Pandemiara egokitutako Eguberriek hirian utzitako irudien laburpena

Irunen Gabonen inguruan data ia finkoa duten ekitaldi ugari antolatu ohi dira, urteko egun berezi hauetan zehar hiriko bazter guztiak Eguberrietako giroarekin zipriztintzen laguntzen dutenak. Aurten, ordea, osasun krisialdiaren eraginez Gabonetako hitzordu asko bertan behera gelditu dira, ohitura berriei lekua eginez.

Olentzero eta Mari Domingik ez dituzte urtero bezala hiriko kaleak zeharkatu haurren eskutitzak jasotzeko, baina, Amaia Kultur Zentroko agertokitik harrera beroa egin diete haurrei. Errege Magoak, aldiz, udaletxeko balkoira atera beharrean, urtarrilaren 3 eta 4ean Ficoba erakustazokako 3. pabilioira hurbiltzen diren haurrak agurtuko dituzte. Gutunak biltzeko sistemak pandemiara egokitu dira eta hiriko puntu ezberdinetan ipinitako postontzi eta online bidalitako gutunei esker Errege Mago zein Olentzero eta Mari Domingik eskakizun guztiak garaiz jaso dituzte. Oro har, mundu osotik edatu den gaitzaren ondorioz, hurbilekoak inoiz baino hurbilago sentitzea eragin du. Leihoan txaloka igarotako hilabeteetan pareko bizilagunak ezagutzeko aukera izan dira, osasun arloko langileen kemena eredugarria izan da, etxe azpiko dendariaren zerbitzua ezinbesteko bihurtu da eta enpresako garbitzailearen lana zein garrantzi- tsua den konturatzeko uneak eman ditu urteak.

Eguberriak bilkura eta hurbiltasunaren sinonimoak izan dira orain arte. Formatu murriztu eta segurtasun neurriak areagotuta ere, urteko egun magikoenen esentzia guztiz desagertzea ezinezkoa izango da. 2020. urteak bizitza hankaz gora ipini ostean, urteari merezi duen amaiera emango diote irundarrek. Urte berriak hilabeteetan zehar urrun egon sentitutakoengana berriro hurbildu eta aurten bidean galdutako berrionak itzuliko dituelakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude