Urrezko domina eskuratu du Nerea Garciak Trasonan

Santiagotarrak klub irundarrak senior eta junior mailako 11 palistekin parte hartu zuen kopan

Nerea Garcia Zabalegik urrezko domina eskuratu zuen Espainiako Sprint Olinpikoko Kopan. Lehen postuaz gain, Intza Mendez taldekidearekin batera bigarren postua lortu zuten 500 metrotako K2 kategorian, zilarrezko domina etxera ekarriz. XVIII. Sprint Olinpikoaren Ligako Ohorezko dibisioko Espainiako Sprint Olinpikoaren Kopako kirolariak Trasonako urtegian lehiatu ziren. Kluba, berriz, 12. postuan sailkatu zen Kopan parte hartu zuten 88 kluben artean. Asturiasen lorturiko azken garaipen horiek Mundialera begira jarri dute Nerea Garcia.

Trasonakoa ez da izan aurten lortu duzun garaipen bakarra ezta?
Ez, martxoan bigarren postua lortu nuen K1 kategoriaren barneko 5.000 metroetan, Sevillan.

Aurtengo denboraldiari begira indartsu zabiltzate?
Bai, aurtengo helburua mundialerako plaza lortzea da, hemendik bost astera izango ditugu horretarako egin beharreko proba selektiboak. Proba selektiboak egingo ditugu Galizian K1 kategorian 500 metrotan eta 200 metrotan. Txapelketa horretan lehen lau postuak lortzen dituzten kirolariek eskuratuko dute Mundialerako pasea.

“Aurtengo helburua mundialerako plaza lortzea da”

Zure burua lau horien artean ikusten duzu?
Hori da helburua eta hori lortzeko borrokatu beharko dugu

Non izango da aurten mundiala?
Errumanian, Pitesti hirian zehazki.

Aurretik beste mundialen batean ibili zara?
Bai, aurreko urtean mundialerako plaza bat lortu nuen K4 500 metroetako kategorian lehiatu nintzen eta zortzigarren postua lortu genuen.

Aurtengo mundialari begira zein izango da zure helburua?
Lehen helburua mundialean parte hartu ahal izateko plaza hori lortzea izango da eta, gero, mundialaren barneko sailkapenean ahalik eta postu altuena eskuratzen saiatzea.

Nola murgildu zinen zu piraguismoaren munduan?
Duela 7 urte hasi nintzen, piraguismoa telebistan ikusi eta asko gustatzen zitzaidalako ikusten nuen. Hori dela eta klubak udan antolatutako ikastaro batean kirola probatu nuen eta gaur arte.

“Gure atzetik etorkizun oso indartsua datorrela uste dut”

Txapelketak prestatu ahal izateko, astean zenbat aldiz entrenatzen duzue?
Astean 6 egunetan entrenamenduak dauzkagu. Entrenamendu guztietan uretara sartzen gara eta astean 3 aldiz gimnasioan.

Bidasoako ibaian neguak oso gogorrak izaten dira?
Bai, gogorrak izaten dira, euria, haizea, baina, moldatzen gara. Gimanioan ordu asko ematen ditugu, baina, baita uretan.

Askotan jendeak piraguismoa soilik besoen gauza dela uste du, baina, bestelako gorputz atalak ere lantzen dituzue entrenamenduetan?
Bai, astean bi edo hirutan gimnasioan sartzen gara, uretako entrenamenduak, korrika eta beste ariketa fisikoekin tartekatuz.

Oraindik jubenila izanik, kirola ikasketekin tartekatzea tokatzen zaizu?
Orain Batxilergoko bigarren mailan nago eta antolakuntza kontua da. Daukadan denbora ondo antolatzen saiatzen naiz, ahal dudan denbora libre gehiena lortzen saiatzeko.

Nola ikusten duzu Santiagotarrak klubeko harrobia?
Gure atzetik etorkizun oso indartsua datorrela uste dut, batez ere, nesken artean. Orain arte izandako Espainiako Txapelketetan urrezko dominak eskuratu dituzte K1 eta K4ean eta, hortaz gain, bigarren, hirugarren eta laugarren postuak lortu dituzte.

Piraguismoan azkenaldian emakumezkoen kirolak izandako gorakada nabaritu duzue?
Bai bai, gero eta neska gehiagok kirola praktikatzen dugula nabaritzen da eta polita da pixkanaka gauzak aldatuz doazela ikustea.

 

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude