Aste Santuan aspertzeko astirik ez Martindozenea Gaztelekuan

Irungo Martindozenea Gaztelekuak ekintza ugari antolatu ditu Aste Santuko oporrei begira. 12 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduriko proposamen ezberdinek osatzen dute bi aste horietarako programazio berezia eta ekintzetan parte hartu ahal izateko izen-emate epea zabalik dago jada. Apirilaren 18tik 20ra, ordea, Gaztelekuko instalazioak itxita egongo dira.

Era askotariko proposamenak biltzen dira Gabonetarako antolaturiko programazioaren egitura mantentzen dituen proposamen berri honetan. Hortaz gain, gazte-lekura hurbiltzen diren gazteen ideiak jaso eta eskakizunei erantzuteko ahalegina egin da ere. Proposaturiko ekintza gehienak 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendurik dauden arren, ekintza berezi batzuk antolatu dira helduagoak diren 25 urte arteko gazteentzat. Programazioa, ordutegiak, datak eta izen-emateak Martindozenea Gaztelekuaren webgunean kontsultatu daitezke.

Programaren barneko ekintza berezienetako bat “Gazte gaua: Reto Arritxulo” izena daraman ekintza da. Bertan, apirilaren 23ko 10:00etatik apirilaren 24ko 15:00etara Arritxuloko Gaztelekuan gaua pasako dute eta proba ezberdinak gainditu beharko dituzte. Doako ekintza honetan parte hartu ahal izateko izen-emate orria bete eta Gaztelekuan entregatu beharko da.

Gainontzeko ekintzak
Apirilaren 16an, asteartean, Aste Santuko programazioari hasiera emateko udaberriko pizzak eta #NoTeRiasChallenge ekintzak antolatu dira, arratsaldeko 17:30etatik aurrera gaztelekuan egingo direnak. Bertan parte hartu ahal izateko izen-ematea gaztelekuan egingo da.

Apirilaren 17an, asteazkenean, berriz, La Mina Scape Roomera irteera egingo da. Lau orduren artean aukeratu beharko da: 10:00, 12:00, 16:00 edo 18:00 eta, ordainketa egin baino lehen, aukeratutako ordua oraindik libre dagoen kontsultatzea gomendatzen da. Lau euro ordaindu beharko dituzte ekintzan parte hartu nahi duten gazteek eta, izen-emate orriarekin batera, bankuko ordainketaren ziurtagiria entregatu beharko da gaztelekuan.

Apirilaren 24ean, asteazkenean, Parkour tailerra egingo da Lotzen Ad elkartearekin arratsaldeko 17:30etatik aurrera, aurretiazko izen-ematerik eskatzen ez duen doako ekintza batean. Hurrengo egunean, apirilaren 25ean, FIMO tailerra egingo da arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Doako ekintza bat izango den arren, Gaztelekuan izen-ematea egitea beharrezkoa izango da tailerrean parte hartu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude