Gazteentzako autoezaguntza, autoestimu eta ahalduntze ikastaroa antolatu du Konekta zerbitzuak

Martxoaren 2an Nerabeen Ongizate Mentalaren Mundu Eguna ospatzen da.  Testuinguru horretan, Sergio Javier Gazteriako ordezkariak hiriko nerabe eta gazteei zuzendutako ekimen bat aurkeztu du gaur Martindozenea gaztelekuan emandako prentsaurreko batean: Autoezaguntza, Autoestimu eta Ahalduntze Ikastaroa. Ordezkariarekin batera agerraldian izan da Mónica Eguido psikologoa ere, bera arduratuko baita ikastaroa emateaz.

Ekimena GazteARTEan Gazteria arloak antolatu du, GazteARTEan Konekta zerbitzuaren bidez, eta gazteei laguntzeko eta entzuteko Bada Bide Bat zerbitzuarekin elkarlanean. Helburua Irungo 15 eta 22 urte bitarteko nerabe eta gazteen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea da, nork bere burua ezagututa.

Sergio Javier Gazteriako ordezkariaren hitzetan: «Badakigu osasun mentala tabua dela oraindik ere gizartean, eta bereziki kezkatzen gaitu gazteen egoerak. Gero eta gehiagok dituzte antsietatearen edo depresioaren sintomak edo joera suizidak. Egoera honetan, uste dut gaixotasun mentalak normalizatzea dela lehen urratsa, gero horiek tratatu eta prebenitu ahal izateko. Eta hori da tailer honen helburua: espazio bat sortzea Irungo nerabeek eta gazteek kezkatzen edo arduratzen dituzten kontuak hitzez adierazteko eta beren kideekin partekatzeko, eta babes sozialeko sare bat irutea, muturreko egoerak saihesteko baliagarri izango zaiena».

Gazteei laguntzeko eta entzuteko Bada Bide Bat zerbitzuaren bidez, Mónica Eguido psikologoak gazteak gidatuko ditu eta zenbait ezagutza eta tresna barneratzen lagunduko die, beren indarguneak landu ditzaten, eguneroko egoerak eta horien kausak uler ditzaten eta beren egoera emozionalak kudeatzen laguntzeko estrategiak ikas ditzaten.

Ikastaroak zazpi saio izango ditu, eta lehenengoa otsailaren 17an egingo da, larunbatarekin. Gainerako saioak martxoaren 2an, martxoaren 16an, apirilaren 13an, apirilaren 27an, maiatzaren 11n eta maiatzaren 25ean egingo dira, 10:00etatik 13:00etara, Martindozenea gaztelekuan.

Izena emateko epea zabalik

Ikastaroa guztiz doakoa da. Ikastaroan parte hartzeko interesa duten guztiek otsailaren 14ra arteko epea dute,  GazteARTEan zerbitzuaren webgunetik deskargatu dezaketen inprimakia erabilita. Plazak mugatuak dira; gehienez 15 pertsona onartuko dira.

Ikastaroari buruz

Hona hemen ikastaroaren xehetasun guztiak. Aipatu behar da ikastaroa mailaka joango dela eta, aurrera egin ahala, ikastaroko gaiak lantzeaz gain, gazteek berek proposatutakoak ere landuko dituztela.

  • Otsailak 17

«POZTEN NAIZ NEURE BURUA EZAGUTZEAZ»: Autoezagutzarako eta asertibotasunerako tresnak.

  • Martxoak 2

«ADIMEN EMOZIONALA VS ANTSIETATEA»: Emozioak modu positibo batean ezagutzea, adieraztea eta gobernatzea.

  • Martxoak 16

«AHALDUNTZE MENTALA»: Pentsamendu negatiboak eta autoerrefusa kudeatzeko barne-elkarrizketak duen indarra.

  • Apirilak 13

«ZAINTZEN ETA MAITATZEN AL DUT NEURE BURUA?»: Autoestimua, erresilientzia eta psikologia positiboa hobeto bizitzeko.

  • Apirilak 27

«NEURE MUNDUAREN LEMAZAIN»: Gaitasun sozialak eta arazoak ebazteko teknikak ikastea, arrakasta lortzeko.

  • Maiatzak 11

«EZETZAREN INDARRA»: Norbere buruari eta besteei mugak jartzen ikastea, zoriontsu izateko.

  • Maiatzak 25

«ENPATIA ETA EGOISMO ARDURATSUA»: Nola lortu harreman pertsonal eta familiar osasuntsu eta aberasgarriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude