Erakusketa berria Oiasson: “Erraldoien bizkarren gainean. Euskal arkeologiaren historia”

Maiatzaren 7an erakusketa berri bat iritsi zen Oiasso Museora, “Erraldoien bizkarren gainean. Euskal arkeologiaren historia” izenekoa hain zuzen. Erakusketak euskal arkeologiaren historia errepasatzea dauka hizpide, XVIII. mendean emandako lehen hastapenetatik gaur egun arte. “Erraldoien bizkarren gainean” izenburuarekin, erakusketaren antolatzaileen esanetan, arkeologo haiek eginiko lana errekonozitu nahi da, beren ikerketak direlako gaur egungo ezagutzaren oinarria. Chartreseko Bernard fraideak XII. mendean zioenez, “erraldoien bizkarrera igotako ipotxak gara, urrutikoa ikusteko gai bagara ez da bista ona dugulako, beren bizkarren gainean gabiltzalako baizik”. Gure erraldoietako hiru, Jose Migel Barandiaran etnologoa, Telesforo de Aranzadi antropologoa eta Enrique Eguren geologoa dira, besteak beste, orain dela 100 urte, gaur egun mundu mailan erreferentzia den Santimamiñeko kobazuloa arkeologikoki ikertzeko hautua egin zutenak. Ezin dugu aipatu gabe utzi María Ángeles Mezquíriz doktorea, 1950eko hamarkadan, Nafarroako Museoko zuzendaritza hartu eta erakundea Nafarroako ikerketa arkeologikoen erdigune bihurtu zuen emakumea. Intelektual hauek beren jakinduria beste pertsona batzuei helarazi zieten, eta hauek, aldi berean, gazteago batzuei, gaur egun arte.

Erakusketa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko zenbait museo eta material arkeologiko kontserbatzeko zentroren elkarlanaren ondorioa da: Bilbon dagoen Arkeologi Museoa (proiektuaren koordinatze lanak bere gain hartu dituenak), Arabako Bibat Arkeologia Museoa, Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea eta Oiasso Museoa. Edukiak eta piezen aukeraketa aipaturiko arkeologia zentro hauetako teknikariek burutu dituzte.

Ia hirurehun urtetan zehar egindako ikerketak, gizartean sortzen doazen aldaketa sakonen isla diren kezka eta jakin nahia asetzen saiatu dira. Erakusketan aditzera ematen den bezala, kleroko edo burgesiako kide ziren erudituen arkeologiarako afizioa, XX. mende hasieran iragana ezagutzeko zientzia eta XXI. mendean oraina ulertu eta etorkizuna argitzeko diziplina zientifiko bilakatu zen. Erakusketa bost bloketan banaturik dago. Bertan arkeologiaren bilakaera eta garapena dago ikusgai, bere hastapenetatik, orain mende batzuk atzera, gaur egunera iritsiz. Garai haietatik hona metodo eta ezagutza teknikak aldatuz joan dira, baita arkeologoen generazio ezberdinek iragana aztertzeko orduan planteatu dituzten galderak ere, ikertzaile hauen garaiko kezka sozial eta interesen arabera.

Erakusketa euskal arkeologiak izandako fase ezberdinetan banatuko da, bloke bakoitzak fase horietan aurkitutako material interesgarriak dituelarik erakusgai. Osotara 100 pieza baino gehiago dira eta topaturiko dataren arabera antolaturik daude. Aldi berean, eskaintzen den ibilbide honetan garai bakoitzean ondareak izan duen trataera ere atzeman daiteke. Erakusketari sarrera honako pieza honek ematen dio: Iruñako harresian 2004ko indusketa arkeologikoetan agertutako erromatar ara bat (HEp. 16, 2007, 484). Pieza koroatua dago, oinarrian lau aldetara moldurak ateratzen zaizkio eta ikerlariek K.o. I. mendean datatu dute bertan agertzen den D(is) M(anibus) idazkia aztertu ondoren. Beraz jainko edo jainkosa bati eginiko botozko inskripzio bat izan zen. Ordea, bi mende geroago inskripzioa berrerabili zutela ikusten da, Aelio Attioren omenezko hileta testu bat gehitu bai zitzaion “ex rogatu possuit” formula idatziarekin batera. Esan bezala, ara Iruñako Antzinaroko harresian txertatuta topatu zen. Beraz, ez da kasualitatea ara hau erakusketaren sarrera gisa aukeratu izana, pieza honen ibilbide historikoak eta erakusketak helarazten digun mezuak nolabaiteko antzekotasuna dutelako. Hau da, aipaturiko pieza epigrafikoa beste helburu batzuetarako sortu bazen ere, sendoa eta berria zen beste zerbait sortzeko berrerabili zen: Pompelo hiri erromatarreko harresia, III. mendeko tentsio eta krisi garaiko beharrei erantzuteko eraikia. Ikertzaile eta arkeologoek gauza bera egiten dugu, gure aurrekoek ikertutakoaren bitartez zimendatzen ditugu gure ezagutzak.

Erakusketa Oiasso Museoan irailaren 25a arte izanen dugu. Sarrera doakoa da eta gure ordutegiak honako hauek dira:

-Maiatzaren 31a arte: asteartetik igandera: 10:00-14:00. Ostiral eta larunbatetan arratsaldez ere zabalik: 16:00-19:00.

-Ekainaren 1etik aurrera: asteartetik larunbatera: 10:00-20:00. Igandeak: 10:00-14:00.

Anima zaitez!

Jokin Lanz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude