Gure nortasun kulturalaren harrotasun, aitorpen eta errebindikazio/aldarrikapen eguna, Euskadin ia 600 urte daraman historia eta kultura propioa duen herria garelako eta, beraz, lurraldean dagoen mosaiko kulturalaren parte garelako.
Gizarte osoarekin partekatu eta gogoratu nahi dugu egun hau, apirilaren 8a, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna. 1971ko egun horretan, Ijitoen I. Mundu Biltzarra egin zen Londresen, mundu osoko ijito komunitateak bateratzeko eta haien aintzatespena edo errekonozimendua lortzeko. Biltzar hartan adostu zen Djelem Djelem gure ereserki ofiziala izatea, ROM terminoa gure herria izendatzeko, Rom Herria, eta gure bandera.
Bi zerrendarekin, urdina eta berdea. Gure sabaia izan den zerua bezain urdina, belarra bezain berdea, zelaia, gure lurra izan dena, erdian gurpil gorri bat, munduan zehar eraman gaituen gurpila, Indiatik egindako bidea, eta gorria isuritako odolagatik, eta indiar banderaren erradio berberekin, gure jatorria gogoratzeko.
Era berean, gizarte justuagoa, kulturartekoa, askotarikoa eta errespetuzkoa nahi dugu, guztiok parte hartuko duguna eta elkar aberastuko duguna. Gure nortasuna errespetatzen duen eta gainerako pertsonei eskaintzen dizkieten aukera berberak eskaintzen dizkigun gizartea. Gure Romanipen-ari (identitateari) eutsi nahi diogu, eta ijito izaten jarraitu, harrotasunez eta duintasunez. Herri gisa dugun duintasunarekiko, gure kulturarekiko, gure historiarekiko eta aurrez epaitu aurretik ezagutzen den gure nortasunarekiko aitorpena eta errespetua bilatzen dugu. Ijito guztiak ez gara berdinak, eta bidegabeki orokortutako estereotipoak eta aurreiritziak, eta gehienetan gizarte bazterketarekin eta marjinazioarekin lotutako egoeretatik datozenak, min handia egiten digute eta nahi dugun eraldaketan aurrera egitea eragozten digute. Gure historia, kultura eta nortasuna ikusarazten lagunduko diguten jarduerak garatu nahi ditugu, gure errekonozimendua lortzeko oinarri gisa ezagutarazteko.
Horrela, ijito gazte talde batek Gipuzkoan Ijito Gazte Erreferenteen Sare bat sortu eta osatu dugu, hausnarketarako guneak sortzeko, material didaktikoak sortzeko eta ikastetxeetan jarduerak garatu ahal izateko, ijito herria ikusarazteko, eta, horrela, dagoen ezjakintasuna gainditzeko eta aurreiritziak eta estereotipoak ezabatzen laguntzeko. Sare honek lurraldeko zenbait ijito elkarteren babesa eta laguntza du, hala nola Kale Dor Kayiko elkartea, Kera elkartea, Kamelamos Adiquerar, etab.
Ijito erreferenteez hitz egiten dugunean, formakuntza prozesuak burutu dituzten ijito gazteez hitz egiten dugu, eta argi daukagu etorkizunari begira prestakuntzaren aldeko apustua egiten dugula; gizartearekin hainbat espaziotan parte hartzeko gogoa dugu; gure historia, gure kultura, gure prestakuntza eta lan esperientzia partekatu nahi dugu ikastetxeetan ikasten ari diren ikasle ijitoekin eta ijitoak ez direnekin, irakasleekin, hezitzaileekin…
- Ijito Herriaren kultura eta historia ikasle guztiei hurbiltzea eta ezagutaraztea dugu helburu.
- Ikasle ijitoek ikustea beren historia eta kultura kontuan hartzen direla ikastetxean, eta, horrela, beren nortasuna indartzea (Romanipen).
- Ijitoen erreferenteen bidez eredu positiboak erakustea, etorkizunerako prestakuntza eta lan itxaropenak areagotzeko.
- Aurreiritzi negatiboak eta estereotipoak gainditzea.
Ikastetxeetan egiten ditugun jarduerak honako hauek dira: ipuin kontaketak, bideo forumak, komiki didaktikoen irakurketak, parte hartzeko jolasak, motibazio hitzaldiak eta ikasteko pizgarriak. Jarduerak ikasleen adinaren arabera eta beharren arabera zehazten dira.
SASTIPEN THAJ MESTIPEN!
OSASUNA ETA ASKATASUNA!