Balazta elkarteak hamar urte bete ditu Bidasoan bizikletaren erabilera sustatzen

Bidasoko bizikletaren aldeko Balazta elkarteak hamar urteko ibilbidea bete du eskualdean mugikortasun jasangarria eta herritarren bizi-kalitatea bultzatzen. Duela hamarkada bat lagun talde batek 10 eta 12 urte bitarteko seme-alabek bizikletaz ibiltzeko zituzten arrisku eta zailtasunen inguruan izandako kezkari esker sortu zen egitasmoa, eta gaur egun ia 200 bazkide dituen elkarte sendoa bilakatu da Irunen eta Hondarribian.

Urteurrenaren harira plazaratutako balorazioan, elkarteak nabarmendu du bizikletaren erabilera tokiko agenda politikoetan txertatzea lortu dutela, baina kritiko agertu dira erakundeen konpromisoa askotan «paperetatik benetako ekintzetara» nekez igarotzen delako. Salatu dutenez, oraindik ere auto pribatua lehenesten duten politikek jarraitzen dute indarrean, eta bidegorri zein aparkaleku seguruen azpiegiturak apenas handitu diren.

Balaztaren esanetan, bizikleta aisialdirako edo kirolerako tresna hutsa izatetik eguneroko joan-etorrietarako garraiobide nagusi izatera igaro behar da; izan ere, ebidentzia zientifikoek erakusten dute bost kilometrotik beherako ibilbideetan —eskualdean ohikoenak direnetan— bizikleta azkarragoa, osasungarriagoa eta ekonomikoagoa dela. Horretarako, «politika ausartak» eskatu dizkiete agintariei, hirietako espazio publikoa berreskuratzeko eta autoarekiko mendekotasuna murrizteko. Aldaketa horiek hasieran errezeloak sor ditzaketen arren epe luzera herritarrek positiboki baloratzen dituztela gogorarazi dute, Irungo San Juan eta Juan Vollmer plazen eraldaketak edo Hondarribiko Portua oinezkoentzat jartzea adibidetzat hartuta. Halaber, hamar urteotan erakundeekin elkarrizketa eta presio lana egin dute udal-planei alegazioak aurkeztuz, Foru Aldundiko bizikleta-mahaietan parte hartuz eta Batzar Nagusietan bi agerraldi eginez.

Proiektu egonkortuak
Aldarrikapenaz harago, elkarteak gizarte-kohesioan eta ekonomia zirkularrean oinarritutako bi proiektu nagusi finkatu ditu hamarkada honetan. Alde batetik, Nagusilan elkartearekin batera sortutako Nagusikleta ekimena (Cycling without Age nazioarteko proiektuaren barruan), zeinaren bidez Irungo eta Hondarribiko egoitzetako adinekoei eta mugikortasun urriko pertsonei astero triziklo-paseoak eskaintzen zaizkien. Bestetik, 2021az geroztik Irungo Udalak Larreaundi auzoan utzitako lokalean garatzen duten Bir-ziklatuz tailerra. Astean hiru egunetan zabaltzen den gune horretan, auto-konponketa ikastaroak emateaz gain, baztertutako ehunka bizikleta berreskuratu dituzte azken bost urteetan, ikastetxeei, beharra duten kolektiboei edo Valentzia eta Senegal bezalako tokietara bidaltzeko.

Ospkaizunetarako tartea
Hamargarren urteurren borobil hau ospatzeko, elkarteak «Balazta Eguna» antolatu du asteburu honetarako, azaroaren 21erako eta 22rako. Larunbatean, azaroak 21, elkartearen urteko asanblada egingo dute 12:30ean, eta jarraian, 14:00etan, bazkideen bazkaria ospatuko dute. Igandean, azaroak 22, berriz, pedalei eragiteko txanda izango da, goizeko 09:00etan abiatuko den bizikleta-txangoarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude