Txingudi Ikastolako ikasleak: “Irunen animalien alde zer egiten den ezagutzea gustatu zaigu”

2023-2024 ikasturtean zehar, Txingudi Ikastolako LH5eko haur talde batek animalien gaia landu du, IrunBIXI Haur eta Nerabeen Parte-Hartze Foroaren baitan. Irunen parte hartzearen inguruko lanketa egin dute eta eragileak ezagutu dituzte.

2023-2024 ikasturtean zehar, Irungo bost ikastetxek IRUNBIXI proiektuan parte hartu dute: Eguzkitza, El Pilar, Lekaenea, Toki Alai eta Txingudi. Prozesuaren hasieran, ikasleek Irunen inguruan zituzten kezkak eta interesak azaldu zituzten, eta parte-hartze dinamiken bitartez urtean zehar lantzeko gaiak aukeratu zituzten. Horien artean, animalien zaintza eta eskubideen gaia izan zen arrakastatsuenetako bat. Osotara, lau haur talde egon dira animalien gaia jorratzen.

Bertan zer egin duten ezagutarazteko asmoz, Alba, Amina, Aner, Ekain, Emma, Naiara, Julen I., Julen L., Nahia, Mara, Rebeka, Uxue E., Uxue K. eta Valerirekin hitz egin dugu, ikasturtean egin duten lanketaren inguruan.

Zergatik animaliak?

Ikasturte hasieran, dinamika parte-hartzaileen bitartez, ikasleek haien intereseko gaiak aukeratu zituzten. “Galdetu ziguten zer gustatzen zitzaigun eta zer ez Irundik, eta zergatik, eta zer interesatzen zitzaigun”, dio Aminak. Amankomunean atera ziren gaiak multzokatu zituzten ondoren, eta arrakastatsuenak aztertu zituzten. Ateratako gaiak irakurri genituen eta gometsekin bozkatu genituen gure gustukoenak, gehitu du Valerik. Hautaketa horretan, animalien gaia izan zen bozka gehien jaso zuenetakoa.

Izan ere, Txingudi Ikastolako ikasleetako batzuk baserri batean bizi dira eta egunero dute harremana animaliekin. Beste askok, animaliak dituzte etxean, edo izateko gogoa dute. Hori guztia erabakigarria izan da gaia aukeratzeko garaian. “Batzuk baserrietan bizi gara edo gure aiton-amonek eta osaba-izebek baserria dute. Gutako beste batzuk animaliak ditugu, eta gustatu zait jakitea nola zaindu behar ditudan nire animaliak”, azaldu du Nahiak.

Nahiz eta haiek animalien gaia landu duten, badakite haien ikaskideek beste gai batzuk landu dituztela: “Elkar ezagutzeko jolasak, elikadura eta dendak, gerrak eta bakea…, hasi da Amina zenbatzen.

Gaiak Irunen lurreratzen

Animalien ongizatea eta zaintza lantzeko, Irunen ditugun baliabide eta eragileen inguruko lanketak egin dituzte. Asko gustatu zait IrunBIXIn parte hartzea, asko ikasi dugulako animalien gauzei buruz eta baita ere Iruni buruz”, azpimarratu du Emmak. “Oso polita izan da, asko ikasi dut eta Irungo jendea ezagutzen duzu. Nik ez nekien Irungo animaliak jasotzeko aterpetxe bat zegoela!, hausnartu du Valerik.

“Niri oso interesgarria iruditu zitzaidan animalien gaia lantzea, katu bat eduki nahi dudalako. Gustatu zait ikastea nola adoptatu daitezkeen animaliak Irunen”, dio Uxuek. Izan ere, otsailean Gure Ametsa – Bi Lagun aterpetxearen bisita izan zuten eta horren inguruan solastu ziren haurrekin. Aterpetxe horrek Irungo kaleetako animalia abandonatuak jasotzen ditu, eta bertan zaindu egiten dituzte norbaitek adoptatu arte.

Gure Ametsa – Bi Lagunen bisita haurrek antolatu zuten. Haiek prestatu zituzten egin nahi zituzten galderak, eta elkarrekin adostu zuten nola elkarrizketatuko zituzten aterpetxeko langileak. “Animalia bat abandonatuta topatzen badugu Irunen zer egin behar dugun jakin nahi genuen, adibidez. Orain badakigu Udaltzaingoari deitu behar diogula eta aterpetxera eramango dutela”, dio Marak.

Animalien eskubideen alde lan egiten duten eragileak ezagutzeak gaiarekiko jakin-mina areagotu du haurrengan: “Aterpetxearen bisitaren ondoren, familiarekin joan nintzen asteburuan, tokia ezagutzera”, dio Julenek.

Beraz, prozesuan zehar ikasi dute. “Animaliak ondo tratatu behar direla ikasi dugu, Irungo animali abandonatuen inguruan hitz egin dugu, animalien lege berria ezagutu dugu”, Amina. Hori ikusarazteko, elkarrizketa bat argitaratu nahi zuten Interneten, eta horregatik idatzi dugu erreportaje hau, haurren ahotsekin.

Ondo pasatzearen garrantzia

Parte-hartze prozesuak helburu ludikoa ere izan du, haurren moduetara egokitutako dinamikekin eta gaiekiko interesa bizirik mantentzeko jarduerekin. Aldi berean jolastu eta ikasi dugu, eta gainera guk aukeratu dugun gai bati buruz”, dio Valerik. “Asko gustatu zitzaidan ikasteko jolasak egitea. ‘Egia ala gezurra’ jolasarekin ikasi genuen animalien eskubideen inguruan. Gutako batek esaldi bat irakurtzen zuen eta besteok asmatu behar genuen egia ala gezurra zen, adierazi du Aminak.

Beste haur batzuei IrunBIXIn parte hartzera animatzen dituzten galdetu diegunean, baiezko borobila erantzun dute guztiek. “Oso dibertigarriak izan dira saio hauek, asko ikasi dugu eta jendea etorri da guri gauzak erakusteko. Ari gara saiatzen jendeak animaliak ondo zaintzea, eta elkarrekin hitz egiten dugu gustatzen zaigun gai bati buruz”, azaldu du Naiarak.

Irungo haurren bozeramaileak

Ikastetxeetan saioak egiteaz gain, ikasturtean zehar bi saio berezi egin dituzte, gai eta ikastetxe bakoitzeko ordezkariekin. Topalekuak izeneko saio horiek Palmera Monteron egin zituzten, eta beste haur eta nerabeak zer lantzen ari ziren ezagutzeko aukera izan dute bertan. Txingudiko talde honen kasuan, Mara eta Valeri izan dira ordezkariak.

Topalekuetan prestatu dute ere IrunBIXIren ikasturte amaierako saio bateratua. Maiatzaren 28an, proiektuari itxiera emateko, Amaia Kultur Zentroan ekitaldi berezi batean parte hartu dute IrunBIXIko haur eta nerabeek. Bertan, Cristina Laborda alkatearekin eta Sergio Alzaga Gazteria Saileko zinegotziarekin hitz egiteko aukera izan dute.

Eskerrik asko, Alba, Amina, Aner, Ekain, Emma, Naiara, Julen I., Julen L., Nahia, Mara, Rebeka, Uxue E., Uxue K. eta Valeri, Irunekin eta animaliekin erakutsi duzuen konpromisoagatik! IrunBIXIn landu duzuena hasiera besterik izango ez dela espero dugu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude