aukeratzen ditudan gaietan modu sakonean murgiltzen naiz. Liburu bat sortzen duzunean, zure seme-alaba bezala hartzen duzu eta jada familia ugaria izan dudala esan dezaket. Orain arte Hondarribiko baserriak ikertu ditut beste ikerlari batzuekin batera, Hondarribiko kanpandorrea, klub nautikoa, futbolarena, … Horietako gauza asko, egiten joan naizen heinean, Hondarribiko aldizkarian argitaratzen joan naiz, pixkanaka nire ekarpena egiteko, bizitzak eman dizkidan aukerak baliatuz.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude