
Irungo Udaleko Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arretaren arloak jakinarazi du Juanma Sarasola Murgiak irabazi duela Serapio Mugica Bekaren XVIII. edizioa. Egileak “Ikusten duzu goizean… Irungo baserrien historia. Erdi Arotik gaur egun arte” izenburuko ikerketa proiektua aurkeztu du, eta Irunen dauden baserri, borda, errota zein burdinolen garapen historikoa aztertuko du Erdi Arotik gaur egundoraino. Horretarako, dokumentazio-bilaketa sakonaz gain, baserritarren ahozko testigantzak eta irudi zahar nahiz egungoak biltzen jardungo du. Lana amaitu eta entregatu ondoren, “Irunek Historia du” bildumaren barruan argitaratuko da tokiko ondarea zabaltzeko.
Serapio Mugica Beka bi urtean behin deitzen da Gipuzkoako historialari eta artxibozain ezaguna gogoratzeko, tokiko historiaren inguruko ikerketak bultzatzeko eta hiriaren dokumentu-ondarea aberasteko asmoz. 10.000 euroko zuzkidura ekonomikoarekin (% 30 hasieran, % 30 epe erdian eta % 40 amaieran), Estatu osoan bere generoan hobekien ordaindutako lehiaketetako bat da. Deialdi honek askatasun osoa eskaintzen dio ikertzaileari gai zein garaia hautatzeko, betiere Irungo komunitatearen bilakaera historikoa ezagutzen lagunduko duten proiektu original eta argitaragabeen bidez.



