Lapurriturriko informazio-guneak, Aiako Harria Parke Naturalean kokatua eta Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko arloak bultzatuta, udako programazioarekin jarraitzen du “fosilen tailerra” jarduera eskainiz. Ekimen berri hori larunbatean, abuztuaren 17an, egingo da 11:00etatik 12:30era bitartean, eta Lapurriturriko informazio-gunetik irtengo da eta amaieran bertara itzuli.
Gipuzkoan aurki daitezkeen fosilak ezagutzera emango dira bertan, lurraldeko hainbat tokitako fosilak ikusteko eta ukitzeko aukera emanez. Gainera, izaki bizidunak eta bizigabeak sailkatzeko joko bat egingo da eta, azkenik, parte-hartzaileei fosilik adierazgarrienen fitxa bat emango zaie.
Jarduera herritar guztiei zuzenduta dago, batez ere 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei. Interesa duten guztiek izena emateko aukera izango dute, 010 telefono zenbakira deituta edo www.irun.org webgunearen bidez, ostegun honetatik abuztuaren 13ra arte, betiere oraindik lekua bada. Mendian ibiltzeko arropa eta zapata egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen da.
Lapurriturriren udako ordutegia
Lapurriturriko informazio-gunea zabalik egongo da asteburu, jaiegun eta zubi guztietan datorren urriaren 31 arte, 9:30etik 13:30era. Udan zehar jarduera tematikoak eskainiko dira zonaldeko balio historikoak, kulturalak eta naturalak ezagutzera emateko asmoz.
Lapurriturriko informazio-guneak 15 urte darama bisitari guztiei parkea ezagutzera ematen eta, horretarako, denboraldi osoan zehar hainbat jarduera egiten dira. Udaberrian, udan eta udazken hasieran egiten diren jarduerez gain, informazio-guneak berak informazioa paperean eta azalpenak ere ematen dizkie bisitariei Parke Naturalari buruz, 5 ibilbide tematikoei buruz (elur-zuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak eta flora-fauna-ura) eta inguruko turismo eskaintzari buruz.