Juanma Sarasola Murgiak Serapio Múgica Beka irabazi du Irungo baserri, borda, errota eta burdinolen bilakaera historikoa ikertzeko proiektuari esker. Duela 15 urte zaletasun gisa hasitako lan honek Erdi Arotik gaur egunera arte hiri inguru zein mendietan egon ziren eraikinen historia eta argazkiak bildu nahi ditu. Elkarrizketa honetan, informazioaren puzzlea artxiboko dokumentuekin eta hainbat bidelagunen laguntzaz nola osatu duen azaldu digu irundarrak. Horrez gain, herritarrei dei egiten die, 2027ko irailera arte zabalik dagoen epean zehar, etxeko argazki edo testigantza zaharrak ikerketara biltzeko laguntza eman dezaten.
Nolatan erabaki zenuen beka deialdi honetara aurkeztea proiektua?
Beka deialdira aurkeztea izan zen proiektuaren azken txanparako sarbidea. Urte asko eman ditut ikerketa honetan, modu afizionatuan. Lana modu txukun batean argitaratzeko beharra ikusten nuen. Bi aukera nituen, autoeditatzea, aurreko liburuarekin, “Moskuko Urrea” lanarekin, alegia, egin nuen bezala edo bestela instituzio edo argitaletxe baten bitartez. Bekara aurkezteko memoria prestatu nuen.
Hiriko baserri, borda, errota eta burdinolak ikertuko dituzu, ezta?
Bai, aspaldi hasi nintzen, zaletasun bezala, inguruan nuena arretagai gisa hartzen eta ikertzen. Nik etxetik hurbil baserri handi bat nuen lur askorekin eta konturatu nintzen bertan, ez hain aspaldi, 50 metroko erradioan 20 bat baserri izan zirela, San Miguel eta Anaka eremuan. Aitaren aldetik Hondarribitarra naizenez, bertan baserrien inguruan egindako ikerketa txukun bat dagoela ikusi nuen, baina Irunen aldiz ez. Egia da, Josetxo Riofrio Aizpuruak ateratako Irungo Baserriak lana badagoela eta lan oso txukuna egin zuen arren, argazkiak ditu soilik. Hondarribikoa eta beste herri batzuetakoa ikusita, Irunen gai honetan gehiago sakontzeko beharra ikusi nuen. Horrela, pixkanaka artxiboan kontsultak egiten hasi nintzen. Horretaz gain, Anaka Kofradian dabilen Agustin Moratek auzo horretako informazioarekin asko lagundu dit. Beraz, batarekin eta bestearekin pixkanaka informazioaren puzzlea osatzen hasi nintzen duela 15 urte. Zenbait pertsona ezagunekin bilera egin nuen liburua ateratzeko asmoa aurkezteko eta urte hauetan hainbat bidelagun izan ditut informazioa pilatzen laguntzeko. Azken bi edo hiru urteetan argazkigile baten laguntza ere izan dut gaur egun geratzen diren baserrien argazkiak ateratzeko. Azkeneko txanpa honetan, Iñaki Bengoetxea, Ola sagardotegiko nagusi zena, batu zait, mendiko borden ikerketa egiten laguntzeko, erabat desagertu ez daitezen. Denetik izan dut bide luze honetan, aberasgarria izan da, eta beraz, ea emaitza txukuna izatea ere lortzen dugun.
“Aspaldi hasi nintzen, zaletasun bezala, inguruan nuena arretagai gisa hartzen eta ikertzen”
Nola moldatzen ari zara Erdi Arotik gaur egunera arteko bilakaera ikertzeko? Denbora tarte luzea baita.
Gaur egun dagoena jakitea errazagoa da, baina atzera egin beharra zegoen oraindik badagoenaren eta jada ez dagoenaren historia ikertzeko. Kasu batzuetan Erdi Arora arte jo beharra dago eraikinaren sorrera dokumentala aztertzeko, nahiz eta noski, beste asko XVII. mendearen ostean sortu ziren. Beraz, ahalik eta urrunen iristen saiatu naiz. Gainera, kontuan izan behar da baserri batzuek bi eta hiru izen ezberdin izan dituztela historian zehar, eta orduan zaila dela Irunen guztira zenbat baserri izan diren zehaztea, baina nik kalkulatzen dut 400 inguru izango zirela ni aztertzen ari naizen epeetan. Noski, baserrien funtzioa asko aldatu da. Batzuk desagertu egin dira eta beste asko bizileku soil izatera igaro dira, asko jota, baratze txiki batekin. Badira baserriak urbanizazioak ia osorik irentsi dituenak, adibidez, Alatrista, Lapitzen. Askok, garai batean behintzat, lurrak, baratzeak eta larreak zituzten inguruan, baina orain etxebizitzez inguraturik daudenez, ezinezkoa da horietan lurrak ematen duenetik bizitzea. Asko dira egun hiri sarean integratuta dauden baserriak, etxebizitza soil bezala.
Eta zergatik proposatu diguzu elkarrizketa kokapen honetan egitea?
Leku polita izateaz gain, hemen atzean dugu Errotaberri eraikina, duela gutxi berritua izan dena eta garai batean errota izan zena. Eraikina mantendu da eta jendea bizi da, beste hainbat etxetan gertatu den bezala, esaterako, Txikillo edo Larreaundin, jada ez dutelako baserri funtzioa. Bestetik, Beraun jauregia dugu, baserria izateaz gainera, tolarea zuten eta sagardoa eta txanpain-sagardoa ere ekoizten zuten. Horrelako eraikinak ikusita, desagertutako edo itxuraldatutako baserri eta errotak jendearentzat hausnargai bihurtzea lortu nahi dut, hemen aurretik zer egon zen imajinatzeko gai izan daitezen.
“Denetik izan dut bide luze honetan, aberasgarria izan da, eta beraz, ea emaitza txukuna izatea ere lortzen dugun”
Bekara aurkeztutako proiektuak izenburu luze zein berezia du. Zergatik izendatu duzu horrela?
Izenburu apur bat poetikoa jarri nahi izan diot, aurreko liburuan egin nuen bezala, jendearen arreta erakartzeko. “Ikusten duzu goizean” izenburua kantu ezagun baten hasiera da, Joan Batista Elizanburu saratarrak idatzitakoa eta nik adibidez oso gustuko dut Iparraldeko 28 kantarik grabatutako bere lanen antologiako bertsioa. Izenburu aproposa iruditu zitzaidan, naiz eta ez dudan kantuak erakusten duen mundu idilikoa azaltzea bilatzen, errealitatea ez baita inoiz guztiz idilikoa izan. Hortaz, kontraste hori bilatzen nuen izenburu idiliko horrekin, egungo egoeraren eta datorren etorkizun gordinaren arteko hitz-jolas gisakoan.
Erraza izan al da gaia ikertzeko dokumentazioa eta testigantzak topatzea?
Erraza ez, baina bai gustagarria, ordea, lanaren emaitza eskuratu ondoren bereziki. Horretarako hainbat tresna erabili ditut, Irungo Artxiboa tarteko; bai bertara joanda kontsultak egiteko eta baita interneten dituen dokumentuak aztertuz ere. Funts historikoa ere kontsultatu dut, bertan agertzen diren agiriak, planoak eta baserri edo etxeak eraikitzeko edo obrak egiteko baimenak kontsultatzeko. Funts grafikoei dagokienez, oso argazki funts aberatsa lortu dut eta hori ere baliatu dut, baita hainbat liburutatik argazkiak hartuta ere. Jose Mari Castillok ere argazki pilo bat pasatu dit. Argazkietan argi eta garbi ikusten da batez ere nolako aldaketa izan den Irungo paisaian, erabatekoa izan baita, beste toki batzuetan gertatu den bezala.

Zuk topatutako materialaz gain, egin al dezake jendeak bere ekarpenik ikerketa osatzeko?
Bai. Izan ere, ikerketa egin eta entregatzeko epea 2027ko irailean amaitzen da. Gauzak horrela, oraindik badago denbora testigantza berriak jaso edo etxeko ganbaran galdutako dokumentu horien kopia bat egiteko. Eta argazkien kasuan berdin. Egia da, gehiago interesatzen zaidala baserrien kasuan, ez soilik eraikin hutsa agertzea, baizik eta inguruan jendea, abereak, azienda edo baratza agertzea, izan ere beste ukitu bat ematen diote; beste bizitasun bat. Orduan beraz, eskertuko nuke horretarako jendea nirekin harremanetan jartzea. Nahi izanez gero, irungo.urrea@yahoo.com emailera bidali daitezke argazkiak edo dokumentuak.
Eta behin lana eginda, zein izango da honen guztiaren emaitza?
Emaitza liburu bat izango da, baina oraindik ez dakit zein tamainakoa. Espero dut, batez ere, argazkien aldetik, baserri bakoitzaren fitxan bi edo hiru argazki jartzea, lehengoa, oraingoa eta ahal bada eraikineko xehetasunen baten argazkia. Beraz, irudien aldetik muga bat jarri beharko da, noski, baina behintzat hori egin ahal izatea espero dut, liburuak ahalik eta emaitza txukunena eta datu gehien izan ditzan.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



