2.300 ikaslek ekin diote Irunen ikasturte berriari

Irailaren hasierarekin batera, eskoara itzuli dira Irungo Derrigorrezko Hezkuntzako ikasle eta beste hezkuntza ziklo batzuetako ikasleak. Irailaren 6tik 11ra bitartean, 2.300 ikasle inguruk hasi dute 2024/2025 ikasturtea hiriko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hamasei ikastetxe publiko eta itunduetan.

Aurten matrikulatutako ikasleetatik 436 Haur Hezkuntzan matrikulatu dira; 1.002, Lehen Hezkuntzan; eta 864, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Aurreko ikasturteetako kopuruen aldean ez dago desberdintasun handirik, beste lurralde batzuetako ikasleak etorri izanak jaiotza kopuruaren beherakada konpentsatu baitu.

Gaur goizean, Cristina Laborda Irungo alkatea, Jon Ugarte Hezkuntzako ordezkariarekin batera, Belaskoenea HLHIn izan da, 2024/2025 ikasturteari ongietorria emateko. Haiez gain, ikastetxeko zuzendaritza taldeko kide eta irakasle batzuek parte hartu dute ekitaldian.

Alkatea Lehen Hezkuntzako ikasleen talde batekin egon da, nola sentitzen ziren jakiteko eta ikasturte berri “zoriontsua” opatzeko. Bide batez, azpimarratu du zer-nolako lana egiten duten Belaskoenea ikastetxeko irakasleek ikasleak beren ibilbide akademikoan gidatu eta laguntzeko.

440.000 euroko hobekuntzak

Alkateak ekitaldi honetan eta aurrekoetan Irungo Udalaren eskumeneko ikastetxeetan egin diren inbertsioak nabarmendu ditu. Hezkuntzako ordezkariak abuztuan iragarri zuenez, aurten, Udalak 440.000 euro jarriko ditu, hiriko lau ikastetxetan lanak egiteko eta, horrela, eraikin eta instalazioak egoera onean daudela ziurtatzeko.

Erosi eta Ikasi Irunen

Irungo Udaleko Hezkuntza eta Hiri Sustapen-en arloetatik gogorarazten dute Irungo dendetan eskola-materiala erosteko familiei zuzendutako ‘Erosi eta Ikasi Irunen‘ laguntzen deialdia irailaren 30era arte egongo dela zabalik. Programaren edizio honetarako aurrekontua 200.000 eurokoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude