Mirene Etxeberria, arku tiratzaile txapelduna

“Nire helburu nagusia 2016ko Olinpiar
Jokoetarako txartela lortzen saiatzea da”

Hamasei urte zituela hasi zen lehendabiziko geziak jaurtitzen Mirene Etxeberria. Hondarribiko Azeri Arku Tiroketa klubak ireki zizkion kirol honen ateak eta harrez geroztik emaitza onak bata bestearen atzetik etorri dira. Gaur egun, 19 urte dituela, estatuko eta nazioarteko tiratzaile onenetariko bat da eta 2013ko Irungo emakumezko kirolaririk onenaren saria lortu du. Madrilgo Joaquin Blume Errendimendu Handiko zentroan bizi eta entrenatzen den irundarra, etxera itzuli da Gabonak senideekin igarotzeko eta, bide batez, berarekin egoteko aukera izan dugu.

MIRENE ETXEBERRIA 1

– Zer dela eta hasi zinen kirol honetan?
4. DBHko ikasketa bidaian Bartzelonara joan ginen, eta bertan hainbat kirol egiteko aukera izan genuen. Horietako bat arku-tiroa izan zen. Hasieratik asko gustatu zitzaidan eta gurasoei kirol horrekin jarraitzeko nire ideia kontatu nien. Gauzak horrela, Azeri Arku Tiroketa Klubarekin harremanetan jarri zen ama eta, zaletasun bezala hasi zena, nire bizitzaren zati handi bat hartzen du egun.
– Arku-tiroan aritzeko zein dira eduki beharreko ezinbesteko gaitasunak?
Kontzentrazioak, adibidez, berebiziko garrantzia du. Urduritasunak ere ezinbesteko papera jokatzen du; une batez arreta galduz gero txapelketa gal baitezakezu. Horretaz gain, arkua behar bezala tentetzeko indarra eduki-tzea ere garrantzitsua da.
– Espainia mailan lortutako emaitza bikainak zirela eta, Madrilgo Joaquin Blume Errendimendu Handiko zentroan entrenatzeko eskaintza jaso zenuen. Nolako esperientzia izaten ari da?
Nire bigarren urtea da aurtengoa eta oso ondo moldatu naiz. Ingeles Filologia ikasten ari naiz; beraz, goizetan unibertsitatera noa eta arratsaldetan 5 orduz entrenatzen dut. Hasiera batean gogorra egin zitzaidan, baina orain erabat ohituta eta oso pozik nago.
– Iritsi berritan egungo entrena-tzaileak, HyungMok Cho korearrak, zure teknika erabat aldatu zuen. Nolakoa izan zen egokitzapen prozesu hori?
Hasieran kostatu egin zitzaidan, bi hilabetez gezi bakar bat jaurti gabe egon bainintzen. Arkua irekitzeko eta tentetzeko mugimendua egiten nuen bakarrik. Bi hilabete horien ostean, berriz, 5 metroko distantziara jaurtitzen hasi nintzen eta azkenean, txapelketetan finkatutako 70 metroko distantziara lehendabiziko jaurtiketak egiten bukatu nuen.
– Aurreko denboraldia bikaina izan zen zuretzat emaitzei dagokienez, ezta?
Bai, hala da. Ekainean izandako Mediterranear Jokoetan zilarrezko domina lortu nuen banakako eta taldekako kategorietan. Horretaz gain, Munduko Txapelketa Absolutuan egon nintzen eta bertan, 33. postuan sailkatu nin-tzen. Bestalde, Txinan izandako Munduko Junior Txapelketan seigarren geratu nintzen banakakoetan, eta zilarrezko domina lortu nuen talde mistoko kategorian. Azkenik Mexikon egon ginen, gonbidapen txapelketa batean. Banaka 4. izan nintzen eta talde mistoan, berriz, brontzedun.
– 2013-2014 denboraldira begira, zein dira zure helburu nagusiak?
Aurtengoa nire azkeneko junior urtea da; beraz, erronka nagusia Europako Junior Txapelketan emaitza ona edukitzea da. Maila absolutuan, berriz, taldeko kategorian sailkatzea da helburu nagusia, eta Europako txapelketara joateko txartela lortzea.

mirene arkue (1)
– Kirolari bezala mugarik ikusten al duzu zure progresioan?
Egia esanda ez diot nire buruari mugarik jartzen. Oso gaztea naiz eta oraindik nire teknika asko hobetu dezakedala esan didate entrenatzaileek; beraz, nire ametsak lortzeko gogor lan egiten jarraituko dut. Nire helburu nagusietako bat 2016ko Joko Olinpikoetarako txartela lortzea da. Badakit zaila dela, baina saia-tzeko prest nago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude