Irungo Udalak jakitera eman du, Irungo Udaleko Euskara Arloaren “Kalean Bai” planaren baitan, Real Unión klubak lehen Euskara Plana aurkeztuko duela. Euskara Plana 2022-2027 iraupen-aldirako izango da.
“Albiste zoragarria da gaurkoa. Izan ere, Real Unión kluba erreferentzia bat da jende askorentzat gure hirian, eta gure historiarekin lotura estua dauka. Kalean Bai ekimenaren bitartez udalarekin hitzarmena sinatu zutenean, pauso garrantzitsua suposatu zuen gure hiriko euskararen normalizaziorako, eta prestatu berri duten planari esker, ziur gaude futbolean ere gero eta euskara gehiago egingo dela”, adierazi du Euskara arloko ordezkariak.
Igor Emery, Real Unión Club Administrazio Kontseiluko presidenteak, euskararekiko konpromiso irmoa erakutsi du: “Betidanik izan dugu konpromisoa euskararekin. Hala esan genuen gure aurkezpenean. Gure proiektuaren ardatzetako bat da, eta dagoeneko eman ditugu lehen urratsak: Klubeko komunikazioak elebidunak dira, webgune berria euskaraz ere kontsulta daiteke. Gainera, Kalean Bai programarekiko konpromisoa berritu dugu, Euskararen Aholku Batzordearen bileretara joan gara, Euskaraldian parte hartu dugu… euskara klubaren egunerokotasunaren parte da”.
Planaren nondik norakoak
Real Unión klubaren planak hiru helburu zehaztu ditu: lehenengoa, taldearen hizkuntza-irizpideak zehaztea, eta horiek barneko kideei zein kanpokoei jakinaraztea. Horrekin batera, irizpideak betetzeko neurriak eta baliabideak jartzea eta betetze-mailari jarraipena egitea eskatuko du. Bigarren helburua, euskara-planaren inguruko adostasuna lortzea. Azkenik, pixkanaka aurrerapausoak ematea, eta gizartean erakunde elebidunaren irudia zabaltzea. Orotara, 32 ekintza zehaztu ditu Real Unión klubak.
Kalean Bai
Irungo Udaleko Euskara Arloak bultzatuta, “Kalean Bai”, elkarteetan euskara sustatzeko programa da. Duela urte batzuk sortu zen Kalean Bai plana, Irungo aisialdi jarduerak urratsez urrats sustatzeko helburuarekin.
Hitzarmen bidez, Irungo elkarteek konpromisoa hartu dute beren entitateetan eta antolatzen dituzten jardueretan euskara bultzatzeko helburuarekin.
Kalean Bai planaren baitan, euskarari lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen dira, gehien-gehienak doakoak, Kalean Bai planari atxikitako edozein elkartek erabil ditzakeenak.
Gaur egun, 81 elkarte eta erakundek parte hartzen dute egitasmoan.