Talentua eta musika elektronikoa protagonista ostiral honetan Urdanibia Plazako ‘Konekta Sessions’ lehen saioan

Irungo Udaleko Gazteria arloak, GazteARTEan bidez, ‘Konekta Sessions‘ proiektuaren estreinaldia aurkeztu du datorren ostiralerako, martxoak 13. Urdanibia Plazan ospatuko den ekimen hau 17:30ean hasi eta 22:00ak arte luzatuko da, tokiko talentu gazteari bidea irekitzeko asmoz. Lehenengo saiorako kartela lau proposamenek osatzen dute:  ‘Clemos’, ‘Ramos’, ‘IBYLEVL’ eta N97.

Martxotik maiatzera bitartean garatuko den ziklo honen helburu nagusia musikaren munduan lehen urratsak ematen ari diren 18 eta 30 urte arteko gazteei bozgorailu profesional bat eskaintzea da. Horrela, hilean behin hiru orduko saioak antolatuko dira, eta artista bakoitzak ordubeteko tartea izango du bere estiloa eta pasioa erakusteko. Gainera, saio guztiak Gazteria zerbitzuaren YouTubeko kanalean grabatu eta partekatuko dira, parte-hartzaileek euren ibilbidea bultzatzeko portfolio digital bat izan dezaten.

Estreinako saioa

Lehenengo saio honetarako, kartela lau proposamen fresko eta nortasun handikok osatzen dute. Sergio Clemos (23 urte, Irun), ‘Clemos’ izenez ezaguna, 16 urterekin hasi zen Houseren eraginpean eta gaur egun Tech House eta Minimal estiloetara bideratu du bere ibilbide profesionala. Ander Ramosek (21 urte, Irun), ‘Ramos’ ezizenarekin, duela bi urte eta erdi ekin zion bideari; Hardtechno sustraiak izan arren, bere egungo soinua House alderantz aldatu da, Fabrik bezalako eszenatoki handietara iristeko ametsarekin. Bestalde, Ibai (20 urte, Hondarribia), ‘IBYLEVL’ bezala ezaguna, DJa izateaz gain ekoizlea ere bada Spotify eta SoundCloud plataformetan, eta Hondarribiko Dantz ekitaldia ezagutu zuenetik Tech House eta soinu sendoagoak arakatu ditu. Azkenik, N97 bikotea (Irune Muguruza eta Iñigo Jiménez) iritsiko da, 2023tik Bidasoa Behereko elektronikaren adierazpen kultural gisa eta komunitatearen bizitza House erritmoan ospatzeko asmoarekin.

Martxoko inaugurazioaren ondoren, ‘Konekta Sessions’ zikloak hitzordu berriak izango ditu apirilaren 10ean eta maiatzaren 29an. Hurrengo saio horietan parte hartu nahi duten DJ gazteek oraindik izena eman dezakete udal webgunearen bidez. Ekimen honekin, Irungo Udalak gazteen sorkuntza babestu nahi du, espazio publikoa musikaren bidez dinamizatuz eta sortzen ari diren artistei euren teknika hurrengo mailara eramateko aukera emanez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude