Emakumeak eta Oiasso Museoa

Oiasso Museoak 15 urte beteko ditu aurten, eta Irunero egunkariarekin abian jarriko dugun elkarlan honetan, bi ospakizun bateratu nahi ditugu: batetik bere urteurrena eta bestetik martxoaren 8ko emakumeen nazioarteko eguna. Urte hauetan emakumeekiko begirada oso bizia izan du Museoak, hara hor adibide gisa, ahaztezina den Mulieres (2018) erakusketa, edo aurtengo udararako sukaldaritzaren eta transmisioaren inguruan prestatzen ari garen 60 amona erakusketa beste ekimen askoren artean.

Urtero martxoaren 8an emakume esanguratsu bati egiten zaion elkarrizketa argitaratzen dugu. Emakume eragileen ereduak beti dira erakargarriak, eta emakume izatearen inguruko hausnarketari lotuta, haien ahotsa entzutea, beti da interesgarria.

Oiasso Museoaren helburua historia eta arkeologia jaso, ikertu eta partekatzea da. Historiaren parte ere bada emakumeen ikusgarritasunaren garapena, eta hori partekatzea ere gure zeregina da.

Joan den urtean, aktore handi bati egin genion elkarrizketa, arkeologian zaletua dena gainera, eta egun hauetan bere izena gorenean dago, Patria seriearen protagonista izateagatik jaso dituen sariak direla eta. Duela aste batzuk Forqué Saria jaso zuen, handik egun gutxi batzuetara Ane Gabarain eta Elenak berak MiM saria eskuratu zuten Bittori eta Miren beren pertsonaiengatik, eta pasa den astean Feroz Sarietan, berriz ere, Elena Irureta igo zen oholtza gainera aktore onenaren saria jasotzera. Joan den urtean kontatu zuenez, antzerkian egin zuen bere lehen pertsonaia Troyako Helenarena izan zen, Euripidesen Troiarrak lanean, eta muntaia honi esker asko ikasi omen zuen gaur egun oraindik bizirik dagoen giza tragediari buruz. Era berean, gure herriko gatazkak oinarri dituen Patria seriean egindako lan honek sortarazten zion ardurari buruz ere hitz egin zuen, eta pertsonaia hori sortzeko egindako ahaleginaz. Orduan, sariak jasotzean esan bezala, bere lankideak eta seriearen arduraduna den Aitor Gabilondo goratzen zuen.

Urte bete pasa da, Elenari egin genion elkarrizketa hartatik, eta urte zail honen ondoren, erronka berri bat jarri diogu geure buruari, horregatik aurten hainbeste miresten dugun Mary Beard ekarri nahi izan dugu gure orri hauetara: historiagile, ikerlari, irakasle eta idazle ospetsua izateaz gain, Beard andereak emakumeen berdintasunaren alde sutsuki borrokatu du. Ohore handia izan da, bere erantzunak jasotzea, horregatik, Oiasso Museoaren eskutik Irun eta inguruko irakurleekin partekatu nahi ditugu bere hitzak:

OIASSO MUSEOA:  Borroka handia egin duzu emakumeek gizarte honetan posizio justua izan dezaten. Zein unetan gaude? Norantz jarraitu behar dugu borrokan?

MARY BEARD:   Uste dut egoera askoz hobea dela ni txikia nintzenean baino. Sarritan pentsatzen dut nire ama Erresuma Batuko hauteskunde nazionaletan emakumeek botoa emateko eskubidea izan aurretik jaio zela, eta hil zenerako, lehen ministro emakume bat izan genuen. (Egia da ez zela Margaret Thatcherren zalea, baina poztu egin zen emakume bat ikusteaz 10 Downing Streeten). Beraz, aurrerapena egon da, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Oraindik ez dugu soldata-berdintasunik (legedia gorabehera), eta emakumeen ahots- ak oraindik ez dira gizonenak bezala entzuten. Jendea orokorrean ikustea gustatuko litzaidake, emakumeei ‘entzutea merezi’ duela pentsatuz… Jakina, batzuek pentsatzen dute, eta nik neuk zortea izan dut horretan. Baina aurrerapen gehiago behar dugu.

OIASSO MUSEOA:  Askatasunez hitz egiteagatik eta iritzia emateagatik jazarria eta mehatxatua izan da. Zer giza mekanismo, mekanismo sozial, komunikazio-mekanismo, edo…  aktibatu beharko genituzke indarkeria sozial hori neutralizatu ahal izateko?

MARY BEARD:   Ez dakit berehalako irtenbiderik dagoen. Sare sozialak dira une honetan lekurik txarrenak. Arau orokor bat dut: ez esan inoiz sare sozialetan aurrez aurre pertsona bati esango ez zeniokeenik.

OIASSO MUSEOA:   Historian zehar idazle eta sortzaileen mundua ezagutarazi duzu, mundu klasikoko emakumeak, guzti hauetatik zein emakume nabarmenduko zenuke?

MARY BEARD:   Uste dut Margaret Atwoodek aldatu egin duela gizarteak emakumeei oraindik egin liezaiekeenaz pentsatzeko modua. Uste dut, halaber, CHIMAMANDA NGOZI ADICHIEk zoragarri kapsularatu dituela borroka feminista borrokatzeko oraindik dauden arrazoiak.

Argazkiak: Chris Boland

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude