Laburbiraren XXIIII. edizioa Irunera iritsiko da zazpi film laburrekin

Ostegunean, martxoaren 12an, 19:00etan, Irunek Laburbira film laburren zirkuitu ibiltaria hartuko du Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan. Ekimen honek urtez urte euskaraz sortu eta ekoitzitako lanen bilduma eskaintzen die Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei, eta 2026ko edizio honetan 21 herritan ikusi ahal izango da, horietatik bat Irun izanik. Proiektuaren helburu nagusia euskal zinemagintza hauspotzea eta euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea da. Sarrera doakoa da bertaratu nahi duen guztiarentzat.

Aurten Irunen ikusi ahal izango diren zazpi lanak hauexek dira, hurrenez hurren: Amaia San Sebastian Larzabalen ‘Olentzerori eskatu nion’, Ekaitz Bertizen ‘Erreka zoko hortan’, June Asua Olabarriaren ‘Fischy’, Elixabet Nuñezen ‘A-Maniki’, Aitor Gametxo Zabalaren ‘Geratzen den hori’, Ainhoa Urgoitiaren ‘Orain zer?’ eta Ane Cuestaren ‘Hortzikara’. Behin proiekzioak amaituta, Amaia San Sebastian ‘Olentzerori eskatu nion’ filmaren zuzendariarekin solasaldia egongo da. Bere lanean ihesean dabilen emakume bat pantailaratzen du, gauero elkarrizketa berdina errepikatuz, hain zuzen ere nazkatu zen egunean eduki zuen azken elkarrizketa bera.

Erakusleiho kontsolidatua

Laburbirak 23 urteko ibilbidea osatu du dagoeneko, eta gaur egun euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala eta guztiz kontsolidatutako ekimena da. Aurtengo edizioa zazpi film laburreko sorta batek osatzen du, eta lan hm laburorietako askok ibilbide oparoa egin dute mundu zabaleko zinema festibaletan. Hautatutako filmak 2025. urtean zehar ekoiztutakoak dira, eta egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri apartak izateaz gain, irundarrei ekoizle gazteek euskaraz sortutakoa 80 minututan ezagutzeko aukera ematen diete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude