Badia klubak tenis eskolak ematen ditu Irunen San Martzial-Txingudiren udal kirol instalakuntzetan. Helene Robles eta Ane Festa klubeko kirolariak dira, tenisean trebatzeaz gainera, txapelketetan ere parte hartzen dutenak. Tenisean jokatzeaz gainera, praktikatzen duten kirolaz gozatzen dute eta denboraldiko azken partiduetara begira dituzten erronkak errepasatu dituzte elkarrekin.
Helene Roblesen kasuan, 8 urte zituenean hasi zen tenisean jokatzen. “Klubean hasi aurretik, nire aitarekin frontoian praktikatzen hasi nintzen erraketarekin jolasten”, azaldu du Helene Roblesek. Hala ere, behin eta berriro errepikatu zion aitari berak pista batean jokatu nahi zuela, egun batean benetako tenis pista batera eraman zuen arte. “Pistan tenisean jokatzea nolakoa zen probatu nuen eta asko gustatu zitzaidan”, aipatu du Helene Roblesek, klubean nola hasi zen gogoratuz.
“Pistan tenisean jokatzea nolakoa zen probatu nuen eta asko gustatu zitzaidan”
Helene Robles, Badia klubeko tenis jokalaria
Ane Festa berriz, bost urte zituela hasi zen tenisean jokatzen. Helene bezala, Ane ere aitarekin hasi zen tenisean lehen urratsak egiten. Ane Festaren hitzetan, “kirol hau asko gustatzen zitzaidala ikusi zutenez, klubera apuntatu ninduten, jokatzen ikasi nezan”.
Partiduak prestatzeko txapelketa eta teknifikazio taldeetan entrenatzen dira bi tenislari gazte hauek. Are gehiago, bi kirolariek entrenamenduetan lantzen dutena txapelketak prestatzeko oso baliagarria zaiela adierazi dute. Helene Roblesek hiru entrenamendu egiten ditu astero eta Ane Festak aldiz 4 entrenamendu, 7 ordu guztira.
Dena den, euria egiten duen egunetan entrenatzeko zailtasunak izaten dituzte, klubean tenis pista estalirik ez dute eta. Helene Roblesek azaldu duenez, “Egun euritsuetan padel pistetan entrenatzen dugu, horiek estaliak daudelako, edo bestela entrenamendu fisikoa egiteko erabiltzen ditugu egun horiek”. Ane Festak azaldu du, entrenamendu fisikoetan hainbat ariketa mota egiten dituztela: korrika egiten dute, eskaileretan ariketak egiten dituzte edo oreka lantzeko ariketak egiten dituzte. Izan ere, tenisaz harago doazen ariketak egiten dituzten arren, tenisean trebatzeko eta joko teknika hobetzeko baliagarriak zaizkie denak.
Azken emaitzak
Urtean zehar hainbat txapelketa jokatzen dituzte. Txapelketa horiek jokatzeko Gasteizera, Donostiara, Bilbora eta Iruñera joan behar izaten dute, hemen inguruan tenis klubak ez baitira oso ugariak. Helene Roblesek jokatutako azken partidetako emaitzak errepasatu ditu. Lehenik, Laukariz zelaian jokatutako X. Javi Martinez Sarian txapeldunorde izan zen, 7-6/3-6/12-10 galdu ondoren. Geroago, Helene Robles Iruñeko Jolaseta klubean jokatutako Open kategoriako Open txapelketan txapeldun izan zen 5-3/4-2 irabazita.
“Denboraldian zehar taldeka jokatzeko hainbat txapelketa izan dira, baina guk ezin izan dugu parte hartu klubean bakarrik bi neska garelako”
Ane Festa, Badia klubeko tenis jokalaria
Ane Festak ere hainbat lorpen garrantzitsu lortu ditu bere azken partidetan ere. Gasteizeko XXXVIII Open Txapelketan irabazlea izan zen, eta aurretik, Getxon, Borja Eguizabal Sarachoren V. Oroimenezko txapelketan txapeldunorde izan zen.
Hurrengo txapelketak
Badia klubeko tenis-jokalarien hurrengo helburua Euskadiko Txapelketa izango da. Horretaz gain, denboraldia amaitu aurretik beste hainbat txapelketa izango dituzte, Gipuzkoako Txapelketa ere tartean. Hurrengo partiduez galdetuta, Helene Roblesek aipatu du hurrengo txapelketak ez direla bereziki zailak izango, baina ahalik eta emaitza onena lortu ahal izateko ahaleginduko direla, berriro trofeoa lortzea inoiz ez baitago ziurtatua. Ane Festaren hitzetan, “Pozik gaude ez zaizkigulako aurkari zailenak tokatu, beraz, lasai gaude”.
Txapelketan neska gutxi
Klubean neska gehiago dauden arren, Badia tenis klubaren barnean txapelketetan parte hartzen duten neska bakarrak dira Ane Festa eta Helene Robles. Ildo horretatik, Helene Roblesek adierazi du ondo egongo litzatekeela txapelketetan elkarrekin aritzeko neska gehiago izatea klubean. Ane Festak berriz, gutxi izatearen abantailak azpimarratu ditu, entrenatzeko leku gehiago dutela eta beraz, lasai ibili daitezkeela esanez.
“Egun euritsuetan padel pistetan entrenatzen dugu, horiek estaliak daudelako, edo bestela entrenamendu fisikoa egiteko erabiltzen ditugu egun horiek”
Helene Robles, Badia klubeko tenis jokalaria
Txapelketetan banaka lehiatzen dira Ane Festa eta Helene Robles, izan ere, klubean beraien mailan lehiatzen den beste neskarik ez dagoenez, ezin dute txapelketetarako talderik osatu. Ane Festak adierazi duenez, “denboraldian zehar taldeka jokatzeko hainbat txapelketa izan dira, baina guk ezin izan dugu parte hartu klubean bakarrik bi neska garelako”. Taldea osatu ahal izateko beste bi jokalari beharko lituzkete, hau da, guztira 4 jokalari behar dira taldeka lehiatu ahal izateko.
“Pozik gaude ez zaizkigulako aurkari zailenak tokatu, beraz, lasai gaude”
Ane Festa, Badia klubeko tenis jokalaria
Badia klubeko neskek tenisa probatzeko deialdia zabaldu dute, batez ere, nesken artean, horrela, taldea osatu eta elkarrekin ere lehiatu ahal izateko. Helene Roblesek aipatu du ondo legokeela jendea tenisa probatzera animatuko balitz, gutxienez behin behintzat. Ane Festak aldiz, Badia klubean tenisaz neguan zein udaran gozatzeko aukera dagoela gogoratu du, beraz, urte osoan zehar hurbildu daitezke kirol hau probatu nahian dabiltzanak. Tenisetik gehien zer gustatzen zaien galdetuta, biek erantzun dute partiduak jokatzea asko gustatzen zaiela eta, oro har, tenisean jokatuz oso ondo pasatzen dutela.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



