Oiasso museoak Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egin du

Oiasso museoak bat egin du aurten ere Ondarearen Europako Jardunaldiekin. Ekimen hori Europako Kontseiluak jarri du abian, ondarea balioesteko, herritarrei hurbiltzeko eta ondare hori kontserbatzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko. Ekimen hori, Euskadin, foru-aldundiek antolatzen dute Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Aurtengo programak 100 jarduera baino gehiago ditu, 35 herritan baino gehiagotan egingo da, eta asmoa da kultura eta ondarea eskuragarritasun unibertsalaren bidetik zabaltzeko jarduerak eskaintzea.

Hori dela eta, Oiassok bi jarduera proposatu ditu kolektibo espezifikoentzat. Irailaren 15ean, 22an eta 29an “Oiasso zure eskuetan” jarduera egingo da. Horretan, ibilaldi bat antolatu da museoan barrena ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat; ukimen-esperientzia bat, Oiasso museoko objektu arkeologikoen erreprodukzioekin, hilarriekin eta Oiassoren maketarekin. Areto bakoitzeko informazioa ere braillez egongo da.

“Oiasso ezagutzen” jarduera asteazkenero eta ostiralero egingo da urrian, museoan. Beste leku batzuetatik etorri berriak izan eta hizkuntza-premia bereziak dituztenak hartzen dituzten ikastetxeei zuzendutako jarduera da (HIPI). Honetan, laborategiko arkeologia eta ikerketako tailer bat egingo da.

Jarduera horien asmoa da gure ondarea ezagutzea eta hartaz gozatzea oztopatzen duten oztopo fisiko, psikiko, kultural eta sozialak gainditzen laguntzea. “Oiasso zure eskuetan” eta “Oiasso ezagutzen” jarduerez gain, urriko asteburuetan, bisita gidatuak egingo dira teknologia berrien laguntzarekin, museoko erakusketa iraunkorra eta Ama Xantalengo nekropolia ezagutzeko. Informazio gehiago, 943 63 93 53 telefonoan eta museoaren www.oiasso.com web orrian.

Amaitzear da “Lokatza, historiaren zaindari” erakusketa

Datorren ostiralean, irailaren 17an, 19:00etan, mahai-inguru bat egingo da Oiasso Museoan, Bertan, Giorgio Studer Gordailuko zaharberritzaileak eta Jokin Lanz museoko jarduera-arduradunak parte hartuko dute; gaia, berriz: erakusketan dauden pieza organikoen aurkikuntza eta zer tratamendu eman zaizkien.

“Lokatza, historiaren zaindari” erakusketan, azken bi mila urtean lokatzak kontserbatu dituen piezak ikusi ahal izango dira. Hainbat pieza eta objektu biltzen dira bertan, hala nola I. eta II. mendeetako Oiasso inguruko pieza erromatarrak eta VI-VIII. mendeetako Gijongo Tabako-fabrikako putzu-gordailuan egindako indusketetatik ateratako objektuak; eta erakusketa osatzeko, ikusgai daude XIII. mendetik XVI. mendera Hondarribian eta Gipuzkoako beste herri batzuetan egindako aurkikuntza batzuk ere. Erakusketa irailaren 19an bukatuko da, igandearekin, eta hurrengo egunetan Gijonera joango da, datozen udazken eta neguan ikusgai egoteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude