Uztailaren 16an Hondarribia Beach Errugbi Txapelketa antolatuko du Txingudi Errugbi klubak

Datorren larunbatean, uztailak 16, Zaisa Txingudik hondartza-errugbi txapelketaren bosgarren edizioa antolatuko du.

Momentuz, hamabost talde izango dira lehian, gizonezkoen senior, emakumezkoen senior eta beteranoen kategorietan, eskualdeko hondartza-errugbiko urteroko txapelketan, 10:30etatik 15:00ak arte iraungo duena.

Txapelketarekin batera, errugbi inklusiboa ezagutarazteko jardunaldi bat egingo da, puzgarriak egongo dira txikienentzat eta, amaitzean, parte-hartzaile eta laguntzaileek hirugarren denboraz gozatzeko aukera izango dute. DJ Asunciok girotuko du jardunaldia.
Klubak eskerrak eman nahi dizkie Hondarribiko Udalari, kartela diseinatu duen Judas Arrietari eta txapelketako babesleei: Zaisa, Biok, Dinuy, App informatika, Pasquier, Aurreratu elkartea, Ipardis Bascogel, Txinzer, Amstel, Basque taberna Hondarribia, Cuétara eta Artiach.

Euskadi, Burgos eta Iparraldeko hainbat lekutako partaideak
Ezustekorik ezean, hamabost taldek jokatuko dituzte txapelketako hiru kategoriak. Emakumezkoen senior mailan, Txingudik Arrasate eta Gaztedi batzen dituen talde baten eta Mungiaren aurka aurka jokatuko du.

Gizonezkoen senior mailari dagokionez, zazpi talde lehiatuko dira: Txingudi Warriors, Keler, Mena’s, Asurren lagunak (taldeko jokalariz osatutakoak), Orereta RB (Txingudin jokatzen duten Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo jokalariz osatua), Txikineta (Donostiako Bera Berako jokalariekin) eta Ahari Beltzak Baba (Frantziako hainbat eremutatik etorritako eta Txingudiko jokalari ohiak).

Azkenik, beteranoen kategorian, beste bost talde egongo dira: Bera Bera Gurdizaharrak taldeko donostiarrak, Mungiako Torpedo Gorria, Pena Touch (Irungo Toucheko beteranoak) eta talde ezberdinetako bi konbinatu, Arrasate eta Gaztedi batzen dituena, alde batetik, eta Txingudi eta Burgos, bestetik.

Udako errugbi modalitate hedatuenetakoa
Beach rugby errugbi tradizionalak baino kontaktu gutxiago duen modalitatea da. Plakajearen ordez, defentsa batek baloia daramana ukitzean, baloia gelditzeko eta pasatzeko betebeharra du. Zazpikoarekin batera, errugbian aritzen direnek urteko sasoi honetan gehien praktikatzen duten modalitateetako bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude