Datorren maiatzaren 23an, larunbatean, Irungo Urdanibia plazak Elektroplaza jaialdiaren hirugarren edizioa hartuko du. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, musika elektronikoaren zaleek askotariko erritmoez gozatzeko aukera izango dute, Eivissako house finenetik hasi eta Berlingo klubetako techno kartsueneraino. Ekimen honek arrakasta handia izan du aurreko urteetan gazteen artean, eta aurten ere maila altuko kartela prestatu dute.
Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak jaialdiaren garrantzia azpimarratu du aurkezpenean: «Hirugarren edizioaz ari bagara, jaialdi arrakastatsu batez ari gara. Gazteria arloak apustu irmoa egin du hirira kalitatezko musika elektronikoa ekartzeko, nazioarteko eta bertako artistak uztartzen dituen kartel erakargarri batekin». Jaialdiaren antolakuntzan N97 kolektiboak lagundu du, Irune Muguruzak eta JOTAk 2023an sortutako taldeak, Bidasoa Beherean “festarako eskubidea” eta komunitate-adierazpena bultzatzeko asmoz.
Nazioarteko izarrak eta tokiko indarra
Kartela bertako ordezkariekin hasiko da: Irune Muguruza eta JOTA (Iñigo Jiménez). Muguruzak house eta minimal erritmoak esperientzia bisualekin uztartzen dituen bitartean, JOTA bere showman gaitasunagatik eta publikoarekin konektatzeko duen ahalmenagatik nabarmentzen da. Ondoren, E.Lina iritsiko da Ukrainatik; Eivissan bizi den artista honek mundu mailako klub ospetsuetan jo du (Panorama Bar edo Amnesia, esaterako) eta bere set eklektikoek mugimendua eta sakontasuna bermatzen dute.
Egunari amaiera borobila emateko, Dyed Soundorom paristarrak hartuko du kabina. Apollonia kolektiboko kidea eta Eivissako DC10eko Circoloco jaietako ohikoa den DJ honek soinu psikodeliko eta groovy bat ekarriko du Irunera, munduko kabinarik zorrotzenetan (Berlin edo Londres) duen eskarmentua erakutsiz.
Aurrekontu parte-hartzaileen fruitua
Jaialdi hau ez da soilik ekitaldi musikal bat, herritarren borondatearen isla baizik, Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez bozkatu baitzen. Jon Ugarte Gobernu Irekiko ordezkariak adierazi duenez, honek erakusten du “gazteek konfiantza dutela Udalean beren gustuetara bideratutako jarduerak antolatzeko”.
Hala ere, maiatzaren 23koa ez da hitzordu bakarra izango. Bihar, apirilaren 10ean ‘Konekta Sessions’ saioa egingo da Urdanibia plazan 17:30etik 22:00era, Landerm, Nea, Txouman eta J-303 & Soki musikari hasiberriei lekua eginez. Maiatzaren 29an, berriz, 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako beste saio bat izango da eta bertan saioa eskaini nahi duten interesdunek Udalaren webgunean eman dezakete izena.



