Mariñoko neskak irrikitan daude Ohorezko Erregional mailan denboraldi berri bati ekiteko

Mariño klubak denboraldi berria hasi du eta Ohorezko Erregional mailako nesken taldea denboraldiko erronkei ekiteko prest dago. Denboraldi hasiera arrakastatsua izan da, Urolaren aurka 0-3 irabazi dute-eta lehen partidua. Aurten gainera kategorian berritasun bat izango dute, partiduetan epaile laguntzaileak izango dituzte-eta. Idurre Cuestak, Mireia Zumetak eta Eider Lopezek denboraldi berrirako helburuak zeintzuk diren azaldu dute.

Garaipen bat denboraldia hasteko modu ona da, ezta?
Mireia: Bai. Lehenengo partidu horrek gure burua kokatzeko balio izan zigun eta poliki poliki partiduaren erritmoa hartzen joan ginen. Egia da, hasieran jokoa zein zen asmatu behar izan genuela, zer egin eta zer ez egin jakiteko. Lehenengo gola iritsi zen arte gol aukera asko izan ziren, baina ez genuen baloia atera bidaltzea lortzen. Azkenean partiduko lehen zatian lehenengo gola sartzea lortu genuen. Deskantsuan berriz, egoerari buelta eman genion eta guztira 3 gol sartzea lortu genuen, beraz, ondo.

Lehen garaipenak hurrengo partiduetarako motibazioa eman dizue?
Idurre: Hilabete bat baino gehiago daramagu aurredenboraldiarekin, beraz, hemendik aurrera denboraldia nolakoa izango den neurtzeko balio izan digu orain arte egindako prestaketak. Gainera, Reala eta Osasuna talde indartsuen aurka jokatu dugu. Aurreko egunean partiduaren erritmoa hartzea apur bat kostatu zitzaigun arren, aurredenboraldian egindako lana ikusi da zelaian.

Nola ikusi zarete aurre denboraldiko neurketetan?
Eider: Sentsazio onak izan genituen. Realaren eta Osasunaren aurka puntu batengatik galdu genuen, baina Oiartzunen aurka irabaztea lortu genuen. Beraz, orokorrean ondo ikusi gara.

Taldean jende berria duzue?
Mireia: Taldea aurreko denboraldiarekin alderatuta nahiko antzekoa da, izan ere, ez zaigu jokalari berririk batu. Jokalari pare batek taldea utzi dute arrazoi pertsonalengatik. Taldea aurreko urtean sortu genuen, oso batuta gaude eta hori jokatzerako orduan nabaritzen da. Pertsonalki ezagutzeaz gain, bakoitzak nola jokatzen duen ezagutzen dugu jada. Agian aurreko denboraldian jokatzeko modua desberdina zen eta aurten jokatzeko modu berri bat ikasten ari gara.

Aurretik taldea ezagutzea denboraldi honetarako abantaila bat izan daiteke?
Idurre: Bai, aurrekoa prestaketarako urtea izan zen, gainontzeko taldekideak ezagutu eta bakoitzak bere posiziotik inguruko jokalariekin jokatzen ikasi zezan. Beraz, aurreko urtean elkarri neurria ondo hartu ondoren, uste dut aurten geroz eta hobeto jokatuko dugula.

Nola aurreikusten duzue denboraldia?
Eider: Talde indartsuen aurka jokatzea tokatuko zaigu, adibidez, Reala, Antiguoko, Touring, etab., baina uste dut ondo moldatuko garela. Aurreko urtean zazpigarren postuan geratu ginen, baina uste dut aurten sailkapenean postu hobe bat lortzeko gai izango garela.

Denboraldi honetarako helburu zehatzik baduzue?
Mireia: Beti helburu nagusiren bat jarri behar da, baina helburu nagusi horretara iritsi aurretik, garrantzitsua da ere bigarren mailako helburu txikiagoak izatea. Helburu txiki horiek asteburuz asteburu ahaleginduz lortzen dira. Beraz, helburua hori izan behar da, partidu guztiak irabazten saiatzea, nahiz eta partiduren bat galtzea tokatuko zaigun. Beti esan ohi den bezala, ezin da emaitza exijitu, bai ordea esfortzua. Taldean ilusio handia dago. Nik urte asko daramatzat talde honetan eta aurten ilusio puntu ezberdin bat nabaritzen dut. Denboraldiaurrea hilabete batekoa izan da eta taldearen ahalegina lagunarteko partidu guztietan nabaritu dugu, nahiz eta berez ez partidu garrantzitsuak izan.

Zer iruditzen zaizue orain partiduetan epaile laguntzaileak izatea?
Eider: Ni epailea izan naiz eta gustatzen zait ideia hori. Aproposa iruditzen zait arbitroarekin batera bi laguntzaile egotea. Beharrezkoa zen gure kategorian horrelako aurrerapauso bat ematea.

Mireia: Nik uste abantaila handia izango dela, zalantzarik gabe. Izan ere, erabaki horrek profesionaltasun puntu bat gehitzen dio gure kategoriari. Beti futbol eskola bezala ikusi izan dira emakumeen kategoriak, arbitro bakarra zelako beharrezkoa. Lehen bat izatetik orain hiru izatera pasako gara beraz, aurrerapauso garrantzitsua da. Horrelako pausuei esker emakumeen futbola garrantzi handiagoa hartzen ari da eta horrelako gauzak ikusteak ilusio handia sortzen dizute. Horrela erabakiak zehatzagoak izango dira eta aldaketa hori hoberako dela suposatzen da.

Horrelako erabakiek emakumeen futbola profesionalizatzen dutela esango zenukete?
Idurre: Bai eta gainera, gu ere gehiago motibatzen gara horrela partiduak prestatzeko. Gainera, horrelako erabakiei esker gure kategoriari kanpotik ikusita are itxura profesionalagoa emango zaio. Izan ere, taldekoa ez den jendeak ikusiko du ez garela hona etortzen egunero besterik gabe zelaian orduak pasatzera edo lagunekin jolasean arratsaldea pasatzera.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude