Oiasso museoak mugikorretarako aplikazioa estreinatu du bere bilduma herritarren eskura jartzeko

Maiatzaren 18an, asteartearekin, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da «Museoen etorkizuna: berreskuratu, berrirudikatu» lelopean eta, egun horrekin bat etorriz, Oiassok mugikorrentzako diseinatu duen aplikazioa aurkeztu du. Tresna digital berri horri esker, bisitariek beste modu berri batean deskubritu ahal izango dituzte bildumako zenbait pieza arkeologiko.

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak nabarmendu duenez, «beste urrats bat egin dugu horrela Oiassoren digitalizaziorantz. Teknologia berriek abantaila eta aukera asko ematen dizkigute gaur egun museo bat bisitatzean, eta gure kasuan erromatarrekin lotutako ondare historiko-kulturala herritarrei hurbiltzeko aukera izango dugu orain».

Xehetasunetan sartuta, aplikazio honekin ikus daitezkeenen piezen artean, nabarmentzekoa da Oiassoko portuaren 3Dko birsorkuntza birtual bat. Gainera, birtualki birsortu dira museoan ikusgai dauden beste objektu batzuk, hala nola munduan dauden egurrezko bi almaizetako bat, Irunen daukaguna, egurrezko kutxa bat eta gontz baten mekanismo adimentsua (horren zenbait pieza daude museoan) eta zapata iltzedun baten irudia (horren larruzko zola daukagu museoan).  Era berean, aplikazioak eskuragarriago jartzen ditu erakusketa iraunkorreko bost panel, edukiak errazago irakurtzeko «lupa» tresnaren bidez.

Aplikazioa bertako enpresa batek garatu du (Tempografix) Oiasso museoarentzat Gipuzkoa Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta oraingo Android gailuetan baino ezingo da erabili, baina lanean ari gara aurki iOS gailuetan ere eskuragarri egon dadin.  gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. Aplikazioa guztiz doakoa da Oiasso museoko bisitarientzat: sarrera ordaindu ondoren, pasahitz sinple bat emango zaie. Hori erabilita, doako aplikazioa jaitsi ondoren, eduki guztiak izango dituzte eskura. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943.63.93.53 zenbakira edo idatzi info-oiassomuseo@irun.org helbidera.

Aurki Oiasson

Oiasso Erromatar Museoak agendako hurrengo ekitaldien berri eman nahi du; adibidez, «Kontaiguzu dakizuna» hitzaldi-zikloa bueltan da maiatzaren 22an (larunbata), 19:00etan. Hitzaldi horietan Oiasso museoarekin lotutako lagunek kultura eta arteen zenbait alderdiren inguruan duten ezagutza partekatzen dute eta, oraingo honetan, Pintos ahizpak izango dira gurekin, Marina eta Ainhoa, eta musika izango da protagonista.

Marina Pintos pianista, yoga eta meditazio irakaslea, hazkunde pertsonaleko orientatzailea eta sonoterapeuta da.  Piano-interpretazioko masterra atera zuen Arizonako Unibertsitatean (AEB), eta «Pianistatik sonoterapeutara» izeneko hitzaldia emango ditu. Bertan, yoga eta meditazioa praktikatzen daramatzan 30 urteen berri emango digu, bai eta soinuak terapia-tresna gisa duen balioa aztertzen eman dituen 10 urteen berri ere. Ainhoa Pintos Nazioarteko Musicosophia Eskolako irakaslea da 2014tik, eta musika irakaslea Donostiako María Reina Eskolan 1997tik. Bertan, musicosophia txertatu du eskolaren musika-programazioan 2011tik aurrera. Bere hitzaldiaren izenburua honako hau izango da: «Musicosophia: musika klasikoaren entzunaldi kontzientea».

Halaber, musika izango da protagonista maiatzaren 27an ere. Aurten ohorezko matrikula lortu duten Irungo Musika Kontserbatorioko ikasleek emanaldi bat eskainiko dute, Borja Rubiños irakasleak pianoan lagunduta. Kontzertua 19:30ean hasiko da, eta hauxe izango da programa:

IRATI IBARRA (akordeoia):

  • Preludioa eta Fuga, Bach
  • Anantango, Gorka Hermosa

OIER CIGANDA (saxofoia):

  • Tableaux de Provence, P. Maurice
  1.     Farandole des jeunes filles
  2.   Chanson pour mamie

III.  La Bohémienne

  • Fantaisie, J. Demersseman

ENEKO DIEGUEZ (saxofoia):

  • Tango Estudio nº3, A. Piazzolla
  • Pequeña Czarda, P. Iturralde

MAITENA PAILLET (biolina):

  • Biolinerako kontzertua (1. mugimendua), Txaikovski

Pianoa: BORJA RUBIÑOS

Sarrera doakoa da. Ikusle kopurua mugatua dago. Sarrerak Oiasso museoko harreran banatuko dira maiatzaren 26an, asteazkenarekin, goizeko 10:00etan. Kontzertuan, nahitaez jantzi behar da maskara. Eserlekuen artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude