Irun Korrika abiatu aurreko azken txanparako prest

Datorren astebururako hirian zenbait ekitaldi antolatu dira Irun martxoaren 14an Korrikaren abiapuntu izango baita. Euskararen aldeko lasterketaren harira, martxoaren 2an eta 3an hainbat ekintza kultural egingo dira Irunen. Larunbatean Santiago auzoan Korrika Eguna ospatuko da eta igande arratsaldean, berriz, Erromeria Ibiltaria antolatu dute hiriko hainbat taldek.

Ekitaldien aurkezpena Santiago auzoko bizilagun elkartearen atarian egin da gaur goizean. Bertan izan dira Nuria Alzaga Irungo Udaleko Euskara eta Kultura ordezkaria eta Maddi Sanz AEKko kidea, antolatutako jardueretan parte hartuko duten elkarteetako kideekin batera.  Euskara eta Kultura ordezkariaren hitzetan, “asteburu honetan Korrikaren harira antolatutako azken jarduerak ospatuko ditugu, egun handiaren aurretik, hura ere jaiegun handia izango da-eta Irunen”. Horrela, larunbatean zehar Santiago auzoan jarduera ugariz gozatzeko aukera egongo dela aurreratu du. Ekintzak auzoko pilotalekuan egingo dira eta, eguraldi txarra izanez gero, ekintza nora lekualdatuko diren jakinaraziko da aurrerago.

Igandeari dagokionez, Nuria Alzagak azaldu duenez, “euskararen aldeko jaiak segida izango du Irungo kaleetan antolatuko den erromeriarekin”. Erromeria ibiltaria berriz, Urdanibia plazatik irtengo da igandeko 17:00etan eta Zabaltza plazaraino iritsiko dira parte-hartzaileak. Musika, kantaldiak eta dantza uztartuko dituen jai giroko martxa bat izango da

Martxoaren 2an, larunbatean

Martxoaren 2an, larunbatean, goizeko 10:00etan hasiko da Santiago auzoko Korrika Eguna.. Ordu horretan Atxiki pilota eskolak 12 urtetik gorakoentzat “Pilota topalekua” jarduera antolatu du. 11:45etik aurrera Santiagoko auzo elkarteko buruhandiak auzoan zehar korrika ibiliko dira. 12:45ean ipuin musikatuaz gozatzeko aukera egongo da, Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Nayade abesbatzaren eskutik

17:00etan, berriz, Izarkomek gailu teknologikoak euskaraz erabiltzeko tailerra zuzenduko du Izarkomek. 18:00etan Lumak Haize elkarteak Bingo musikatua egingo du. Azkenik, 19:30etik aurrera, Auntxa eta Udal musika eskolako ikasleek erromeria eskainiko dute. Gainera, egun guztian zehar.Gainera, egun berean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. Txapelketa jokatuko da Palmera Montero gunean.

Martxoaren 3an, igandean

Igande arratsaldea, berriz, kantu eta dantzarako eguna izango da. 17:00etan Erromeria Ibiltariak bere ibilbidea hasiko du, Zabaltza plazara iritsi arte.  Bertan parte hartuko dute Meakako Adixkideak, Txorimaloak taldea; Kemen dantza taldea, Eraiki dantza taldea eta Meaka dantza-taldeak, Landetxa-Katea, Elatzeta eta Lagun artean elkarteak; Atzokoak, Narbartenea eta Ametsa abesbatzak; EKT eta Maite Muxiko taldea.

Martxoaren 14rako prestatzen

Era berean, Maddi Sanz AEKko kideak gogoratu du Korrikaren hasiera prestatzeko azken zereginetan dabiltzala. “Argi dugu herriak erantzun ez balu eta udaletxearen laguntzarik gabe, ezingo genukeela ezer egin”, adierazi du AEKko ordezkariak. Asteazkenean 18:30ean Palmera Montero gunean martxoaren 14a antolatzeko lehenengo Korrika Batzordea egingo da. “Orain arte laguntza behar izan dugu, baina martxoaren 14an esku asko beharko ditugu guzti hau aurrera ateratzeko”, gaineratu du Maddi Sanzek. Beraz, Korrikaren irteeran laguntzeko prest dagoena bertara hurbiltzeko aukera izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude