
Txingudi Errugbi Taldearen eskolak 2026/27 denboraldi berria abiaraziko du aste honetan, Bidasoa eskualdeko haur zein gazteen artean errugbia sustatzea eta kirol honen balioak zabaltzea helburu hartuta. Klubak ateak ireki dizkie 14 urtetik beherako neska-mutil guztiei. 14 urtez azpiko taldeak irailaren 10ean egingo du lehen entrenamendua Plaiaundiko zelaian (17:30etik 19:00etara), eta irailaren amaieran ekingo dio Gipuzkoako txapelketari zazpiko errugbiko jardunaldi batekin.
Bestalde, 10 eta 12 urtez azpiko taldeek Hondarribiko Amute kirol-gunean izango dute lehen topaketa larunbatean, 11:00etatik aurrera, jokalariei nahiz kirol hau probatu nahi duen edozeini zuzendutako saio ireki batekin. Datorren astetik aurrera, talde hauek ostiralero entrenatuko dira Plaiaundin (18:30etik 20:00etara), eta beren lehen topaketa ofiziala urriaren 4an jokatuko dute Hondarribiko hondartzan.
Emakume Errugbi Eguna
Eskolako jardueraz gain, irailaren 26an Emakume Errugbi Eguna ospatuko da goizean zehar, emakumezkoen kirola bultzatzeko asmoz. Egitarauak errugbi jolasak, musika, hirugarren denbora eta Biok Txingudi senior zein Entente de la Nivelle-Bidasoa 18 urtez azpiko taldeen partidak bilduko ditu. Alba Saiz Gibaja antolatzaile eta entrenatzaileak azpimarratu duenez, iazko 60 parte-hartzaileen muga gainditu nahi dute aurten, edozein adinetako emakumeak parte hartzera gonbidatuz.



