Dies Oiassonis inoiz baino indartsuago dator

Irun garai erromatarrera itzuliko da berriro uztailaren 14tik 17ra. Aurrekontua 200.000 eurotik gorakoa izango da jaialdi erromatarraren edizio handiena ospatzeko, 2019an erabilitako aurrekontua bikoiztuz. Zirku erromatarrak, Navigium-ak eta antzezpen historikoak izango dira Dies Oiassonis jaialdiaren programazioa osatuko duten ekintza nagusietako batzuk.

Juncal Eizaguirre Irungo udaleko Hiri Bultzadako arloko ordezkariak adierazi duenez, “Irun Oiasso izango da berriz ere egun batzuez. Indar handiko programa bat izango dugu, eta mugarri handia izango da”. Hiri Bultzada arloko ordezkariak azpimarratu du horrelako ekitaldiak oso garrantzitsuak direla hiria dinamizatzeko, “Irunen zorte handia dugu, erromatar iraganarekin lotutako ondare historikoa garrantzitsua delako eta jaialdi hau plataforma bikaina da ondare hori ezagutzera emateko”.

Juncal Eizaguirrek aipatu duenez, “aurten, berriro ere, formatu normalean egingo da jaialdia”. Alde batetik, antzezpen historikoak izango dira, hala nola Navigium Isidis edo Isis jainkosaren ohorezko prozesioa edo zirku erromatarra eta, bestetik, antzerki emanaldiak eta esperientzia gastronomikoak ere izango dira. Hiri Bultzadako arloko ordezkariak gogoratu du aurreko urtean pandemiara egokitutako jaialdi bat antolatu zutela, baina ez zuen inolako zerikusirik izan ordura arte egindako beste Dies Oiassonisekin.

Gainera, aurtengo edizioa are bereziagoa izango da, laster terma erromatarrak prest izateko ilusio erantsia dagoelako. Horrela, Irungo ondare erromatarra osatuko da eta jaialdian zehar hiritar guztiei termak berreskuratzeko proiektuaren berri emango zaie. Terma erromatarren kontura, jaialdiak irauten duen bitartean, bide batez, birgaikuntza proiektua areago ezagutaraziko da, Museoaren egoitzaren parean kaleko erakusketa moduko bat osatuz jarriko diren panel batzuen bidez. Juncal Eizaguirrek azpimarratu duenez, “ ekonomiari dagokionez, oso garrantzitsua da hiriarentzat San Pedro eta San Martzial jaietatik 15 egun igaro ostean hirian neurri honetako jaialdi bat antolatzea”.

Jaialdiaren XII. edizioak hemengo eta hango jendea erakartzeko helburuari eutsiko dio, inguruetako udako kultur hitzordu garrantzitsuenetako bat da eta. Antzezpen historikoko jaialdi bat denez, Dies Oiassonisek historiaren berri eman nahi du garaiko elementuak zorroztasun osoz birsortuz. Horrela, Erromatar Inperioaren garaiko Oiasso hiriko janzkerak, agertokiak eta materialak ikusiko dira egun horietan zehar Irunen.

Zirku erromatarra
San Juan plazan izango da, eta saioak egingo dira hilaren 15ean, ostiralean, 18:00etan, 16an, larunbatean, 16:00etan eta 22:00etan eta 17an, igandean, 13:00etan. Sarrerak salgai egongo dira turismo-bulegoan, Oiasso Museoan eta zirkuaren sarreran bertan, ikuskizuna hasi aurretik, 5 euroan.

Azoka erromatarra
Aurten uztailaren 14tik 17ra egingo da, Fermin Calbetón eta Foru kaleetan eta Jenaro Etxeandia plazan, CBAra sartzeko eremuraino. Jaialdiaren 4 egunetan zabalik egongo da 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 20:30etara. Erromatarren munduko artisautza-produktuak eta elikagaiak eskainiko dituzte saltzaileek. Azokaren indargarri gisa, beste feria bat egongo da museoaren sarrera inguruan. Bertan, besteak beste, pieza arkeologikoen brontzezko erreplikak, kosmetikoak eta medikuntzako tresnak egongo dira, bai eta artisautzako pieza gehiago ere.

Antzerkia
Antzerkiaren atala bereziki indartuko da XII. Dies Oiassonis jaialdian. Juncal Eizaguirrek adierazi duenez, “krisialdietatik beti aukera berriak sortzen dira eta aurreko urtean antzerki klasikoaren alde egindako apustua errepikatu nahi izan da”. Antzerki emanaldiak guztira 5 izango dira eta programazioa honakoa da:

Uztailaren 14an, ostegunarekin, «Els Joglars» konpainiak ”¡Que salga Aristófanes!” obra eskainiko du Amaia Kultur Zentroan, 20:00etan. Sarrera orokorra 15 eurokoa izango da eta hobaridunak, berriz, 10 euroko prezioa izango du. Sarrerak ohiko kanalen bidez eros daitezke: Udalaren webgunean eta turismo-bulegoan eta Amaia KZko txarteldegian, sarrerarik geratzen bada.

Uztailaren 16an, larunbatarekin, William Shakespeareren ”Tito Andrónico” obra eskainiko da Junkaleko plazatxoan, 22:00etan, publiko helduari zuzendua. Méridako Erromatar Jaialdiaren eta Teatro Noctámbulo taldearen arteko koprodukzio bat da. Sarrera orokorra 10 eurokoa izango da eta hobariduna, berriz, 7 eurokoa. Ohiko kanalen bidez eros daitezke: Udalaren webgunean eta turismo bulegoan eta Oiasso Museoan, ikuskizunaren aurretik, sarrerarik geratzen bada.

Igandean, goizeko 11:30etan, Ezezagunok Antzerki Elkarteak ”La paz y otras lunas” eskainiko du Junkaleko plazatxoan. Sarrera doakoa da.

Mujeres de Oiasso bakarrizketak hilaren 16an egingo dira, larunbatarekin, 12:00etan eta 13:00etan, terma erromatarren lorategian, Sarasate kalean. Prezioa 7 eurokoa da eta Oiasso Museoan salgai daude. “¡Las peripecias de un joven de Oiasso!” bakarrizketa uztailaren 17an, igandean, 12:30etan, Junkal plazatxoan eta, ondoren, Oiassoko antzerki tailerra, “Aristofanesen Lisistrata” obraren bertsio laburtu batekin.

Antzezpen historikoak
Dies Oiassonis jaialdiak Behe Inperioaren garaiko kanpamentu baten erreplika bat izango du. Soldaduen janleku baten antzezpena ere egingo da, eta Erromatar Inperioaren garaiko eguneroko bizitza irudikatzeko zenbait tailer egingo dira. Antzezpenen ekitaldi nagusia Navigium Isidis prozesioa izango da, uztailaren 16an arratsaldeko 19:30etan.

Museoan, aipagarriak dira Antzinako Erromako garbiketa eta norberaren higieneari buruzko antzezpen bat, larunbatean 13:30ean. Bestetik, gladiadorearen historiari buruzko beste bat, larunbatean 17:30ean eta igandean 11:30ean Oiassoko plazan eskainiko dena. Bestalde, ostiralean 19:00etan Oiasso antzezpen historikoko Irungo elkartearen aurkezpena egingo da. Museoko plazako agertokian izango da.

Tailerrak
Ohi bezala, jaialdian dozena bat tailer eskainiko dira. Tailer bakoitzaren prezioa 4 euro izango da pertsona bakoitzeko, larrugintzakoarena izan ezik, zeina doakoa izango den. Erreserbak, Oiasso Museoan edo 943639353 telefono zenbakira deituta. Hauexek dira:

-«Kameuak, bitxi erromatarrak» tailerra: uztailaren 15ean, ostiralarekin, 17:00etan, Oiasso Erromatar Museoko plazatxoan. Tailer honetako parte-hartzaileek aukera izango dute igeltsuz eginiko kameuak apaintzeko eta beren bitxi propioak muntatzeko.

-Erromako larrugintzako tailerra: ostiralean, hilaren 15ean, 17:00etan; larunbatean, hilaren 16an, 11:00etan; eta igandean, 11:00etan. Antolatzailea: Oiassoko historia irudikatzeko elkartea. Doan.

-Ezkutu erromatarrei buruzko tailerra: uztailaren 15ean, ostiralarekin, 18:00etan Oiasso Erromatar Museoko plazatxoan. Jarduera honetan beren ezkutu erromatar propioa margotzeko proposamena egingo zaie parte-hartzaileei.

-«Historiari jokoa eman» tailerra: uztailaren 15ean, ostiralarekin, 18:30ean; uztailaren 16an, larunbatarekin, 12:30ean eta uztailaren 17an, igandearekin, 12:30ean, Museoko plazatxoan. Karta-jokoa.

-«Tanagrak, emakumezkoen estatuatxoak» tailerra: uztailaren 15ean, ostiralarekin, 19:00etan, Museoko plazatxoan. Antzinako Greziako estatuatxoak munduko museo ospetsuenetan gordetzen dira, eta tailer honetan figura horien igeltsuzko kopia bat koloretan margotu ahalko dute parte-hartzaileek.

-«Neptunalia, itsasoaren jainkoaren jaialdia» tailerra: uztailaren 16an, larunbatarekin, 11:00etan, Museoko plazatxoan. Gazteenek gustukoen dituzten Neptunoren lagunak hautatu ahalko dituzte (itsas zaldiak, arrainak, olagarroak…), eta helduagoek itsas figurak osatuko dituzte quiling delako teknika erabiliz.

-«Kaskoak eta diademak» tailerra: uztailaren 16an, larunbatarekin, 12:00etan, Museoko plazatxoan. Tailerraren xedea legionario eta zenturioienak bezalako kaskoak eta diademak egitea da.

-«Pupae, jostailu erromatarrak» tailerra: uztailaren 16an, larunbatarekin, 13:00etan, Museoko plazatxoan. Tailer honetan, jostailu bat egingo dute parte-hartzaileek. Erromatarren garaian askotarikoak ziren panpinak (soldaduak, gladiadoreak…). Trapu, hezur, buztin eta abarrez egiten zituzten, eta forma desberdin ugari zeuden: animaliak, jainkoak, tenpluak..

-«Antzerkiko maskarak» tailerra: uztailaren 16an, larunbatarekin, 17:00etan, Museoko plazatxoan. Quilling teknika erabilita, antzerki-maskara bat egingo dugu.

-«Classis, erromatar ontzidia» tailerra: uztailaren 16an, larunbatarekin, 18:00etan, Museoko plazatxoan. Tailer honetan, parte-hartzaileek Erromako itsas armadaren xehetasunak ezagutuko dituzte, eta horren boteretsua izatera nola iritsi zen ere deskubrituko dute. Egurrezko itsasontzi bat eraikiko dute piezak elkarri lotuta, eta margotu egingo dute elementu nagusiak ezagutzeko.

-«Bullae, erromatarren amuletoak» tailerra: uztailaren 16an, larunbatarekin, 19:00etan, Museoko plazatxoan. Tailer honetan, parte-hartzaileek bulla bat egingo dute: larruzko bola bat da, eta barruan landare aromatikoak jartzen zaizkio. Erromatarren garaian lepoko babesgarri gisa erabiltzen zituzten.

-«Oscilla, zintzilikatzeko apaingarriak» tailerra: uztailaren 17an, igandearekin, 11:00etan, Museoko plazatxoan. Tailerreko parte-hartzaileek buztinezko apaingarri biribilak margotuko dituzte, gero etxean, lorategian edo terrazan zintzilikatzeko.

-«Pintura iztuku gainean» tailerra: uztailaren 17an, igandearekin, 12:00etan, Museoko plazatxoan. Parte-hartzaileek iztuku gaineko pintura bat egingo dute, diseinu ponpeiar batzuk erreferentzia gisa hartuta.

-«Ptolomeoren izarrak» tailerra: uztailaren 17an, igandearekin, 13:00etan, Museoko plazatxoan. Parte-hartzaileek idazteko tresnak ezagutuko dituzte eta horiek erabiltzen ikasiko dute; gainera, kalamu edo luma erabiliz idazteko oinarrizko printzipioak ikasiko dituzte.

Beste ekitaldi eta ikuskizun batzuk
Bloke honetan, aipagarriak dira honako hauek: «Aisialdia eta ikuskizunak Antzinako Erroman» hitzaldia, uztailaren 15ean, ostiralarekin, 18:00etan, Oiassoko Portu artekoan (sarrera doan); Ludi Scaenici taldearen musika eta dantza emanaldia, uztailaren 15ean, ostiralarekin, 22:00etan, Junkaleko plazatxoan (sarrera doan); Kalejira erromatarra, ostiralean, hilak 15, 17:00etan, eta larunbatean, 21:00etan, Museoaren egoitzatik San Juaneraino, eta igandean, 12:00etan, Zabaltzatik San Juaneraino; ginkana dendetan barrena, turismo bulegotik abiatuta, larunbatean, hilaren 16an, 11:30ean, Museoaren egoitzaren parean.

Aurten diziplina berri bat batuko da Dies Oiassonis jaialdira: zinea. Uztailaren 17an 22:00etan Gladiator filma emango da. Aire zabaleko emanaldia San Juan plazan egingo da, zirkuaren instalazioa baliatuz eta Bang Bang Zinemaren animazioarekin.

Esperientzia gastronomikoak
Ostalaritza Dies Oiassonis jaialdiaren beste atal garrantzitsu bat izango da. Pintxoaren ibilbidea uztailaren 8tik 17ra egingo da, hiriko 22 establezimenduren parte-hartzearekin. Taberna edo jatetxe bakoitzak erromatarren garaian inspiratutako pintxo bat prestatu du. Honako estrablezimendu hauek parte hartuko dute egitasmoan: Gaztelumendi, Sargia, El Tostadero, Rugby Taberna, Manolo, Basque Corner, Mari, Ekialde, Irungo Atsegiña, El Bule, Swing Berri, Bikote, Izkina, Altzola, Danako, Felix Manso Ibarla, Naroa, Virginia, Papperino, Real Unión, Don Jagubo eta Bakar.

Bestetik, afari erromatarra antolatuko da, ikuskizun eta guzti, programako berritasunetako bat izanik. Ehun lagunentzako afari bat izango da, San Juan plazan, zirkuko hondarraren gainean. Menua erromatarren garaian inspiratuko da eta, horrez gain, ikuskizun bat ere eskainiko da. Felix Manso Ibarla, Irungo Atsegiña, Gaztelumendi eta Atalaia jatetxeek parte hartuko dute; ikuskizuna, aldiz, A&B Shows eta My Dance Studiok eskainiko dute. Afarirako txartelak 10 euroan saltzen dira turismo-bulegoan.

Merkataritzarekin eta ostalaritzarekin lotuta, stock azoka bat ere egingo dute tokiko merkatariek jaialdiaren egunetan, beren produktuak kalera aterata.

Aurretiazko ekitaldiak
Programa osatzeko, haurrentzako jolasen programa bat, photo call bat eta aurretiazko bi jarduera nabarmen antolatu dira. Alde batetik, asteazkenean, uztailaren 6an, Mercedes Unzu Urmeneta eta Mertxe Urteaga Artigas arkeologoek «Una tarde en las termas» hitzaldia emango dute. Oiasso Erromatar Museoko Portu aretoan izango da, arratsaldeko 18:00etan.

Gainera, uztailaren 8tik aurrera, «Mérida, Theatrum Mundi» aldi baterako erakusketa ikusgai egongo da Oiasso Museoan. Méridako antzoki erromatarraren irudi argitaragabeak, plano historikoak eta urteetan egin diren konponketa proiektuak biltzen ditu erakusketak. Oiasso Museoaren eta Méridako Antzerki Klasikoko Nazioarteko Jaialdiaren arteko lankidetzari esker, Irunen erakusketa honetaz gozatzeko aukera izango dugu. Urriaren 31ra arte egongo da gurean.

Azkenik, aipatzekoa da hilaren 9an 01:00ean SER Historia saioan Oiassori eta Antzinako Erromari buruz jardun zutela. Gainera, saioa grabatu, eta irratiaren podcast plataforman jarriko dute, noiznahi entzuteko moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude