Lapurriturriko informazio-puntuak Aiako Harrian zuhaitzak ezagutzeko bisita gidatua egingo du irailaren 8an

Lapurriturriko informazio-puntua Aiako Harria parke naturalean dago, eta Udaleko Garapen Jasangarriko arloak sustatzen du, eta aurrera jarraitzen du udako programazioarekin. Kasu honetan, “gure lagun zuhaitza” ibilbide gidatuarekin. Ekimen berri bat da, eta irailaren 8an, igandearekin, egingo da, 11:00etatik 12:30era, eta Lapurriturriko informazio-puntuan izango ditu irteera eta iritsiera.

Lapurriturriko informazio-puntuaren inguruan dauden zuhaitzak ezagutuko ditugu, oinezko ibilbide baten bidez. Bidean zehar, bertako espezieak eta horien ezaugarriak identifikatzen ikasiko dute parte-hartzaileek: enborrak zein informazio ematen duen, zein espezie diren sendagarriak, zuhaitzei buruzko kondairak, eta abar.

Horrez gain, klima aldaketari dagokionez, zuhaitzek atmosferako CO2 xurgatzeko duten gaitasuna azpimarratuko da, eta kalkulu erraz bat egiteko eskatuko zaie parte-hartzaileei. Amaitzeko, fitxa bat banatuko da etxean zuhaitz bat landatzeko jarraibideak azaltzen dituena

Jarduera herritar guztiei zuzenduta dago, batez ere 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei. Interesa izanez gero, izena eman daiteke 010 zenbakira deituta edo irun.org webgunean, abuztuaren 22tik (osteguna) irailaren 2ra arte, betiere tokia dagoen bitartean. Era berean, gogorarazi behar da pertsona bakoitzaren izena eman behar dela. Mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen da.

Informazio-puntua udan zabalik

Lapurriturriko informazio-puntua zabalik egongo da asteburu, jaiegun eta zubi guztietan datorren urriaren 31 arte, 9:30etik 13:30era. Uda osoan, jarduera tematikoak eskainiko dira zonaldeko balio historikoak, kulturalak eta naturalak ezagutzera emateko xedez.

Lapurriturriko informazio-puntua

Lapurriturriko informazio-puntuak 15 urte darama bisitariei parkea ezagutzera ematen, eta, horretarako, hainbat jarduera antolatzen ditu denboraldi osoan. Udaberrian, udan eta udazken hasieran egiten diren jarduerez gain, informazio-puntuak berak informazioa paperean ematen die bisitariei, eta azalpenak ere bai, Parke Naturalari buruz, 5 ibilbide tematikoei buruz (elur-zuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak eta flora-fauna-ura) eta inguruko turismo-eskaintzari buruz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude