“THEATRUM MUNDI” erakusketa berria Oiasso Museoan

Uztailaren 8an “Theatrum Mundi” erakusketa berria estreinatu genuen. “Theatrum Mundi” esamoldea topiko literario bat da, bizi garen errealitatea eszenatoki gisa ikusten duena, non guztiok aktore garen, gure bizitzan zehar gure rolak antzezten. Gure posizioa bizi dugun egoeraren arabera erabakitzen da, gure garrantzia ez da gu garenaren araberakoa, antzezten dugun paperaren araberakoa baizik.

Duela 2.000 urte baino gehiago, Augusto enperadoreak Hispaniako Lusitania probintzian hiri bat sortzea erabaki zuen, astur eta kantabriarren aurkako gerretan merituak egin zituzten soldadu beteranoak bertan ezartzeko. Aukeratutako lekua Ana ibaiaren ibia izan zen, gaur egungo Guadiana ibaia, non Zilarraren Bidea deritzonaren ardatzak penintsula egituratuko baitzuen Hispaniako iparraldean jada bazegoen aberastasun minerala hegoalderantz aterata. Lusitaniako probintzia inperial berriaren hiriburua izango zen kolonia berri hori, eta Augusta Emerita deituko zen, gaur egungo Merida, Augustoren alde merituak egin zituzten soldaduen hiria.

Augusta Emeritako eraikin guztiak erabilgarritasun eta iraunkortasun helburu argiarekin eraiki ziren, horiek baitziren erromatar armadako ingeniarien berezko ezaugarriak. Meridako Zirkoan, Anfiteatroan, Akueduktuetan eta zubietan ikus daiteke haien eraikinen sendotasuna, baina bada eraikin bat artisten berezko edertasunaren nolakotasuna duena. Meridako Antzokia da eraikin hori. 1910ean induskatu zen eta erromatarren garaian hasi eta XX. mendera arte jasandako hainbat birmoldatze eta zaharberritzeren ondoren iritsi da guregana. Joan den mendeko zaharberritze horiek bere izenetik kanpo ez uzteko, ez eta duen iragan greziarra ere, Meridako Antzokian dagoen guztia erromatarren garaikoa dela pentsatu ez dadin, MERIDAKO ANTZOKI KLASIKOA (MAK) deituko diogu eraikin horri, termino horrek bateragarri egiten baititu bere iragan erromatarra, zaharberritze modernoak, eta Meridako Antzerki Klasikoaren Jaialdietan gaur egun duen erabilera.

Meridako Antzoki Klasikoaren Arkitektura, eszenatoki bizi eta unibertsal gisa, 2.000 urte baino gehiagoko antzintasunarekin, antzoki eraikinen arketipo arkitektonikoa zen erromatarren garaian. Gugana iritsi diren aztarna arkeologikoen kalitateak eta benetakotasunak, zaharberritzeetan asmatu izanak, aukera ematen digu Meridako Antzerki Klasikoaren Jaialdietan erromatar espazioaz gozatzeko.

Historialarientzat beharrezkoa zen antzoki hori erromatar garaian nolakoa zen jakitea, garai hartako deskribapen literarioak ez baitziren hurbiltzen ez formaren ez espazioaren interpretaziora. Esan ohi da esplika daitekeenak ez duela merezi margotzea, ez da gauza bera esatea MAKek oihal bat zuela edo marraztuta ikustea. Zaila da bere jatorrizko irudia imajinatzea, Venus Miloskoa besoekin imajinatzea kostatzen zaigun bezala. Beste horrenbeste gertatzen da gure antzokian ere, zaila da onartzea atzealdeko horma adreiluzkoa zela, gorriz estukatua, edo egurrezko sabaia zuela. Material suntsigarri horiek guztiek ezin izan diote eutsi bi mila urteko historiari, baina izan zirenaren arrastoak utzi dituzte, eta, hala, aldatu egiten da gure erretinan grabatuta dugun harri-irudia, luxuzko eta egiazkoago beste baten alde, dekorazioz eta kolorez betea. Antzokiaren goiko aldeak errazago hondatzen dira, fenomeno meteorologikoek zuzenean eregiten dietelako eta haietan eraikuntza materialak arpilatzea errazagoa delako. MAKen zatirik handiena lurperatuta egon da, eta zailagoa da lurperatutako harlanduak arpilatzea agerian daudenak baino. Hondatze egoera hori okerragotu egiten da, estalkiak zurez, sokaz eta abarrez eginak direlako, granitoa eta harmailen hormigoia baino material suntsikorragoak baitira horiek. MAKen galdutako elementu batzuek aztarnak utzi dituzte, baina goiko aldeetan aztarna horiek galdu egin dira, nahiz eta beste antzoki erromatar batzuetan mantendu. Erakusketako irudietan berreraiki da nolakoak ziren eta nola eragiten zuten MAKen agertutakoaren arabera, haien formak inguruan eraikitako beste antzoki batzuekin alderatuta.

Hobeto ezagutzen badugu, hobeto baloratuko dugu bitxi arkitektoniko hau. Hiru mailatan antolatu da erakusketa:

1. Beheko maila, egungo errealitatearen eta zaharberritze desberdinen planoekin.

2. Erdiko maila, hitzen maila da, eta antzokiko guneak eta emanaldiak azaltzen dira bertan.

3. Goiko maila, zentzumenen bidez hautematen diren irudien maila da, eta antzokia erromatarren garaian sortu zenean nolakoa zen erakusten digu.

Erakusketa urriaren 31a arte egonen da gurean, zatoz ikustera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude