Kalean Bai programaren bitartez euskara bultzatzen jarraitzeko asmoa berretsi da

Kalean Bai plana 2002. urtean sortu zen, hitzarmena sinatu zuten Irungo elkarteek antolatutako ekintzetan euskara bultzatu zedin. Ia 20 urte geroago Irungo Udalak ekimena berraktibatzeko beharra atzeman du. Horrela, Kalean Bai programaren biziberritze prozesuari ekin zaio, euskalduntzeko tresna erreferente bilakatu dadin.

Kalean Bai plana Irungo aisialdiko jarduerak eta ekintzak urratsez urrats euskalduntzeko helburuarekin sortu zen duela urte batzuk. Miren Echeveste Irungo Udaleko Euskara ordezkariak adierazi duenez, “Kalean Bai plana jada oso ezaguna da askorentzat”. Hitzarmengintzaren bitartez, 90 elkartetik gora izan ziren izena eman zutenak 2020ra arte, eta 64k zuten sinatuta hitzarmen orokor edo espezifikoren bat. Orain, Udalak, Euskara Arloaren bitartez, ekimena berritzeko beharra nabaritu zuen, Kalean Bai planari bultzada berri bat emateko.

Miren Echevestek azaldu duenez, “biziberritze prozesu baten erdian gaude”. Programa berraktibatzeko prozesua faseka egingo da. Aurretik hitzarmena sinatuta zuten entitateekin hasi da lanketa. Hain zuzen ere, elkarte horiek 25 urte bitarteko haur eta gazteentzako eskola-orduz kanpoko jarduerak antolatzen dituzte eta euskara bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berresteko gonbita egin zaie. Euskara ordezkariak gaineratu duenez, “Udalaren partetik zerbitzu katalogoa zabaldu dugu baita ere eta prestakuntza bezalako bestelako zerbitzu batzuk eskaini nahi ditugu, euskararen erabileraren sustapen honetan laguntzak emateko eta estrategiak bateratzeko”.

Lehen fasea
Abenduaren 1ean hitzarmena berritzeko lehen sinadura ekitaldia egin zen Irungo udaletxeko Areto Nagusian, aurretik Kalean Bai programaren parte ziren elkarteekin. Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta antolatu zen ekitaldietako bat izan zen. Bertan José Antonio Santano alkateak, Miren Echeveste Euskara ordezkariak eta Kalean Bai hitzarmena berritu duten lehen entitateetako ordezkariek parte hartu zuten.

Behin lehen sinadurak eginda, 2022an gainontzeko entitateekin jarraituko du aurrera prozesuak: banan-banan deituko zaie eta hitzarmena berritzeko prozesuari ekingo zaio. Eta azkenik, Kalean Bai unibertsoa zabaltzeko deia egingo da, azken urteetan sortutako eta haur eta gaztetxoekin lanean diharduten elkarte eta talde guztietara iristeko. Miren Echevestek adierazi duenez, “seinale ona da elkarte berriek planera batzeko adierazi duten konpromisua”. Izan ere, egunero haur eta gazteekin lan egiten dutenez, argi ikusten dute gurasoen eskaria zein den: eskolaz kanpo haurrak euskara gehiago erabil dezatela.

Lehen fase honetan, honako elkarte hauek sinatuko dituzte egungo egoerara egokitutako hitzarmen berriak: Ametsa Abesbatza Kultur Elkartea, Auntxa Trikitixa Eskola, Bidasoa Atletiko Taldea (BAT), Bidasoa Judo Elkartea, Bidasoa KE (eskubaloia), Bidasoa XXI Igeriketa Elkartea, Eraiki Dantza Taldea, Erroibide Saskibaloi Kluba, Ibarla-Meaka Dantza Taldea, Irun Rugby Taldea/Txingudi Errugbi Taldea, Irungo Txirrindulari Elkartea, Jaizubia Hipika Elkartea, Kemen Dantza Taldea, Leka Enea Mahai-Tenis Elkartea, Mariño Kirol Kluba, My Dance Studio, Pauso-K akademia, Real Unión Kluba, Santiagotarrak Kirol Elkartea, Skola Musik eta Txorimaloak Soinu Taldea.

Elkarteen arteko saretzea
Entitate bakoitzak konpromiso propioak hartzeaz gain, asmoa da Kalean Bai planaren bitartez Irungo elkarteen sarea osatzea, elkar laguntzeko eta elikatzeko balio izango duena. Hala ere, helburu amankomun bat izango dute: 25 urtez azpiko haur eta gaztetxoei zuzendutako Irungo aisialdia euskalduntzen jarraitzea. “Foroak estrategia bateratuak sortzeko baliagarriak izan daitezkeela uste da”, adierazi du Miren Echevestek. Euskara ordezkariak gehitu duenez, euskararen sustapenean, elkarteek beren eguneroko jardunean hainbat zailtasun topatzen dituzte eta, egiaztatu dutenez, zailtasun horietako asko partekatuak dira

Beraz, begiraleek eskura izan behar dituzte zailtasun horiei aurre egiteko laguntza eta tresna pedagogikoak. Euskara ordezkariaren ustez, “horrela, euskararen erabilera sustatu ahalko dute, ez bakarrik haur eta gazteen artean, baita guraso zein komunitate osoan”. Bide horretan, Kalean Bai hitzarmena sinatzen duten elkarteek Udala bidelagun izango dute, haien esku jarriko baita zerbitzuen eta dirulaguntzen katalogoa. Euskara Arloaren bitartez, besteak beste, zuzenketa eta itzulpen zerbitzua, interpretaritza maleta eramangarria edota prestakuntza eta sentiberatze saioak jaso ahalko dituzte.

Zerbitzuen katalogoa
Elkarte edo erakunde bakoitzak, hitzarmen bidez zehaztuko du euskarari zein mailatako lehentasuna emateko konpromisoa hitzartzen duen. Beraz, elkartea jada euskararen gunean egon daiteke edo euskalduntze prozesuan. Hautatutako konpromisoaren truke, Irungo Udalak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkio bat egin duen elkarte edo erakundeari, horietako guztiak doan.

Eskainitako zerbitzuen artean elkarteek aholkularitza laguntza jasotzeko aukera izango dute, beren beharretan eta hizkuntza kontuetan dauzkaten zalantzak argitzen laguntzeko. Bestetik, denboraz eskatuak, elkarteko dokumentazio, eskutitz eta, oro har, idazkiak euskarara itzultzeko aukera izango dute. Azkenik, elkarteek antolatutako jarduera publikoak euskaraz aurkezteko pertsonak edo interpretazio sistema eramangarria eskainiko da.

Era berean, hainbat dirulaguntza izango dituzte eskura. Euskara ikasi edo hobetzeko, euskara ikastaroen matrikularen % 100az gainera, udako euskal unibertsitateko ikastaroak, euskarazko aisia eta kirol ikastaroak ere diruz laguntzen dira. Errotuluak eta webguneak euskara hutsean jartzeagatik kostuen % 75 ordainduko zaie eta ele bietan jartzeagatik, berriz, % 50. Aurkezle euskaldunak kontratatuz gero, Kalean Bai elkarteek orduko 40 euroko gehienezko diru-laguntza jaso dezakete. Gainera, euskararen erabilera sustatu eta indartzeko ekimenak diruz lagunduko dira.

Aipatutakoez gain, urtean zehar Kalean Bai planeko elkarteentzat baliagarriak izan daitezkeen materialen eta tresnen informazioa emango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude