Urtero bezala, aurten ere udako hilabeteak aprobetxatu dira Irungo ikastetxeetan hobekuntza lanak egiteko. Bada, uda honetan, Udalak 440.000 euro jarri ditu –azken kreditu aldaketaren esparruan, 15.000 euro jarri zituen patioak egokitzeko azterlanak egiteko–, lau lan egiteko. Ikastetxeen beren eskariz, obrak udako etenaldian zehar eginez, hezitzaile eta ikasle guztien ongizatea bermatzea eta hobetzea lortu da.
Obretako eta Hezkuntzako ordezkari Jon Ugartek gaur goizean emandako prentsaurreko batean nabarmendu duenez, “Irungo ikastetxeetan urtero inbertsioak egiteko konpromisoa hartua du Udalak, horrela bakarrik berma baitezake hezitzaile eta ikasleek irakaskuntzarako baldintza fisikorik onenak izatea”.
Aipatutako kontu sailaz gain, badira 110.000 euro Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eraikinak mantentzeko, 11.000 euro Haurreskolak Partzuergoko bi haur eskolak mantentzeko, eta 10.000 euro udal haur eskolak mantentzeko. Instalazioak mantentzeko, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetarako, 26.000 euro jarri dira; Haurreskolak Partzuergoko bi haur eskoletarako, 2.000; eta, udal haur eskolarako, 500.
Batetik, aipatzekoak dira Dunboa HLHIko Haur Hezkuntzako eraikineko galdara gela eta ur bero sanitarioa metatzeko birzirkulazio sistema eraberritzeko lanak, 170.137,30 euroan esleituak BEZa barne. Zehazki, aerotermia sistema bat instalatuko da bi galdara elektrikoren ordez, eguzki plakak barne, eta erradiadoreak aldatuko dira, behin sistema aldatuta funtzionamendu tenperatura ere aldatuko delako.
Bestetik, aipatzekoak dira Eguzkitza HLHIko hegoaldeko fatxadan eguzki erradiaziotik babesteko sistema pasibo bat eraiki eta instalatzeko lanak, zeinak aurreikuspenen arabera udazkenean tramitatuko diren, eta 2025eko udan egingo 197.861,75 euroan BEZa barne 2024ko aurrekontuaren barruan erreserbatutako dirua erabiliz fatxada gehiegi ez berotzeko. Gainera, ikastetxearekin elkarlanean, haizagailuak instalatu dira, egun beroetan sargori sentsazioa txikitzeko, 4.737,15 euroan.
Era berean, zolagain akrilikoa jarri da Lekaenea HLHIko liburutegian, 6.801,76 euroan, konforta eta zarata maila hobetzeko.
Azkenik, segurtasun soka bat instalatuko da Bidasoaldea HHIn, estalkia mantentzeko lanak egiteko, 5.276,28 euroan.
Erosi eta ikasi Irunen
Hezkuntzako eta Hiri Bultzadako arloek gogorarazi dutenez, martxan dago, irailaren 30era arte, familiek Irungo saltokietan ikasmateriala erosteko laguntzen hamaikagarren deialdia.
Aurtengo ediziorako, 200.000 euro jarri dira, eta parte hartzeko baldintzak iazkoen antzekoak dira:
- Irunen erroldatutako eta Derrigorrezko Hezkuntzan (Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan edo Oinarrizko Lanbide Heziketan) matrikulatutako haurrak dituzten familiek har dezakete parte.
- Ez da beharrezkoa eskabidea aurkezteko epearen barruan faktura originalak aurkeztea: faktura eskaneatuak aurkez daitezke, originala gordetzen bada betiere; izan ere, aurrerago, lagin batzuk hautatu eta faktura batzuk eskatuko dira. Fakturek 2024ko ekainaren 21etik irailaren 30era bitartean datatuta egon beharko dute.
- Eskabideak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, www.irun.org/sede helbidean, Irun Txartela edo sinatze digitalerako baimendutako beste edozein sistema erabiliz.
Diruz lagunduko diren gastuak ere berberak izango dira:
- Idazteko materialak eta material suntsikorrak (arkatzak, boligrafoak, ezabagailuak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, angelu garraiagailuak, rotringak, koadernoak, folioak, material informatiko suntsikorrak)
- Material ez-suntsikorra (paper zorroak; karpeta sailkatzaileak; artxibagailuak; estutxeak; kalkulagailuak; konpasak; motxilak; testuliburuak, Testuliburuen eta Curriculum Materialen Kudeaketa Solidarioa egiteko Programaren barrukoak eta digitalak barne; bereizgailuak)
- Eskolarako beharrezkoak diren jantziak (uniformeak, batak barne; betaurreko edo lentilla zuzentzaileak; Gorputz Hezkuntzarako beharrezkoak diren kirol jantzi eta oinetakoak)
- Arte Hezkuntzako, Plastikako eta Ikusizko Hezkuntzako, Teknologietako eta Musikako eskulanetarako elementuak (argizariak, olioak, pinturak, pintzelak)
- Ikastetxeak zirkular bidez berariaz eskatzen duen beste edozein material
Zenbatekoak, gora
Laguntzen zenbatekoa 160, 125 edo 100 euro izango da, familia unitateko kide guztien errentaren arabera:
- Urtean 27.000 euro gordinetik beherako diru sarrerak dituzten familiek 160 euro jasoko dituzte gehienez ere, 10 euro gehiago orain arte baino.
- Urtean 27.000 eta 39.500 euro arteko diru sarrerak dituzten familiek 125 euro jasoko dituzte gehienez ere.
- Urtean 39.500 eta 52.000 euro arteko diru sarrerak dituzten familiek 100 euro jasoko dituzte gehienez ere.
52.000 eurotik gorako errenta gordinak dituzten familiek ez dute izango laguntzarik jasotzerik.
Honela eskatu ahalko dira ikasmaterialerako laguntzak:
- Sinadura elektronikoa erabiliz (Irun Txartela, Izenpe edo NAN elektronikoa) –sinadura elektronikorik ez dutenek Irun Txartela eska dezakete, www.irun.org helbidean–
- Sinadura elektronikorik ez dutenek, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo 010 / 943505152 telefono zenbakietan kontsulta eginda