Mendizaleentzako topagunea izaten jarraitzen du Erlaitz Mendi Elkarteak

Erlaitz Mendi Elkartearen jarduerak mendiarekiko eta mendizaletasunarekiko lotura estua duela esan beharrik ez dago, elkartearen izenak argi uzten du eta. Mendiaz gain, euskararen zabalpenak ere arduratzen ditu eta horregatik, Irungo Udalak bultzatutako Kalean Bai egitasmora atxikitako elkarteetako bat da. Beste elkarteen antzera, honetan ere boluntarioen lana ezinbestekoa da urtean zehar proposatzen diren ekintzak aurrera eramateko, Miguel Angel Hernández elkarteko lehendakariak, Raul Osa idazkariak eta Rafa Altube diruzainak gogoratu dutenez.

Miguel Angel Hernández lehendakariak adierazi duenez, “hilero txango bat edo bi proposatu  ohi ditugu”. Urte osoko egitaraua prestatzen dute horretarako. Orain 2026ko egutegia izango denaren azken xehetasunak ixten ari dira, Irungo Mendizaleak, hiriko beste mendizale elkartearekin, uztartzen duten egutegian. “Horrela, ia asteburu guztietan mendiaz gozatzeko planak daude aukeran”, erantsi du Erlaitz elkarteko presidenteak.

Maila guztietako mendizaleentzako ekintzak proposatzen ahalegintzen dira. “Pirinioetara antolatzen diren irteeren zailtasun maila apur bat altuagoa izan daiteke, baina urtean zehar txango errazagoak ere antolatzen ditugu” esan digu Miguel Angel Henándezek. Dena den, Raul Osak aipatu duenez, “irteeraren data gerturatu ahala xehetasun guztiak ematen dira, bakoitzak plana bere gaitasunetara egokitzen ote den jakin dezan, ordu kopuruaren, ibilbidearen edo desnibelaren arabera”.

Ohikoa denez, 2026rako askotariko proposamenak dakartzate. Irteera batzuk hemen inguruan egingo dituzte; Oiartzun inguruan, Ernion edo Aralarren. Bestelako txango handiagoak ere prestatu dituzte: Fuentes Carrionas parke naturalera, Pirinioetara eta Pirinio-aurrera joanez. 2026rako erronka berri bat ere badute: irteera handien kasuan, maila horretara iristen ez direnentzako bigarren aukera errazago bat eskaintzen saiatzea, mundu guztiak mendiaz gozatzeko aukera izan dezan. Elkarteak antolatutako ekintzetan parte hartzeko ez da derrigorrezkoa bazkide izatea, baina egia da kideek deskontua dutela prezioan. “Elkartetik federatuta egotea gomendatzen dugu, batez ere, atzerrian egiten diren irteeretarako, seguruaren kontuarengatik”, azaldu du Raúl Osak.

Egun 500 bazkide inguru dituzte, pandemiaren beherakada gainditu ostean; gehienak, Irun eta Hondarribikoak dira. “2026ko irteeretarako izen-ematea irekitzearekin batera, kide berriak batzen zaizkigu beti urteko garai honetan”. Gainera, WhatsApp taldea ere badute eta bertan partaideek ekintza osagarriak bultzatzen dituzte. Guztia, boluntariotzari esker, hori baita elkartearen motorra dena. “Ekintzak antolatzeaz eta horiek aurrera eramateaz arduratzen diren pertsona horiek gabe elkarteak ez luke zentzurik izango”, azaldu du presidenteak.

Menditik haratago

Erlaitz mendi elkartekoek mendizaletasunetik haratago doazen ekintzetan ere hartzen dute parte. Adibidez, Rafa Altubek zera adierazi digu: “Urdanibia plazaren inguruan antolatu ohi diren ospakizunetan aktiboki parte hartzeko ohitura dugu”. Izan ere, Erlaitzek Peña kalean du egoitza, txoko gastronomiko eta guzti. Hura erabili ahal izateko 3 urtez federatzea da betebehar bakarra. Aitzakia horrekin hilero, bigarren ostegunetan bertan biltzen dira pintxo-potea egin, kideen artean taldea sortu eta informazioa partekatzeko.

Gainera, nahi duenak eskuragarri du elkartearen liburutegia, irteerak antolatzeko mapak eta informazioa kontsultatu ahal izateko. Aipatzekoa da, halaber, urtean zehar prestakuntza saioak antolatzen dituztela medizaleentzat interesekoak izan daitezkeen gaien inguruan. Materiala alokatzeko aukera ere eskaintzen dute. Elkartearen harrerak berriz, honako ordutegi hau du: astearte eta ostegunetan 10:30etik 13:00era eta 18:00etik 20:00etara. Beraz, egitasmo eta planik falta ez zaienez, Erlaitz mendi elkartean antolatutako ekintzetan parte-hartzaile kopuruak gora egitea eskatzen diote 2026ari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude