Aitzpea Gonzalez Espainiako Selekzioko kideekin kontzentratuta dago Sevillan, hurrengo Mundialeko probak prestatzeko. Arraunlari irundarrak azaldu duenez, aurrekoa ez da bere denboraldirik onena izan, Olinpiadetako bigarren sailkapenean eta Europako Txapelketa absolutuan izandako eragozpenen ondorioz. Dena den, Santiagotarrak klubeko arraunlaria hurrengo txapelketetarako prestatzen ari da, pandemiaren eragina murriztu eta laster lehiaketen erritmo normala berreskuratuko ahalko delakoan.
Pozik zaude Espainiako Txapelketako emaitzekin?
Bai, laukoan beste hiru neskekin zilarrezko domina lortu nuen. Zortziko ontziarekin, berriz, 4. postua eskuratu genuen, beraz, nahiko pozik nago lortutako emaitzekin. Eguraldi txarra egin zuen, haizea zebilelako eta arraunean haizea asko nabaritzen da. Hala ere, arraunketetan lortutako emaitzekin pozik gelditu nintzen.
Azken asteetan hainbat txapelketa pilatu zaizkizue?
Bai, astebururo txapelketa bat izan dugu. Normalean tarte gehiago izan ohi dugu txapelketa batetik bestera eta azken hiru txapelketak Urrunagako urtegian egin dira.
Hiru txapelketetan toki berean egitea lagungarria izan da zuentzat?
Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan parte-hartzea nahiko antzekoa izan zen, beraz, batetik bestera ez genuen alde handirik nabaritu. Espainiakoan, aldiz, maila altuagoko jendearen aurka lehiatzea egokitu zitzaigun. Gainera, Urrunagako urtegia Irundik gertuago dago eta desplazamenduak laburragoak direla nabaritzen dugu, esaterako, Bañolas edo Sevillako txapelketekin alderatuta, hara bidaiatzea nekagarria baita.
Kirolarientzat onuragarria edo kaltegarria da txapelketa asko elkarren segidan izatea?
Batetik, ondo dago asteburu batetik bestera gauzak hobetzeko aukera duzulako. Bestetik, astebururo guztia desmuntatu behar izatea eta haraino joatea nekagarria da. Hortaz, astebururen bat libre izatea ondo legoke.
Pandemiak baldintzatutako denboraldia izan dela nabaritu duzu?
Bai, kirol arloan asko eragin didala uste dut. Orain dela hilabete bat 2021eko Olinpiadetan parte hartzeko bigarren aukera izan nuen eta nire ontziko arraunlari batek positibo batekin zuzeneko kontaktua izan zuenez, ezin izan ginen txapelketara joan. Kolpe oso gogorra izan zen niretzat. Izan ere, bi urtez txapelketa horretarako entrenatzen ibili gara eta, nahiz eta joateko aukerarik ez izateak izugarri izorratu gaitu.
Olinpiadetako aukera galdu arren, nazioarteko beste lehiaketaren batean parte hartzeko aukera izango duzue?
Orain Sevillan kontzentratuta nago eta selekzioko jendearekin urrian jokatuko den Mundialerako entrenatzen ari naiz. Espainiako txapelketak sailkapen horretarako eraginik izan ez arren, ondo dago maila ona erakusteko.
Apirilean Europako Txapelketa Absolutuan parte hartu zenuen, ezta?
Bai, Varesen, Italian, jokatu zen. Hainbat arazo tarteko, Europakoa ere ez zen gure txapelketarik onena izan, baina garaipen zein porrotetatik beti ikasten da zerbait. Azken finean, hori da egin dezakegun gauza bakarra, ikasten jarraitzea gauzak hobeto kudeatzen jakiteko.
Europako txapelketan 11. postua lortu arren, esperientzia moduan ona izan zen?
Bai, hori da. Txapelketaren hasieran nahiko atzeratuta gelditu ginen. Igandean gutxienez Alemaniaren aurka jokatzeko aukera izan genuen, gainontzekoak jada oso urruti geneuzkalako, eta hori izan zen gure motibazioa.
Pandemiak, txapelketez gain, entrenamenduak ere baldintzatu dizkizue?
Batez ere beldur handiagoa nabaritu dugu, hau da, elkarrekin denbora asko pasatzen dugunez, bat kutsatuz gero gainontzekoak kutsatzeko arriskua dagoelako. Urduritasun hori txapelketan aurretik indartu dela ikusi dugu. Dena den, burbuila moduan funtzionatu dugu, denboraldiko garai konkretu batzuetan onartezina baitzen gutako edonor kutsatzea.
Nola aurreikusten da zuretzat aurtengo uda?
Oraintxe bertan urrira arte ez dugu beste txapelketarik. Momentuz entrenatzen jarraitzen dugu, ez dakigulako abuztuan edo irailean Mundialeko boteetan sartzeko probak egingo ote ditugun. Uztaila bukaeratik ia abuztu hasierara Sierra Nevadan entrenatzen egongo gara, ondoren, Sevillara itzuli eta Mundialerako sailkapena lortzen saiatzeko.
Atseden hartzeko aukerarik izango duzu?
Egia esan, kirol munduan murgiltzen zarenean deskonektatzeko aukera izatea zaila iruditzen zait. Oporretan forma fisikoa galtzeko arriskua dago, beraz, zaila da. Proben ostean, hau da, bai Mundialera joaten ez banaiz eta, bestela, Mundialaren ostean atseden hartuko dut. Olinpiadetako bigarren aukerarekin gertatutakoaren ostean ere atsedenaldia hartu nuen beharrezkoa sentitu nuelako. Urte osoan txapelketa prestatzen eman ostean aukera galdu izana oso gogorra egin zitzaidan.
Hurrengo denboraldia lasaiagoa izango dela uste duzu?
Bai, gehienok jada txertoa jarrita izango dugunez, espero dut birusaren intzidentzia jeistea eta ohiko bizitzaren erritmoa berreskuratzen hastea. Uste dut era horretan guztiok, modu batean edo bestean, gure betebeharretatik deskonektatzeko aukera gehiago izango ditugula.