Oiasso Museoko “Emakume arkeologoak Gipuzkoan” erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dira

Euskal Kostaldeko Museoen hilabetearen harira, Oiasso museoak Emakume arkeologoak Gipuzkoan erakusketaren bisita gidatuak eskainiko ditu. Bisitak doakoak izango dira eta  martxoko larunbat guztietan egingo dira. Bisita gidatuen bitartez gazteei zein helduei erakusketaren edukien berri emango zaie.

“Emakume arkeologoak Gipuzkoan” erakusketa urriaren 10ean ireki zen eta emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan izan duten garrantzia nabarmendu nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera antolatutako erakusketa da, Euskal Kostaldeko Museoen Sareak antolatutako proposamenen barruan kokatua.

Bisita gidatuetan Gipuzkoako arkeologiak XX. mendean izan duen bilakaera azalduko da, eta emakumeek diziplina horren funtsezko zenbait alderditan egin dituzten ekarpenak azpimarratuko dira. Bisitetan parte hartu nahi duten guztiek izena eman behar dute aldez aurretik, 943 63 93 53 zenbakira deituta. Euskal Kostaldeko Museoen Sarearen jarduerei buruzko informazio guztia Euskal Kostaldeko Museoen webgunearen bidez kontsultatu ahal izango da.

Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea

Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea dela eta, martxoan zehar hainbat jarduera berezi egiten dira, museo bakoitzak dituen baliabideen balioa nabarmentzeko, ikusarazteko eta herritarrei eta turistei hurbiltzeko. Jarduera horien baitan kokatzen da Emakume arkeologoan Gipuzkoan erakusketa. Azalpen-panelen bidez kontatzen du nola sartu ziren emakumean arkeologiaren munduan, nola integratu ziren guztiz eta arkeologiaren sektore estrategikoetan zer-nolako lidergoa duten.  Horrez gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologiko ugari ere bildu dira, eta museoko bisitariek horiek ikusteko aukera «paregabe eta errepikaezina» dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude