Irungo Udaleko Kultura Arloak jakinarazi duenez, COVID-19 pandemiaren bilakaeraren araberako neurriak hartuko dira Olentzerok eta Mari Domingik hilaren 23an ostegunarekin Irunera egingo duten bisitarako, jende askorik ez pilatzeko.
Idiek tiratuko dioten gurdi batean etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta 17:00etan hasiko dute desfilea, Alberto Anguera plazan. Gero, Hondarribia, Zubiaurre eta Geltoki kalean, Colón ibilbidean, Foruen karrikan eta Karrika Nagusian barrena, San Juan plazaraino iritsiko dira, non 18:30etik aurrera gutxi gorabehera aire zabalean txikien eskutitzak jasoko dituzten kontaktuak mugatzeko protokolo berezi bati jarraikiz: adibidez, haurrek ezingo dituzte besarkatu, ez argazkia egiterakoan haien gainean eseri; ildo beretik, ibilbidean ez da egingo gabon kantak abesteko geldialdirik, eta ez dira jarriko jendea pilatzen den animazio elementuak, hala nola animalien postua eta San Juan plazako talo postua.
Mari Domingiren eta Olentzeroren laguntzaileek maskara eta eskularruak eramango dituzte soinean harrera ekitaldi osoan, eta beraiek adieraziko diete haurrei noiz joan daitezkeen haiekin hitz egitera eskutitzak entregatu bitartean eta zer bideri jarraitu behar dioten ateratzeko.
Ekitaldira joaten diren guztiek eskuak garbitu beharko dituzte iristen direnean. Horretarako, antolakuntzak gel hidroalkoholikoa jarriko du harrera egiteko prestatuko den barrutiaren sarreran eta irteeran.
Megafonia bidez, desfilera bertaratzen direnei maskara jantz dezaten eskatzeko mezuak emango dira, ibilbide osoan, desfilearen aurretik eta beronek irauten duen bitartean, une puntualetan.
Ildo horretatik, ezarritako neurriak hartu beharra gogorarazten dugu, hala nola maskara beti eraman beharra.
Irungo Udaleko Kultura Arloarekin batera, Betti Gotti Euskara Elkartea, Bidasoko EKT, Txorimaloak Soinu Taldea, Auntxa Trikitixa Eskola eta Bidasoko Joaldunak aritu dira koordinazio lanetan.