Urtean zehar hiriko 1.800 zuhaitzetan esku hartzea aurreikusten du Irungo Udalak

Irunen hiriko hainbat zuhaitz inausteko lanak egiten ari da aste hauetan, eta zehazki 100 zuhaitz inguru inausiko dira prozesu honetan. Gorka Álvarezek, Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak, hirian egiten ari diren jarduera hauek azaldu ditu gaurko prentsaurrekoan Idoia Martínekin batera, arloko teknikaria dena. Gaur egun, lanak Urdanibia plazako, Junkal plazako eta Ermita eta Santiago kaleetako zuhaitzetan zentratzen ari dira.

Irunek 15.000 zuhaitz inguru ditu guztira, eta horietatik gehiengoa platanoak dira. Izan ere, zuhaitz mota horrek du presentziarik handiena hirian, zuhaitz guztien % 11 baitira, hau da, 1.729 ale. Hiriko zuhaitzen % 4, denak platanoak, sahats buruaren forman inausiko dira. Gainontzeko zuhaitzak inausteko ordea, eite naturalekoak edo erdi-naturalekoak direnak, irizpide zehatzak jarraitu dira, hala nola hiriko elementuen oztopoa, segurtasuneko inausketa edo egiturazko inausketa.

Gorka Álvarezek zuhaitzak mantentzearen garrantzia azpimarratu du, hiritarrentzako oso mesedegarria baita. Ordezkariaren hitzetan, zuhaitzekin batera bizitzen ikasi behar dugu, eskaintzen dizkiguten onurak eragozpenak baino askoz handiagoak baitira. Inguruko zuhaitzak errespetatzea eta haiekin bizitzea da ingurumenarekiko konpromisoaren hastapena. Álvarezek gaineratu duenez, onartu behar dugu ezinbestekoa dela zuhaitzak edukitzea hirian, eta gizakiok gero eta gutxiago eraldatu, orduan eta hobeto egokitu ahal izango dira euren ingurunera.

Plangintza eta mantentze lanak

Zuhaitzak urte osoan zehar inausiko dira. Neguan, geldialdi begetatiboan, alboak inausten dira sahats buruaren forman. Guztira 577 albo inausten dira, urtero edo bi urtean behin egoeraren arabera. Hori gertatzen da, esaterako, Urdanibia eta Zabaltza plazetan; bertan bi urtean behin kimatzen dira, eta aurten Urdanibia plazako zuhaitzak inausiko dira. Behin hostoak eman ondoren, oztopoengatiko, egiturazko eta segurtasunagatiko inausketekin jarraituko da, urtean zehar 1.800 zuhaitzetan esku hartzea aurreikusten delarik.

2014an Irungo Udalak Zuhaitzak Kudeatzeko Plana egin zuen hiriko zuhaitzen egoera aztertu, ebaluatu eta baloratzeko, kudeaketa optimizatzeko asmoz. 2017an mantentze, zaintza eta hobetze kontratua abian jarri zen, eta aurten, beharrak areagotu direnez, aurrekontua 550.000 eurotan handitu da BEZa barne. Zerbitzuak, gainera, 25.000 euroko partida bat du zuhaitzak hornitzeko. Jarduerek hiri osoko zuhaitzentzat antzemandako beharrei erantzuten diete, betiere inausteko irizpide teknikoei jarraituz.

Udal kontratuan hainbat lan jasotzen dira, mantentze lan orokorrak barne, hala nola inausketak, ureztatzea, txorkoak mantentzea, enborretik moztea, motzondoen erauzketa, borroka biologikoa eta mokodun gorriek eragindako palmondoentzako endoterapia. Horrez gain, zuhaitz berriak landatzeko eta zaharrak ordezkatzeko lanak egiten dira. Ikuskapen lanak ere egiten dira zuhaitzen garapenaren fase guztietan, prebentzio lanak barne, baita arriskua kudeatzeko lanak ere, arriskuan dauden zuhaitzak xeheki aztertu eta analizatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude