Eguzkitza BHIko 4. mailako ikasleek Gipuzkoako Liburu Gaztea booktrailer saria irabazi dute

Liburu Gaztea Booktrailer lehiaketa Galtzagorri elkarteak antolatzen duen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen lehiaketa da. Aurtengo edizioa bereziki arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez, 42 ikastetxek hartu baditu parte, Bizkaian 16 ikastetxek  eta Gipuzkoan 26 ikastetxek. Guztira, 3.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak. 362 booktrailer sartu dira lehiaketan: 357 ikastetxeen kategorian eta 5 norbanakoenean.

Gipuzkoan, Ikastetxeen kategorian, DBH 1-2 multzoan, VIP taldea izan da garaile, Coraline (Elkar, 2019) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Irungo Eguzkitza BHI ikastetxeko taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusiaren eskutik jaso dute irabazleek saria. Iria Moreno, Yolanda Echeverría, Ane Murias eta Sara Gómez izan dira garaileak.

Epaimahaiaren iritzia: “Lan honek ukitu egin gaitu. Bere soiltasuna nabarmendu nahi dugu eta zenbait eszenek gogoan iltzaturik geratzeko duten ahalmena. Gidoia ondo landu dute eta antzezpen lan bikaina egiten dute. Musika oso aproposa da eta muntaia txukuna osatu dute. Ikus-entzunezko baliabideak ez dira gehiegikeriaz erabiltzen, hau da, ez dira liburuaren gainetik jartzen. Istorioaren zertzeladak emateko gai da, booktrailer baten ezaugarri guztiak ditu eta jakin-mina pizten du”.

Egindako lanaren ostean, merezitako sari bikainaz disfrutatzea tokatzen da orain. Zorionak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude