Irun Euskararen Hilabetearen ospakizunetan murgilduko da ostiraletik aurrea

Ostiralean hasiko dira Irunen Euskararen Hilabetea ospatzeko antolatutako ekintzak. Horretarako, gaur Nuria Alzaga Euskara ordezkaria Amaia KZra hurbildu da Euskaren Hilabetearen barruan eta “Euskararekin batera, korrika!” lelopean, antolatu diren jardueren berri ematera.  Leloaz gain, aurtengo Euskararen Hilabeteak keinu egiten dio martxoaren 14an Irundik aterako den Korrikari aitortza modura.

Ordezkariak azpimarratu  du, Euskararen Hilabetea egitasmo estrategikoa da Euskara arloarentzat, Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barruan dagoen programa baita. “Ildo horretan, sorkuntzaren eta euskarazko kultur produktuen kontsumoaren bidez  haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera indartu nahi dugu”, adierazi du Nuria Alzagak.

Bi berritasun nagusi

Euskararen Hilabetearen barruan antolatu diren bi berritasunak azpimarratzekoak dira: ostiralean, Josu Martinez zinemagilearen Bizkarsoro filma proiektatuko da eta martxoaren 6an, Imanol Epeldek Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai? hitzaldia emango du Amaia KZko Hitzaldi aretoan. Bi ekitaldi hauek irekiak dira hiritar guztientzat.

Iazko Zinemaldian estreinatu zuten Bizkarsoro filma, eta urtarrilean Euskal Herrian barnako birari ekin zioten, herri eta hirietan proiekzioak eginez. Hala, ostiral honetan Irunen proiektatuko dute, Amaia KZko auditorioan, 19:00etatik aurrera, Euskararen Hilabetearen programaren barruan. XX. mendean kokatu du filma Josu Martinez zuzendariak, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro fikziozko herrian, eta mende horretan zehar euskarak jasandako jazarpena kontatzen du bost istorio desberdinen bidez.

Doako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Irun.org webgunean, Luis Marianoko Turismo Bulegoan eta Amaia KZko leihatilan. Pertsonako lau sarrera hartzeko aukera izango da gehienez.

Bestetik, Imanol Epeldek martxoaren 6an, asteazkenarekin, 19:00etatik aurrera Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai? Izenburupean hitzaldia eskainiko du, euskararen transmisioaren gakoen inguruan, berea duen diskurtso bizi eta freskoarekin. Euskalgintzan eta kulturgintzan lan ugari egindakoa da Epelde: euskara irakaslea, idazlea, bertsolaria, raperoa, youtuberra, blogaria…

Hitzaldia Irungo hezkuntza komunitateari zuzendua izan arren, gaian interesa duen hiritar orok izango du Amaia KZko Hitzaldi aretora bertaratzeko aukera. Sarrera librea izango da, besaulki guztiak bete arte.

Ikasleentzako antzerkia

Hortaz gain, guztira 3.300 ikasletik gora pasatuko dira eskola orduetan Amaia Kultur Zentroko antzerkiez gozatzera, eta horretaz gainera, DBH3koek Mintzodromo Gaztea ere egingo dute Palmera Monteron.

Lau antzerki, gozatzeko eta hezteko

Euskararen Hilabetean ohikoa denez, Irungo ikastetxetako haur eta gaztetxoek antzerkiez gozatzeko aukera izango dute eskola orduen barruan programatu diren antzerkiekin. Aurten ere kalitatezko eskaintzarekin osatu da programa, eta ikasleek asko gozatuko dute konpainia desberdinen funtzioekin. Ondo pasatzeaz gain, gai desberdinen inguruan (parekidetasuna, arrazakeria, indarkeria, mundu digitala, errespetua…) hausnartzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek, taularatuko dituzten obra guztiek dutelako kutsu hezitzaile eta didaktikoa.

  • Haur Hezkuntza: Erbia eta Dortoka

Haur Hezkuntzako umeak izango dira Amaia KZko auditoriotik pasatzen lehenak otsailaren 21 eta 22an, eta Glu Glu antzerki taldearen Erbia eta Dortoka obraz gozatzeko aukera izango dute.

Antzerkiak Erbia eta Dortokaren kondaira klasikoa du ardatz: erbiak barre egiten du dortokaren golkotik, bigarren honek gauzak motel egiten dituelako, astiro. Espero gabe, dortokak lasterketa bat egiteko erronka botako dio erbiari, eta hor hasten da antzezlanaren saltsa. Funtzio honekin lanaren, errespetuaren eta esfortzuaren garrantziaz jabetuko dira haurrak.

  • Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. maila: Kuku! Ezkutuan dauden emakumeak

Otsailaren 29an Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurren txanda izango da, eta Eidabe konpainiak Kuku! Ezkutuan dauden emakumeak obra antzeztuko du haientzat.

Antzerkiaren sinopsiak dioenez, bi gaztek kutxa bat topatuko dute oholtzan, eta kutxaren barruan argazki eta negatibo zaharrak, bideoak, grabaketak… Kutxaren barruko materialetik abiatuz, Vivian Maier argazkilariaren bizitza ezagutzera emango dute, denboran atzera eta aurrera salto eginez. Argazkiak transmisiorako elementu modura hartuta, emakumeek garai desberdinetan egindako lana eta haien bizipenak plazaratuko ditu ikuskizunak, ezkutuan dauden eta egon diren emakumeak argitara ateratzeko.

  • DBH 1. eta 2.mailak: Narzis@

Martxoaren 5 eta 6an Narzis@ antzezlana taularatuko dute Borobil antzerki taldekoek DBH 1 eta 2ko ikasleentzat.

Antzerkiak Peru izeneko mutil bat du protagonista, eta 12 urte betetzen dituenean smartphone bat oparituko diote gurasoek. Telefonoak bizitza aldatuko dio Peruri, eta mundu berri bat ezagutzen hasiko da: mundu birtuala. Deskubrituko duenez, mundu digitalean beste pertsona bat izan daiteke, bere izena alda dezake, beste identitate bat izan… Jarraitzaile eta “atsegin dut” mordoa lortuko du sarean protagonistak, eta ohartzerako, bizitza birtualean gehiago biziko da mundu errealean baino. Dena den, horrek arazoak sortuko dizkio, eta bi munduen artean oreka bilatzen ikasi beharko du.

  • DBH 3. eta 4. mailak: Lagun beltz asko

Antzerkiekin bukatzeko, Ados konpainiak Lagun beltz asko obra eskainiko du DBH 3 eta 4ko ikasleentzat martxoaren 7an.

Taberna baten testuinguruan kokatzen da antzerkia, gau giroan, eta istorioak arrazakeriaren eta indarkeriaren gainean hausnartzeko aukera emango die ikasleei. Ixteko zorian dagoen taberna batean hasten da obra, han dauden bi lagun minekin. Ikuskizunean zehar, bi lagunen argi-ilunak aterako dira argitara, galduta dagoen migratzaile bat ere azalduko da tabernara, bi lagunen arteko harremana gehiago bihurrituz.

Mintzodromo Gaztea

Euskararen Hilabetea borobiltzeko, aurten ere Mintzodromo Gaztea egingo da Palmera Monteron martxoaren 15 eta 22an.  DBH 3ko ikasleei zuzendutako jarduera da, eta jolas eta dinamika desberdinen bidez, iritziak partekatzeko eta ondo pasatzeko aukera izango dute. Hala, Irungo beste ikastetxeetako ikasleekin harremantzeaz gain, mintzapraktika egiteko  eta ahozkotasuna lantzeko aukera emango die Mintzodromoak gaztetxoei. Aurten ere, Mondragon Unibertsitateko ikasleen gidaritzapean egingo dira bi saioak.

Irunero bereziak

Irungo haur eta gaztetxoen sorkuntza lanak plazaratzeko helburuarekin, Irunero Bereziak argitaratuko dira Euskararen Hilabetearekin batera. Aldizkari batek HHtik LH4ra bitarteko ikasleen lanak bilduko ditu, eta besteak LH5etik DBH4ra bitartekoenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude