“Oiassoko emakumeak” bakarrizketak museora itzuliko dira Europako Ondarearen jardunaldiei esker

Irungo Udalak zabaldu egin du Oiasso Museoko jardueren eskaintza, Europako Ondarearen Jardunaldiak direla eta. Ekimen hori Europako Kontseiluak antolatu du ondarearen balioa aitortzeko, ondarea herritarrengana hurbiltzeko eta haren kontserbazioak duen garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko.

Kolektibo zehatzei bideratutako ekimenen ondoren («Oiasso zure eskuetan», «Oiasso deskubritzen»), museoak publiko orokorrari aukera eskainiko dio lau emakumeren begiradaren bidez historiara hurbiltzeko. «Oiassoko emakumeak» bakarrizketak lau antzerki-emanaldi dira, eta haien xedea da erromatarren garaiko errealitateak berriz ere bizitzara ekartzea. Olatz Beobidek eta Naiara Arnedok urriaren 9an eskainiko dute lehen emanaldia, larunbatarekin, Oiasso museoko Portua aretoan. Bigarrena Santa Elena ermitan eskainiko dute urriaren 23an (larunbatean hori ere) Patxi Pérezek eta Aia Krusek. Bi kasuetan, bakarrizketa bakoitzaren bi emanaldi eskainiko dira, aurrenekoa 12:30ean eta bigarrena 19:00etan, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Jardueraren prezioa 5,00 eurokoa da pertsonako. Sarrerak Oiasso museoan daude salgai. Jarduera hau Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatu da.

Bestalde, «Oiasso app-en bidez» ekimenari esker museoko bisitariek modu desberdin batean aztertu ahal izango dituzte bildumako pieza arkeologiko batzuk, Oiasso eta Tour Irun Romano app-ak erabilita. Errealitate birtuala, hiru dimentsioko irudiak eta errealitate areagotua erabilita, iraganeko leku eta gauza batzuk nolakoak ziren ezagutzeko parada izango dugu: Oiassoko portua, bertako biztanle baten oinetako iltzedunak edo sukaldeetan erabiltzen zituzten almaizak. Gainera, Irungo kaleetan ibiliko gara TIR app-arekin, hiriko aurkikuntzak non izan diren jakiteko (adibidez, Oiassoko nekropolia). Hitzorduak urriaren 16an eta 23an izango dira, goizeko 11:00etan. Bisita gidatuen kostua 5,50 eurokoa da helduentzat, eta 3,85 eurokoa 6 eta 14 urte bitarteko haurrentzat. Informazio gehiago 943 63 93 53 telefonoan eta museoaren webgunean (www.oiasso.com).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude