Atzo hasi zen udaberrira arte luzatuko den kimaketa-kanpaina

Atzo hasi zen kimaketa-kanpaina. Hori dela eta, Jon Ugarte Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Luis Mariano lorategietan. Zuhaitzak kimatzeko 2025eko kanpaina udaberria iritsi arte luzatuko da, eta 160.000 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Aurreikuspenen arabera, 980 zuhaitz inausiko dira.

Ugarteren hitzetan, Udalean badakigu zein garrantzitsua den hiriko zuhaitzak ahalik eta egoera onenean mantentzea. Jon Ugartek adierazi duenez, ingurua edertzeaz gain, kutsadura murrizten dute eta biodibertsitatea ugaltzea ahalbidetzen dute eta horregatik, udalean konpromiso irmoa dute landarediaren alde. Ez gara esateaz nekatuko: bizitzeko hiri bat nahi dugu, eta ingurumen aldetik ahalik eta kalitate onena duen hiri bat behar dugu horretarako”, azaldu du Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak.

Zuhaitzak mantentzeko eta kontserbatzeko 306.000 euroko aurrekontua du urtero Udalak, BEZa barne. Jarduketa horien barruan sartzen dira hiriko zuhaitzetan hautemandako behar guztiei erantzutea, hala erdigunean nola auzoetan. Kontratuan jasotzen dira, besteak beste, lan hauek:

  • Mantentze-lanak (inausketa, ureztapena, txorkoak mantentzea, borroka biologikoa, mozketa, motzondoen erauzketa…)
  • Zuhaitz berriak landatzeko eta zaharrak ordezkatzeko lanak
  • Ikuskapen-lanak, zuhaitzen garapenaren fase guztietan, prebentzio-lanak egin beharko balira ere
  • Arriskua kudeatzeko lanak, arriskuan dauden zuhaitzak xeheki aztertu eta analizatzeko lanak barne

Irungo zuhaitzak

Irunen 15.000 zuhaitz inguru daude, askotariko familia, genero eta espezietakoak Genero nagusia platanoak dira: 1.755 unitate eta hiriko zuhaitz guztien % 11,38.

Familia nagusia, berriz, betulazeoak dira: hiriko zuhaitz guztien % 16. AlnusBetulaCarpinusCorylus eta Ostrya generoek osatzen dute, eta horien artean nagusia xarma da: gaur egun, 1.037 unitate daude inbentarioan.

Errosazeoak ere oso presente daude hirian, familia horretakoak baitira hiriko zuhaitzen % 12. Horien artean daude sagarrondoak, udareondoak eta Prunus generokoak. Udaberrian loratu egiten dira. Likidanbarra, lizarra eta ezkia ere oso presente daude Irunen.

Zuhaitzek, beren ingurune naturalean daudenean, ez dute kimatu beharrik. Aitzitik, kimatzeak zauriak eragin ditzake, eta horrek onddoen kolonizazioa erraztu dezake, eta zuhaitzari etorkizunean arazoak ekarri.

Hiriko zuhaitzik gehienak eite naturalekoak edo erdi-naturalekoak dira, eta guztien % 4 baino gutxiago dira urtero kimatu beharreko platanoak. Horregatik, Udalak irizpide hauek aplikatzen ditu hiriguneko eite natural edo erdi-naturaleko zuhaitzak inausteko:

  • Zuhaitz jakin baten egitura muga batzuen barruan sartzea eta zuhaitzen arteko eta zuhaitzen eta inguruko seinale, semaforo, eraikin eta azpiegituren arteko gatazkak minimizatzea.
  • Egoera txarrean edo hilik dauden adarrak ez erortzea, trafikoaren eta jendearen segurtasuna bermatzeko.
  • Ale gazteak formatzeko inausketak.

Horrela, zuhaitzei hosto edo fruituak erortzea eta zuhaitzek bistak ezkutatzea, itzal egitea edo izurri edo gaixotasunen bat izatea ez dira hartzen haiek inausteko arrazoitzat.

Jon Ugartek azaldu duenez, herritarrek oso ondo baloratzen dute zerbitzu hau baina, aldi berean, maiz eskatzen dute. Horregatik, iristen zaizkien eskaerak eta iradokizunak arretaz aztertzen dituzte, inausketak ahalik eta hobekien egin ahal izateko. Ordezkariaren hitzetan, “eskerrak ematen dizkiegu irundarrei zerbitzu hau kontuan izateagatik, eta Udalak behar bezalako erantzuna ematen die, zalantzarik gabe.

2025eko kanpainak

Zuhaitzak kimatzeko 2025eko kanpaina udaberria iritsi arte luzatuko da, eta 160.000 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Aurreikuspenen arabera, 980 zuhaitz inausiko dira. Ermita kalean hasi da kanpaina, eta ospitale zaharretik jarraituko du.

500 zuhaitz inguru kimatuko dira ezarritako moduan, gehienak urtero kimatu beharreko platanoak. Eite erdi-naturaleko zuhaitzen kasuan, interferentziak kentzeko, segurtasuna bermatzeko edo formatzeko inausketak egingo zaizkie 480 zuhaitz ingururi.

Zuhaitzek onura ugari dakarzkiete herritarrei, eta ezinbestekoak dira hirirako. Izan ere, airearen tenperatura apaltzen dute, partikula kutsatzaileak iragazten dituzte, higiezinen balioa handitzen dute, biodibertsitatea areagotzen dute eta herritarren osasun fisiko eta mentala hobetzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude