José Antonio Santano Irungo alkatea eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria Paueko Prefeturan izan ziren atzo, eta Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu ziren. Muga inguruko errealitatearen zenbait gai landu baziren ere, bilera eskatzeko arrazoi nagusia Bidasoaren alde honetatik Frantziako gobernuari Abenida zubia berriz irekitzeko egin zitzaion eskaera izan da. Izan ere, 2021eko urtarrilean zubi hori ixtea erabaki zuten, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko» .
Gogoan izan behar da zubia eraberritzeko lanak amaitu berriak zituela Irungo hiriak, hiru urte luzeren ondoren eta 2,2 milioi euroko inbertsioa egin eta gero, 2020ko abuztuaren 28an ireki baitzen zubia.
José Antonio Santanoren hitzetan, ez da nolanahiko zubia: «mugan bertan dagoenez, berebiziko garrantzia duen gune komertzial eta turistikoa da. Horregatik, zubiaren itxierak inguruko bizitza sozial eta ekonomikoari kalte larria eragiten diola uste dugu, eta lehenbailehen ireki beharko litzatekeela pentsatzen dugu».
Alkateak zubia itxita mantentzearen eragin ekonomiko eta sozialak biltzen dituen dosier bat eman zion Eric Spitz prefetari, eta adierazi zion muga lehenbailehen irekitzea nahi duela. Dosier horretan, Santanok zubiaren alde frantsesa ixtearen ondorioak aipatzen ditu: Santiago inguruko jarduera ekonomiari eragiten dio, erakustazokara iristea zailtzen du, Europa mailako Ederbidea bidegorria moztuta geratzen da, eta segurtasun-arazoak dakartza, eremu hori irteerarik gabeko bide itsu bilakatzen delako. Horrez gain, gure eskualdearen muga inguruko errealitatea islatzen duen herritarrentzako pasabide bat etenda geratu da.