Futbola eta tokiko merkataritza elkartuz: Real Uniónek ‘Área Txuribeltz’ aurkeztu du

Real Uniónek, euskararen sustapenerako Kalean Bai programara atxikitako klubak, ‘Área Txuribeltz’ egitasmoa jarri du martxan, Stadium Gal eta Irungo auzo bakoitzeko merkataritza txikia elkartzeko. Proiektua hobeto ezagutzeko, Igor Emery klubeko lehendakariak eta Hervé Etcheverry idazkariordeak ekimen honek saltokiei eskaintzen dien ikusgarritasuna zein auzoetan sortu nahi den lankidetza sarea bertatik bertara azaldu digute. Horrela, Santiago auzoko esperientzia pilotu arrakastatsuaren ondoren, 15 egunez behin auzo bakoitza etxeko partiduen protagonista bilakatuko da hainbat zozketa, sustapen eta ekintzaren bidez.

Nola jaio zen proiektu hau?

Igor: Batez ere Real Uniónek hirian bertan orain baino presentzia handiagoa izatea nahi genuelako jaio zen. Jakina, guk kluba Irungo eta eskualde osoko Kluba dela uste dugu, baina Irun berak dituen auzo ezberdinetan bizi diren gure zaleengana pixka bat gehiago gerturatzeak hegal horretatik jotzera garamatza. Eta nola egin hori? Auzoko bizilagunei zerbitzua ematen dien merkataritza txikiaren bidez. Egia da badugula gure masa soziala, badugula beste maila batean dagoen eta klubean oso presente dagoen babesle talde bat —zeinari oso eskertuta gauden—, baina urrats bat gehiago egitea zen kontua: merkataritza txiki horrengana ere gerturatzea eta guztiontzako mesedegarria izatea, bai klubarentzat, bai merkatarientzat eta baita gure zaleentzat ere. Eta horrela sortu zen: jendearengana gerturatzeko hausnarketa horretan, euren beharrak eta interesak zein izan zitezkeen ulertzen saiatuz, eta hortik aurrera Real Uniónekin aliantza bat bilatuz.

“Baina Real Unióneko gure zaleak ez dira guztiak Santiagon bizi: Irun osoan barrena bizi dira, auzo guztietan”

Igor Emery, Real Unióneko lehendakaria

Beraz, merkataritza txikiaren eta kirolaren lotura uste baino zuzenagoa dela esango zenuke?

Herve: Bai. Zenbakiei buruz hitz egiten badugu, “familia txuribeltzaz”, familia zuzenaz, ari garenean, klubarekin egunerokotasunean lotura duten 3.000 familia baino gehiago gara. 10.000 herritar baino gehiago dira, eta zeharkako familia kontuan hartuz gero, askoz gehiago. Beraz, jende askorengana iristen gara. Bestalde, batzuetan ikusten ez dugun merkataritza txikia hartzen badugu, azterketa bat egin dugu eta hirian 2.500 enpresa baino gehiago daudela ikusi dugu. Hori guztia, azkenean, elkarrekin erlaziona dezakegun herritar multzo bat da. Beraz, guk zerbait eman genezakeela ikusi genuen, eta gainera merkatarien aldetik ere bazegoen eskaera bat Real Uniónekin elkarlanean aritzeko.

Nola lan egin duzue proiektua martxan jartzeko?

Hervé: Bi hilabetez inkestak egin ditugu merkataritza txikiarekin, euren beharrak zeintzuk ziren eta Real Unióngandik zer espero zezaketen ulertzeko. Hortik, proiektuaren ideia nagusiak atera genituen. Lehenik, Real Uniónek euren komunikazio tresnen bidez ikusgarritasuna eman ziezaiekeela esan ziguten. Ondoren, auzoei lotuta egotearen garrantzia ere helarazi ziguten. Gainera, etengabe gogoraraztzen ziguten Irungo saltokiak direla, baita ere (edo batez ere) Irungo auzo jakin batekoak. Eta, azkenik, klubak mugitzen dituen zenbakiak daude. Aurten, momentuz, 1.500 pertsonako batezbestekoa dugu partiduko; beraz, bide digitalaz gain, fisikoki ere jende asko mugitzen dugu. Ondorioz, hori izan zen abiapuntua eta hortik atera zen Área Txuribeltz proiektua.

Eta zer harrera izan du?

Igor: Auzoz auzo egiten ari gara, partiduz partidu, etxean jokatutako partiduen inguruan antolatuz. Santiagorekin hasi ginen eta orain Oinaurre eta Lapitzera goaz. Behin proiektua martxan jarrita, funtzionamendua eta interesa ikusten joatea da kontua, orain arte egindakoaz bestelako zerbait eskaintzeko, gauza ezberdinen bat.

Lehen auzo protagonista Santiago auzoa izan da. Zer moduz funtzionatu du?

Hervé: Bai, zuzen zaude. Esan genezake lehen urte hau proiektu pilotutzat har dezakegula, ezta? Santiago auzoaren aldetik oso harrera interesgarria izan da: hamar saltokik bat egin zuten proiektuarekin. Komunikazio kontu horretaz guztiaz gain, nola hartzen dute parte saltokiek? Bada, auzo bakoitzari bere txanda iristen zaionean, 15 egun ditu (etxean jokatzen den partidu batekin amaitzen direnak) eta zozketak egiten dira saltoki horietan. Bezeroentzat saski baten zozketa dago. Urte osoan zehar, gainera, Área Txuribeltz-eko saltoki guztietan denboraldiko abonamendu bat irabazteko zozketa dago. Ikusi duguna da jende mordoska batek izena eman duela zozketa horietan, ekimena ikusi dutela, alegia. Eta sare sozialetako ikusgarritasunari dagokionez ere, nahiko pozik daudela jakinarazi digute saltokiek.

Orain hasten den proiektua da, baina etorkizunean irautea du helburu, ezta?

Igor: Bai, proiektua auzo bakoitzaren eremuan ezagutzera ematen joan nahi dugu, auzo bakoitza egongo baita jardunaldi bakoitzean presente. Hirugarren jardunalditik aurrera hasi ginen, Mirandésen aurkako partidua igaro berritan, eta etxean jokatuko dugun partidu bakoitzaren atarian auzo bat egongo da hortxe, agerian. Harrera, esan bezala, handiagoa edo txikiagoa izango da auzoaren arabera. Santiago agian agerikoagoa izan daiteke, hemen ondoan dagoelako. Baina Real Unióneko gure zaleak ez dira guztiak Santiagon bizi: Irun osoan barrena bizi dira, auzo guztietan.

“Futbola gizarte tresna oso-oso garrantzitsua da; adineko jendearentzat zein gazteentzat, eta saltokientzat ere izan daiteke”

Hervé Etcheverry, Real Unióneko idazkariordea

Proiektu hau gertuko merkataritza beherakada garaian dagoela dirudien unean sortu da.

Herve: Bai, azkenean ez baita Galera gerturatzea soilik. Igorrek esaten zuena baino gehiago da: ekosistema bat sortzea. Zailtasunak dituzten zein ez dituzten saltoki horietara jendea mugitzea, izan ere, badira oso ondo funtzionatzen duten saltokiak ere, baina ikusgarritasun handiagoa ematea da kontua, hirian eskaintza handia dagoelako. Beraz, jende gehiago elkarrekin erlazionatu eta uztartu badaiteke eta denok elkarrekin lan egitea lortzen badugu, hortxe izango dugu emaitza: Irun osoan ekosistema hori sortzea.

Jendea garaiz al dago oraindik ekimen honetara batzeko?

Hervé: Noski! Esan dizudan bezala, urte osoan zehar daude zozketak. 15 egunean behin abonamendu bat zozkatuko dugu. Beraz, proiektu honetara batu nahi duen saltoki orok erraz egin dezake bat ekimenarekin. Ekarpena oso oinarrizkoa da: 2,50 € hilean. Oso sinbolikoa da, lankidetza horretarako esparru bat zehazteko soilik balio duena. Baina bai, noski, bat egin nahi duen edonork eman dezake izena, baita ideiak dituen edonork ere, helburua gauza gehiago egitea baita. Finean helburua ekosistema da, ez da irabazi ekonomikorik bilatzen. Esparru bat sortzeko egiten dugu, ezer kostatzen ez bada ez baitago inplikaziorik. Beraz, urtean 30 € horiek bideratzea, aurrera egitea, gauzak sortzea eta futbola aitzakia gisa erabiltzea da kontua. Futbola gizarte tresna oso-oso garrantzitsua da; adineko jendearentzat zein gazteentzat, eta saltokientzat ere izan daiteke. Hortaz, eskura dugun aukera sorta hori pixka bat zabaltzea da asmoa, futbolak eskaintzen digun egokiera hori aprobetxatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude