Emakumezkoen eta harrobiaren garaipenek arindu dute Zaisa Txingudiren porrota

Argazkia: Senior partiden irudiak (Egilea: Yaiza Rodriguez).

Txingudi Errugbi Klubak denetariko emaitzak bizi izan zituen asteburu honetan. Albisterik onena senior mailako emakumezkoen taldeak eman zuen Plaiaundin, Euskal Ligako bosgarren jardunaldian Uribealdeari 15-14 irabazita. Txanponaren beste aldean, Zaisa Txingudi gizonezkoen lehen taldeak ez du oraindik bere erritmoa aurkitu, eta Euskadiko Bigarren Mailako azken postuan kokatu da bi punturekin, jokatutako lau neurketak galdu ostean.

Biok Txingudiren neurketa parekatu eta gogorrean, etxekoak bikain zelairatu ziren eta aurrea hartu zuten Miren Fernandezen bi entseguri esker (16. eta 34. minutuetan), nahiz eta atsedenaldira iritsi aurretik bizkaitarrek aldea murriztu (10-7). Bigarren zatian, Uribealdeak estutu egin zuen eta markagailua iraultzea lortu zuen 68. minutuan (10-14). Hala ere, irundarrek ez zuten amore eman, eta 75. minutuan berriro agertu zen Miren Fernandez bere hirugarren entsegua sinatu eta garaipena etxean uzteko. Lau puntu horiei esker, Txingudik sailkapenean gora egin du eta zazpigarren dago 8 punturekin; hurrengo partida azaroaren 28an jokatuko du Logroñon, azken sailkatua den Riojaren aurka.

Zaisa Txingudiren kasuan, Iñigo Camarerok eta Marc Duffrèchek zuzendutako jokalariek hasiera bikaina eman zioten Iruñaren aurkako lehiari, eta 12. minuturako 12-0 aurreratu ziren André Ferreirak eta “Lutxo” Echevarriak lortutako entseguei eta Echevarriaren eraldaketari esker. Alabaina, 23. minututik aurrera nafarrek erreakzionatu egin zuten eta atsedenaldirako markagailua irauli zuten (12-19). Bigarren zatian bisitariek tartea handitu zuten arren (12-26), 60. minutuan Iruñak plakaje arriskutsu bategatik jasotako aldi baterako kanporaketa baliatu zuen Roman Solisek etxekoen hirugarren entsegua egiteko (17-26). Susperraldia ez zen nahikoa izan, eta azken txanpan bisitariek nagusitasun fisikoa ezarri zuten 17-45ekoa finkatzeko. Partidako albisterik mingarriena Aitor Asurmendiren lesioa izan zen, eta klubak babes osoa helarazi dio jokalariari; datorren asteburuan atseden hartu ostean, taldeak azaroaren 29an Zornotzan Urgozoren aurka bilatuko du denboraldiko lehen garaipena.

Harrobiari dagokionez, azkenik, asteburu borobila izan zen klubarentzat, bi taldeek garaipen argiak eskuratu baitzituzten Getxon eta Euskadiko lehen mailako txapelketak jokatzeko txartela ia ziurtatuta baitute. Alde batetik, Txingudi, Orereta, Baztan eta Tarazonako jokalariek osatutako 16 urtez azpiko taldeak 5-41 garaitu zuen Getxo B larunbatean, eta laugarren postuan kokatu da sailkapenean. Bestetik, Itsasmendi 18 urtez azpiko taldeak 0-34 irabazi zion Getxoko taldeari, B multzoko bigarren postua sendotuz. Harrobiko bi taldeek Uribealdea izango dute hurrengo aurkaria datorren azaroaren 28an.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude