Oiasso museoaren agenda jarduerez beteko da urrian

Kultura arloak jakinarazi duenez, Oiasso Erromatar Museoak bat egin du Ondarearen Europako Jardunaldiak direla-eta Gipuzkoan antolatu diren jardueren eskaintzarekin. Ekimen hori Europako Kontseiluak jarri du abian ondarea balioesteko, herritarrei ezagutarazteko eta ondarea kontserbatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko. 2022an, “Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible” lelopean, jardunaldien helburua da ondareaz modu jasangarrian gozatzera animatzea, ondarea zaindu eta belaunaldi berriek hartaz gozatzen jarrai dezaten bermatzeko.

Irugurutzetako meatze-barrutia eta Aiako Harriak natur ingurunea ezagutzera animatzen du Oiassok. Irugurutzetako ondare-eremuan meatze-galeriak eta minerala kiskaltzeko labeak daude. Aiako Harriko eta haren inguruko meatze-ustiapenak erromatarren garaian hasi ziren, eta Irugurutzetan bisita daitezkeen egiturak, berriz, garai industrialekoak dira. Bisita larunbatero izango da, 11:00etan, meategiak dauden paraje naturalean bertan. Museoak bisitariei proposatzen die Irugurutzetara bizikletaz joatea adibidez. Prezioa 5,50 eurokoa da helduentzat, eta 3,85 eurokoa, 6-14 urte bitartekoentzat. Erreserba 24 ordu lehenago egin behar da. Erreserbak: 943 63 93 53

Txango arkeologikoa Arabara

Oiasso Erromatar Museoak, bere jarduera-programaren barruan, txango bat antolatu du urriaren 22rako (larunbata), Veleiako eta Arkaiako aztarnategi arkeologikoak ezagutzeko eta BIBAT Arabako Museo Arkeologikoan aldi baterako dagoen “Tuttankamon, 100 urtez liluratuta” erakusketara joateko. Erakusketa hori Egiptoko faraoiaren hilobia aurkitu zuteneko mendeurrena ospatzeko antolatu dute.

Pertsona bakoitzeko, 60,00 euro. Prezioan sartuta daude joan-etorria autobusez, Veleiako eta Arkaiako aztarnategi arkeologikoetarako eta Gasteizko BIBAT Museorako bisita, bazkaria eta bidaia-asegurua.

Tokia erreserbatzeko, museora deitu behar da. Tokia emandakoan, ordaindu egin beharko da, esku-dirutan, txartelarekin edo banku-transferentzia eginez. 30 laguneko taldea dago aurreikusita, eta bidaia bertan behera utzi ahal izango da, kopuru horretara iristen ez bada. Informazio gehiago www.oiasso.com web orrian edo 943 63 93 53 telefonoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude