Zabalik daude Ahalduntze Eskolarako eta Autoestimu Tailerrerako izen emate epeak

Ikasturte berriaren hasierarekin matrikulazio aldia iritsi da. Irailean Emakumeen Ahalduntze Eskolak bigarren seihilekoko programazioari ekingo dio eta 4 ikastaro eskainiko dira urtea amaitu aurretik. Era berean, aurreko urteetako ereduari jarraituz taldean komunikazio positiboa eta autoestimua lantzeko tailerra ere antolatuko da. Dagoeneko martxan da bi ekintza horietan parte hartu ahal izateko izen ematea.

Miren Echeveste Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkariak ahalduntze eskolaren eta autoestimu tailerraren izen emate epeak eta eskaintzaren nondik norakoak azaldu ditu. Emakumeen Ahalduntze Eskolaren barnean antolatuko diren 4 tailerretarako izen ematea irailaren 14a baino lehen egin beharko da Irungo Udalaren webgunearen bitartez. Komunikazio positiboa eta Autoestimua Lantzeko tailerrean izena emateko epea, berriz, irailaren 12an amaituko da eta udalaren webgunearen bidez edo 010 edo 943 50 51 52 zenbakietara deituta egin behar da. Berdintasun ordezkariak gogoratu duenez, “ bi ekintzetan plazak mugatuak dira, eta izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira”.

Echevestek ahalduntze eskolak izandako fase ezberdinak gogoratu ditu, eskolak azken urteetan emandako salto kuantitatibo eta kualitatiboa azpimarratzeko. Era berean, tailerren doako izaeraz mintzatu da esanez, “ahaldundu nahi duen edozein emakumek izan behar du horretarako aukera, haren egoera ekonomikoa edozein dela ere”. Berdintasun ordezkariak jarraian proposatzen diren tailerren izaera praktikoa nabarmendu du: “Teoria oso ondo dago, baina harekin batera lan praktikoa egiten badugu, askoz iraunkorragoa eta eraldatzaileagoa izango da geratzen zaigun arrastoa”.

Ahalduntzea sustatzeko 4 tailer

  • Nutrizio lantegia
    Lehen tailerrak 3 modulu dauzka. Horien bidez, emakumeen organismoaren funtzionamendua osatzen duten 3 sistemen, immunitate-sistema, nerbio-sistema eta hormona-sistemaren arteko lotura estua ezagutuko da. Sistema horietan eraginda, gure osasun psikofisikoa hobetuko dugu, eta hori premiazkoa da egungo gizartean. Teoriatik harago, parte-hartzaileei eguneroko ohitura batzuk hobetzeko gakoak azalduko zaizkie.

Irakaslea Jone Mendarte izango da. Dietetika eta nutrizioko goi mailako teknikaria da, eta esperientzia du zenbait lanpostutan, hala nola osasun hezitzaile, aholkulari dietetiko pertsonalizatu eta ospitaleetako dietetika eta nutrizio unitateko teknikari gisa. Ikastaroa ostiraletan izango da, 17:30etatik 19:30etara, Palmera Montero Guneko 4. aretoan, eta hiru saio izango ditu, aurrenekoa irailaren 23an eta azkenekoa urriaren 7an.

  • Sexualitate kontzientea
    Bestalde, sexualitate kontzientearen ikastaroak bidaia bat egitea proposatzen du, emakumeen komunitate batean, emakumeek beren burua, gorputza eta sexualitatea modu kontzientean ezagutu dezaten. Horretarako, espiritualtasuna, maitasuna eta erotismoa landuko dira.

Irakaslea Amaia Urieta García izango da. Mindfulnessean espezializatutako aholkularia, terapeuta transpertsonala eta biodantzako laguntzailea, besteak beste, bai eta autozaintzarako mindfulness ikastaroen sortzailea ere. Ikastaroa astearteetan eskainiko da, irailaren 27tik azaroaren 29ra, 17:30etatik 19:30etara, Palmera Montero Guneko 4. aretoan.

  • Nire botere lekua
    “Nire botere lekua” ikastaroak arreta bakoitzarengan jartzeko modua irakatsiko du. Ikastaroan gune hori landuko da ariketa praktikoen bidez eta, bertatik, ikusiko da zer pentsamenduk mugatzen gaituzten, unean bertan bizitza libre eta osoago bat bizitzeko urratsak egiteari dagokionez.

Hori guztia Clara Wolfranen eskutik. Prestakuntza handia du berdintasunarekin, sexualitatearekin, mindfulnessarekin eta Gestalt psikoterapiarekin lotutako gaietan, eta ibilbide profesional oparoa du. Ikastaroa ostegunetan egingo da, urriaren 20tik abenduaren 15era, 17:00etatik 19:00etara, Palmera Montero Guneko 5. aretoan.

  • Antzerki Eskola Feminista
    Azkenik, Antzerki Eskola Feministaren ikastaroa ere eskainiko da. Ikastaro horretan, ikaskuntza ezinbesteko tresna bilakatuko da besteen aurrean sortzeko, besteen aurrean antzezteko, besteen aurrean nork bere burua erakusteko, iritziak adierazteko eta hobekuntzak proposatzeko. Azken batean, Antzerki Feministaren Eskolak taldean sormena esperimentatzeko espazio bat sortu nahi du. Mugimenduaren eta hitzaren plazera, espazioa okupatzearena, zer garen eta nolakoak garen sentitzearena, baita bakoitzaren ahotsarekin eta gorputzarekin espazioan zer irudikatzen dugun ere.

Ikastaro honen bitartekaria Ana Pérez Giráldez da. Jasotako prestakuntzaren eta ikuskizunen praktikaren bidez, prestakuntza ikastaroak zuzentzen eta diseinatzen ditu, askotariko tekniketan oinarrituta (inprobisazioa, clowna, bufoiak, komunikazioa, talde dinamikak eta genero ikuspegia). Ikastaroa ostiraletan emango da, urriaren 21etik azaroaren 25era, 18:00etatik 20:00etara, Palmera Montero Guneko 5. aretoan.

Autoestimua lantzeko tailerra
Aurreko urteetan bezala, Berdintasun arloak emakumeei zuzendutako komunikazio positiboa eta autoestimua lantzeko tailer bat antolatu du. Taldeko jarduera honen bitartez sustatu nahi da emakume parte-hartzaileen komunikazio positiboa, autoestimua eta ongizate pertsonala. Azken urteetan udalerrian egin izan den tailerra da, eta parte hartzen duten emakumeek oso balorazio positiboa eman ohi diote. Ikastaroak Elizabeth Olaskoaga Ezeizak emango ditu, Lahar Elkarteko aditu profesionalak. Lehentasuna izango dute tailerra aurretik egin ez duten Irunen erroldatutakoek.

Hemezortzi urtetik gorako Irungo emakumeei zuzendua dago, doakoa da eta emakume parte-hartzaileei zenbait gaitasun eta baliabide pertsonal erakustea du helburutzat, komunikazio positiboa errazteko eta autoestimua indartzeko, bizitza guztian. Horrela, beren ongizate emozionala areagotzen lagunduko dugu, bai eta haien harreman pertsonal eta sozialak hobetzen ere, hala familian nola kalean.

Bi tailer egingo dira, asteazkenetan, bata goizez 10:00etatik 12:00etara eta bestea arratsaldez 17:30etik 19:30era. Bakoitzak 12 saio izango ditu, irailaren 14an hasita eta abenduaren 14an amaituta. Tailer hauek Palmera Montero Guneko 4. aretoan egingo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude