Euskal Herria Hiri Elkargoaren garraio kolektiboko sareetako bat da Hegobus, eta, joan den udan, hirian duen presentzia areagotu zuen: ordura arte, Irun erdialderaino sartzen zen mugaz gaindiko linea, Fermín Calbetón kalera, baina, udan, abiaburu bat jarri zen Puianan, eta hiri osoa zeharkatzen hasi zen. Bada, uztailetik aurrera, udan, orduko ibilbide bera egingo du.
Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek adierazi duenez, “oso aurrerapauso garrantzitsua da linearen ibilbidea luzatzea eta, horrela, Irungo mugaz gaindiko garraio publikoko sarea sendotzea. Hiri barruko lineez eta hirian sartzen diren hiriartekoez gain, Hegobusen linea bat dugu: bagenuen lehendik ere, baina, bigarren urtez jarraian, hazi, eta askoz auzo gehiagori emango die zerbitzu. Hondartzaraino iristen da autobusa, eta, gainera, Iparraldeko hainbat udalerritara daramaten lineekin konektatzeko aukera ematen du. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuaren barruan garraio publikoaren erabilera sustatzeko beste modu bat da”.
Zerbitzua (31 linea) abuztuaren 28ra bitartean egongo da martxan, eta, ondoren, ohiko ibilbidea egingo du berriro, Fermín Calbetón kaleraino. Horrela, uztailean eta abuztuan, egunero, autobus batek Puiana eta Hendaiako hondartza lotuko ditu, tartean zenbait geldialdi eginda: joanekoan, Puianan bertan, Letxunborro hiribidean (Gibanakan), Hondarribia kalean (Gurutze Gorriaren egoitzan), Colón ibilbidean (43 zenbakian), San Juan plazan eta Ficoban, eta, bueltan, Ficoban, Fermín Calbetón kalean, topo geltokian, Hondarribia kalean, Letxunborro hiribidean (Gibeletan) eta Puianan. Txartelaren prezioa 1,20 euro da.
Hegobus garraio-sareak hiri barruko zein hiriarteko zerbitzuak ematen ditu: hiri barrukoak, Hendaian eta Donibane Lohizunen, eta hiriartekoak, Hendaia, Biriatu, Urruña, Ziburu, Donibane Lohizune, Getaria, Ahetze, Azkaine, Sara eta Senpere artean. Hegobus 2016an iritsi zen Irunera, eta oso urrats garrantzitsua izan zen Bidasoaren alde bietako mugaz gaindiko harremanetarako. Gogoan izan Hegobusen 33. linea ere Irunera iristen dela: hondartza eta Behobia arteko ibilbidea egiten du.
Lineei buruzko informazio guztia udalaren webgunean (www.irun.org) edo http://hegobus.fr/fr/ helbidean dago. Handik deskargatu eta kontsultatu daitezke ordutegiak eta zerbitzuaren zehaztasunak.