IRUNVIren Administrazio Kontseiluak etxebizitzaren erronka izango du aztergai nagusi, herritarrek Irunen euren bizi-proiektua garatu ahal izateko aukera berriak bultzatzeko helburuarekin. Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, “etxebizitza erronka nagusietako bat da, baina Irunen egoera onean gaude: badugu lurzorua, baditugu proiektuak martxan eta baditugu etxebizitza berriak sortzeko benetako aukerak”.
Egun, San Migel-Anaka, Mendipe, Korrokoitz eta Lastaola bezalako garapen esanguratsuak aurrera doaz, Irun bizitegi-merkatu tentsionatu izendatu ondoren onartutako udal-ekintza planari jarraituz, etxebizitza babestuak, birgaitzea eta formula berriak uztartzeko helburuarekin.
Egoeraren azterketa integrala
Estrategia honen barruan, IRUNVIko Kontseiluak azterketa integral bat kontratatzea erabaki du, egungo egoeraren diagnostiko zehatza eta datozen urteetako beharrak ezagutzeko. Ikerketak eskaintza, eskaria, prezioak, auzoen arteko aldeak eta birgaikuntza-premiak aztertuko ditu. Bereziki gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunetan jarriko da fokua; horretarako, 400 inkesta orokorrez gain, beste 200 galdeketa bideratuko zaizkie 30 eta 35 urte bitarteko gazteei. Horrekin batera, etxebizitza-eskaintza handitzeko bide osagarriak aztertuko dira, hala nola hutsik dauden etxeak, auzoetako lokal libreak edota gaur egun bulego edo denda gisa erabiltzen diren lehen solairuak etxebizitza bihurtzeko bideragarritasuna.
Aparkalekuekin loturiko erabakiak
Azkenik, bilera berean mugikortasunari lotutako bi neurri garrantzitsu landu ditu IRUNVIk: batetik, Pinudiko aparkalekuaren prezioak izoztea erabaki du 2027rako; bestetik, Belartzako aparkalekuko sarbide-solairuko 30 plaza elektrifikatzeko kontratua esleitu du. Artia auzoko lurpeko azpiegitura berri horrek 2027ko lehen hiruhilekoan irekiko ditu ateak.



