Datorren denboraldian 8 traineru lehiatuko dira txapelketako lehen kategorian
Aurtengo ETE denboraldia amaitu da eta Hondarribiak Euskotren ligara igotzeko txartela irabazi du. Denboraldi ona egin dute eta neskek merezitako saria irabazi dute. Amaia Olazabal eta Elene Sagarzazu Hondarribiko ontzian arraunean ibili diren bi arraunlari irundar dira eta denboraldiko gorabeherak nola bizi izan dituzten kontatu dute.
Taldea denboraldiko lorpenekin pozik dago?
Amaia: Bai, mila esker. Oso pozik gaude eta taldean alaitasuna sumatzen da. Izan ere, denboraldi hasieran gure buruari ezarritako helburua betetzea lortu dugu. Oraindik ez dugu ospatzeko astirik izan, baina bai noski, oso pozik gaude lortutakoarekin.
“Oso pozik gaude eta taldean alaitasuna sumatzen da”
Amaia Olazabal, arruanlaria
Aurreko zapore gazi-gozoa kendu duzue igoera honekin?
Amaia: Bai, uste genuen atzera pausu honek taldea atsekabetuko zuela, baina ez da batere horrela izan. Esan ohi den bezala, atzera pausuak abiadura hartzeko aukera eman digu eta horrela gure helburua lortu ahal izan dugu.
Zein izan da hasieran markatutako helburu hori lortzeko gakoa?
Helene: Nik uste helburua lortzeko gakoetako bat batez ere kirolarien artean sortu dugun giroa izan dela. Izan ere, aurretik horrelako erronka bat duzunean laguntasuna funtsezkoa da. Horretaz gain, entrenatzailearen, klubaren, herriaren eta afizioaren babesa funtsezkoak izan dira.
Arrauna bezalako kirol batean talde lana funtsezkoa da. Datorren urterako aurtengo giro ona mantendu nahiko duzue, ezta?
Amaia: Bai, espero dugu daukagun giroa eta arraun blokea mantendu ahal izatea, asko laguntzen digulako bai barruan zein kanpoan.
Zer pasatu zaizue burutik datorren denboraldian pentsatuta?
Helene: Batez ere, poztasuna. Azken batean, goiko liga horretara itzultzeak alaitasuna suposatzen du, baina kirolean pausuz pausu joan beharra dago. Agian zerbait pentsatzen hasi zaitezke, baina burua hotz mantendu behar dugu. Orain pixkanaka entrenatzen jarraitu behar dugu eta ilusio berdinarekin borrokatzen jarraitu behar dugu.
Datorren urtean Euskotren ligan 8 traineru lehiatuko dira. Traineru kopurua handitzeak zuen prestaketan eragingo dizue?
Amaia: Ez, printzipioz lehiatzeko modua berdina da. Oso garrantzitsua da eman den pausu hau, goiko ligan 8 traineru egotea albiste ona da, ez arraunlarientzat bakarrik, baita ikusleentzako, beste xarma bat emango duelako.
“Goiko liga horretara itzultzeak alaitasuna suposatzen du”
Helene Sagarzazu, arraunlaria
Beraz, aurten bandera lortzeko lehia handiagoa egongo da?
Helene: Bai. Guztira bi txandetan lehiatuko gara eta bandera lortzeko lehia handiagoa izango da. Hortaz, erabakigarria izango da Ohorezko Txandan sartu ahal izatea bandera irabazteko.
ETE ligako denboraldia amaitu arren, oraindik Kontxako Banderan lehiatzea geratzen zaizue. Nola doaz prestaketa lanak?
Helene: Azkenean banku finkoan ospe handia duen txapelketa da Kontxako Bandera. Horregatik, ilusioz egingo diogu aurre erronka berri honi. Jasotzen dugun emaitza jasotzen dugula ere oso pozik egongo gara egindakoarekin, ziur azken paladara arte borrokatuko garelako, behintzat horretan saiatuko gara.
Azken erronka honi aurre egiteko prestaketa berezirik egin duzue?
Helene: Betiko martxan. Azken batean pasuz pausu lan egiten jarraitu dugu, beti egin izan dugun bezala eta etengabe entrenatzen.
Honen guztiaren ostean atsedenaldia hartuko duzue?
Amaia: Printzipioz deskantsatu. Libre izango dugun denboraz disfrutatu eta hurrengo denboraldia hasteko indarra hartu.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.