Kultur aniztasuna gastronomiaren bidez ospatu dute Irunen ‘Su-artean. Gure-artean’ ekimenean

Joan den ostiralean, maiatzaren 22an, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, “Su-Artean. Gure-Artean” ekimena aurrera eraman zen Irungo Erlaitz Mendi Elkartean. Irungo Udalak eta Elkarrekin Kooperatiba Txikiak elkarlanean antolatutako hitzordu berezi honetan, denera 50 bizilagun inguru elkartu ziren, hirian bizi den aniztasuna ospatzeko eta herritarren arteko zubiak eraikitzeko asmoz.

Ekimenaren ardatza afari-merienda bat izan zen, jatorri eta kultura desberdinetako irundarren arteko topagune atsegin bat sortzea helburu zuena. Topaketa honen bitartez, bertaratutakoek elkar ezagutzeko, harreman-sareak jorratzeko eta udalerriko bizitza sozialean parte hartzeko aukera bikaina izan zuten. Era berean, kulturarteko elkarbizitza indartzearekin batera, hainbat jatorritako sukaldaritza-jakintzekin elkar aberasteko balio izan zuen saioak, giro hurbil eta politean.

Gastronomiari dagokionez, dastatutako menuak askotariko tradizioak islatu zituen hiru ataletan banatuta. Lehenengo platera AEK-ko kideek prestatu zuten, Euskal Herrian hain ohikoa eta preziatua den onddo nahaskia baratxuri freskoarekin eskainiz. Bigarren platera eta postrea, aldiz, Familia Laguna programako lau familiek kozinatu zituzten; plater nagusi gisa Marokoko Dajaj Lmhamar gutizia prestatu zuten eta, amaierako gozagarri gisa, Nikaraguako buñuelo tradizionalak zerbitzatu zituzten afariari amaiera borobila emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude